- Imanol Pradales Lehendakariak gizarte osoari entzuteko, eragile berriak batzeko eta etorkizuneko akordioak eraikitzeko deia egin du, datozen hamarkadetan euskara indartzeko
- Gizartearen, ekonomiaren, kulturaren eta erakundeen arloko 200 ordezkari inguruk parte hartu dute euskarari bultzada soziala emateko Jauzia Gara prozesuaren aurkezpenean
Imanol Pradales Lehendakariak, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, gaur aurkeztu ditu Jauzia Gara estrategiaren jarduera-lerroak. Eusko Jaurlaritzak sustatutako estrategia horren helburua da euskara suspertzeko prozesuari bultzada berri bat ematea eta datozen hamarkadetan bere erabilera soziala etengabe handitzea. Ekitaldiak gizartearen, ekonomiaren, hezkuntzaren, kulturaren, elkarteen eta erakundeen esparruko ia berrehun ordezkari elkartu ditu Bilbao Exhibition Centerren, Herri proiektu gisa sortutako ekimenaren izaera anitza eta partekatua agerian utziz.
Bere hitzaldian, Lehendakariak nabarmendu du euskarak gaur egun dituen erronkek erantzun berrituak eta egungo errealitatera egokituak eskatzen dituztela. Ildo horretan, adierazi du euskararen etorkizuna aurrean dituen erronkei erantzuteko gaitasunaren araberakoa izango dela, eta gogorarazi du ez dagoela erronka horiei bakarka erantzuteko gai den erakunde edo eragilerik. Horregatik, azpimarratu du bidea elkarlanetik eta erantzunkidetasunetik eraiki behar dela.
Pradalesek eskerrak eman dizkie urte eta erdi honetan lanean aritu diren pertsona eta erakunde guztiei beren konpromisoagatik, eta adierazi du Jauzia Gara “prozesu bizia” dela, eta erakundeen, antolakundeen eta herritarren inplikazio bateratuari esker doala aurrera. “Elkarrekin egin behar dugu, edo ezinezkoa izango da”, esan du.
Lehendakariak azken hamarkadetan emandako aurrerapausoak aitortu ditu, baina, aldi berean, ohartarazi du euskarak oraindik presentzia lortu behar duela sozializaziorako eta elkarbizitzarako bereziki garrantzitsuak diren eguneroko esparruetan. Horien artean aipatu ditu aisialdia, kirola, hezkuntza, lan-mundua, ingurune digitala eta Euskadira beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsonen harrera.
Erabiltzeko aukera gehiago sortzeko ekimen berriak
Euskaraz bizitzeko benetako aukerak zabaltzeko helburuarekin, Jauzia Gara estrategiak belaunaldi berrientzat lehentasunezkoak diren esparruetan sustatuko ditu jarduerak.
Aisialdiaren eta kirolaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak Euskarazko aisialdiaren mapa bat jarriko du abian, dauden aukerak eta gabeziak identifikatzeko, eta ‘Plazara!’ programa ibiltaria sustatuko du Euskadiko udalerrietan. Gainera, ekimen berriak garatuko ditu kirol-klubetan euskararen presentzia indartzeko, prestakuntzaren, tresna praktikoen eta federazio eta kirol-entitateekin partekatutako konpromisoen bidez.
Estrategiak 14 urtetik 16 urtera bitarteko gazteen artean euskara ikastea indartzeko programa espezifiko bat ere jasotzen du. Ekimena ikastetxeekin eta HABErekin batera garatuko da, metodologia berriak ebaluatzeko eta emaitza onenak lortzen dituztenak zabaltzeko aukera emango duten proiektu pilotuen bidez.
Lanaren esparruan, ‘LANera’ programa sustatuko da. Programa horrek sektore eta enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako aholkularitza eta baliabideak eskainiko ditu, eta, aldi berean, euskara eguneroko jarduera profesionalean txertatzeko esperientziak eta praktika onak partekatuko dituzten antolakundeen sare bat sortuko du.
