
PRENTSA OHARRA
Lehiaren Zuzenbidean espezializatu nahi dutenei dago zuzenduta. Aurrez aurreko prestakuntza Bilboko Sarriko Fakultatean emango da, ostegunetan, 16:00etatik 20:00etara
BILBOn, 2025eko uztailaren 13an / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Lehiaren Zuzenbideko titulu propioa eskainiko dute lehen aldiz datorren 26/27 ikasturtean. Prestakuntza presentziala astean behin emango da Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Bilbon. Izena emateko epea zabalik dago EHUren webgunean.
Ikastaroa, euren eginkizunak abokatutzan, enpresaren munduan, aholkularitzan, lehiaren organoetan edo administrazio publikoan garatzeko, bai legelari gisa, bai ekonomista edo teknikari gisa, Lehiaren Zuzenbidean espezializatu nahi duten pertsonei dago zuzenduta.
Prestakuntza espezializatu horretan sartzeko, beharrezkoa da Zuzenbideko, Ekonomiako, EAZko edo ekonomiaren eta enpresaren beste arlo batzuetako gradua edo lizentziatura izatea, baina irekita dago, halaber, aurreko graduetako azken ikasmailako ikasleentzat, 225 kreditu gaindituta badituzte, bai eta beste titulazio batzuetarako ere, baldin eta lehiaren arloan esperientzia egiaztatzen bada. Lehen edizio honetan 30 plaza eskainiko dira.
Titulu honen helburua lehiaren zuzenbideko sistema publiko zein pribatuaren ezagutza teoriko eta praktiko sendoa bermatzea da, lurralde-esparru guztietan (Europan, Estatuan eta Autonomia-erkidegoan). 15 ECTS kredituko ikastaroa irailean hasiko da, ostegunero, 16:00etatik 20:00etara, eta ikasketa amaierako lan bat prestatu beharko da.
Batez ere Ekonomia eta Merkataritza Zuzenbidearen arloetan aritzen diren EHUko irakasleez gain, prestakuntza kanpoko profesionalek ere emango dute, hala nola Ainara Herce San Martín Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak eta Noemí Angulo Garzaro idazkari nagusiak. Ekimen horren bidez, Agintaritzak unibertsitate-esparruarekin duen lankidetza indartuko du, lehiaren arloan profesionalen prestakuntza espezializatua sustatzeko xedez.
LEA/AVCri buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.