• Navily plataforma digitaleko erabiltzaileek Lekeitioko kirol-portua balorazio onena duten 400 marinetako bat izendatu dute, plataforman erreferentziatutako 15.000 portu baino gehiagoren artean
• Urtero 3.000 atzerriko ontzik eta Estatuko 1.500 ontzik baino gehiagok bisitatzen dituzte euskal kostaldeko portuak
Navily plataforma digitalean erreferentziatutako 15.000 marina baino gehiagoren artean, Lekeitioko portuak “Best Marina 2025” saria jaso du, munduko 400 marina onenen artean sailkatuta.
Nabigatzaileentzako gida nautiko eta mugikorrerako aplikazio ezagunaren erabiltzaileek EKPko langileek eskaintzen dituzten portuko azpiegiturak eta harrera-zerbitzuaren arreta eta kalitatea aitortu dituzte, aplikazioan jasotako marina guztien artean onenetakotzat joz.
“Lekeitioko portuak lortutako aitortza EKPk instalazio moderno, seguru eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko egiten duen lanaren isla da. Gure portuak hobetzen eta igarobideko amarralekuak handitzeko inbertitzen jarraituko dugu, bisitatzen gaituen ontzi bakoitzak tokiko ekonomia suspertzeko eta Euskadi itsas turismoaren helmuga gisa ezagutarazteko aukera ematen duelako”, adierazi du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Gaur egun Lekeitioko portuak igarobideko ontzientzako dituen hamar amarralekuek 586 gaualdi hartu zituzten iaz, eta aurtengo datuak ikusita, aurreikusten da 2026an bisita kopurua berdindu edo gainditu egingo dela. Urtarriletik hona atzerriko ontziek Lekeitioko amarralekuetan egin dituzten 55 gaualdietatik, erdia baino gehiago Frantziatik etorritako ontziei dagozkie; laurden bat Estatuko ontziei, eta gainerakoen artean Suediatik etorritakoak nabarmentzen dira, sei gaualdirekin.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mende dagoen EKP erakunde publikoak kudeatzen dituen kirol-portuetako ia ehun igarobideko amarralekuen multzoan, aurtengo gaualdien datuak aurreko urteetakoen parekoak edo handiagoak dira. Aurreko urteetan 5.000 bisita inguru jaso zituzten atzerriko ontziek portuetan, eta uztaila eta, bereziki, abuztua izan ziren jarduera handieneko hilabeteak; bietan ekaineko sarrerak bikoiztu baino gehiago egin ziren.
Aisialdirako ontzietako tripulazioek portuz portu nabigatzea oporrak gozatzeko gero eta ohikoagoa den modua da. Hala erakusten dute azken bost urteetako gaualdien datuek, ia etengabeko hazkundea izan baita. Gure portuak bisitatzen dituzten pertsonen egonaldiak, jatorriari buruzko datuen arabera, gehienetan bi egunekoak izaten dira, eta batez ere atzerriko bisitariak dira; 2022tik aurrera, Estatuko ontzien kopurua bikoiztu dute.
Bisiten zatirik handiena Gipuzkoako kostaldean egiten da; bertan daude EKPk kudeatzen dituen igarobideko amarralekuen hiru laurdenak. Hondarribiko portua nabarmentzen da, 35 plazarekin; ondoren datoz Mutrikukoa, 16rekin, eta Getariakoa, 11rekin.
EKP erakunde publikoak datorren urtean Bizkaiko kostaldean igarobideko amarralekuen kopurua eta horien azpiegiturak handitzeko ekintzak aurrera eramango ditu, bisitan datozen ontziei eta haien tripulazioei Euskal kostaldeko portu eta herri guztiez gozatzeko aukera errazteko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)