Era berean, Jauzia Gara estrategiak arreta berezia eskainiko die beste leku batzuetatik Euskadira iristen diren pertsonei. ‘Ate Berriak’ ekimenaren bidez, euskara ikasteko baliabideetara sarbidea erraztuko da, eta udalekin eta gizarte-entitateekin lankidetza indartuko da hizkuntza inklusiorako eta komunitatean parte hartzeko elementua izan dadin.
“Gure helburua da euskara ez izatea harresi bat, zubi bat baizik, Euskadira iristen denak gure komunitatearen parte izateko beste modu bat izan dezan”, nabarmendu du Lehendakariak.
Gizarte osoari entzutea: Euskararen Ahotsak
Jauzia Gara estrategiaren zutabe nagusietako bat ‘Euskararen Ahotsak’, herritarrek euskararekiko dituzten esperientziak, pertzepzioak eta itxaropenak jasotzeko entzute-prozesu zabala, izango da.
Ekimenak aurreikusten du 600 elkarrizketa baino gehiago egitea eta 12 talde fokal sortzea gizarteak hizkuntzarekin duen harremanari buruzko mapa narratibo bat eraikitzeko. Euskara arrunki erabiltzen duten pertsonek, ikasi dutenek, ulertu arren ia hitz egiten ez dutenek, hizkuntzatik gertu sentitzen direnek eta hizkuntzekiko jarera kritikoak edo urrunagokoak dituztenek parte hartuko dute.
"Euskararen etorkizuna ez dugu euskara bizi garenon artean bakarrik eraikiko. Gure betebeharra da gizarte osoaren ahotsa entzutea”, adierazi du Pradalesek. Helburua da dauden hizkuntza-errealitate guztiak hobeto ezagutzea eta adostasun zabalagoak eta eraginkorragoak sortzea etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
2027ko III. Euskal Mundu Biltzarrerako bidean
Prozesu horren mugarri nagusia 2027an Bilbon egingo den III. Euskal Mundu Biltzarra izango da. Topaketak hausnarketarako eta lankidetzarako nazioarteko gune bihurtu nahi du, ezagutza partekatzeko, esperientziak alderatzeko eta euskararen etorkizunerako oinarri komun berriak zehazteko.
Lehendakariak 1956ko Euskal Mundu Biltzarraren esanahi historikoa ekarri du gogora, sentsibilitate ezberdinen arteko topaleku izan zen aldetik, eta elkarrizketarako eta eraikuntza kolektiborako espiritu hori bera hizkuntza indartzeko gaur egungo erronkara eramateko beharra defendatu du.
Hala ere, adierazi du, biltzarra ez da azken helmuga izango, ibilbide luzeko prozesu bateko mugarria baizik. “Zertarako? Ezagutza partekatzeko, esperientziak uztartzeko eta datozen hamarkadetarako oinarri partekatuak zehazteko”, adierazi du.
Ekitaldiari amaiera emateko, Pradalesek estrategian parte hartzen duten pertsona eta antolakunde guztien inplikazioa eskertu du, eta lankidetza-sarea zabaltzen jarraitzeko deia egin du.
“Euskararen etorkizuna ez dago idatzita. Gure esku dago. Gure ahaleginean. Gure eguneroko hautuetan. Gure ahotan. Beraz, egin dezagun. Eman diezaiogun euskarari behar duen bultzada. Izan gaitezen euskararen pizkunde berriaren belaunaldia. Euskara bizi nahi dugun Herriaren hizkuntza izan dadin”, bukatu du Lehendakariak.
Jauzia Gara estrategiarekin, Eusko Jaurlaritzak entzutean, parte-hartzean, lankidetzan eta erantzukizun partekatuan oinarritutako etapa berri baten aldeko apustua egin du, euskarak eragile berriak bereganatu, espazio berriak irabazi eta aurrera egiten jarraitzeko aukera berriak sortu behar dituela sinetsita.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)