- Imanol Pradalesek deia egin du industria babesteko eta Europako berrindustrializazioaren harira datozen aukerak aprobetxatzeko
- BIEMH – Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 33. edizioa inauguratu du
Imanol Pradales Lehendakaria, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarekin batera, BIEMH – Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 33. edizioaren inaugurazio ofizialean izan da gaur goizean. Fabrikazio aurreratuaren alorreko nazioarteko topaketa nagusietako bat da BIEMH.
Hitzaldian, Lehendakariak goraipatu egin du euskal enpresek nazioarteko merkatuetan 'Made In Euskadi' produktuaren ospea bermatzeko egin duten ahalegina, eta azpimarratu du Euskadik bere burua babestu behar duela etorkizunerako prestatzen den bitartean. Era berean, Pradalesek nabarmendu du euskal enpresek aukera handia dutela Europako berrindustrializazioaren berritasunekin aprobetxatzen badira, eta neurri sendoak eskatu ditu merkatua babesteko, burokratizazioa bultzatzeko, I+G+b indartzeko eta produkzio-ekipoak berritzeko.
Ildo horretan, Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ‘Renove Smart Industry’ programa indartu duela, Euskadiko industria-sarearen modernizazio teknologikoa bizkortzeko. Arreta ETEetan jarrita, haien hazkundea, eskalatzea eta balio-kate estrategikoetan integratzea erraztuko da, eta Euskadin duten lurralde-errotzea sendotu. Fabrikazio Aurreraturako funtsezko teknologiak ditu ardatz programak, Industria Planaren sektore eragileetako bat: robotika, adimen artifiziala edo biki digitalak. Era berean, Pradalesek adierazi du Eusko Jaurlaritzak laster argitaratuko dituen hainbat deialditatik lehena dela hau, eta berrikuntza eta inbertsio produktiboak sustatzeko besteei gehituko zaiela.
Eusko Jaurlaritzak Industria Planaren bigarren Proiektu Eraldatzailea ere jarri du martxan, fabrikazio aurreratuari aplikatutako robotikarena. 50 milioi euro inbertituko dira eta 500 lanpostu berri sortu, Euskadiko industria- eta teknologia-sarea eraldatu eta prestatzeko, eta, hala, jarduera ekonomiko gehiago eta kalitatezko enplegua sortzeko.
BIEMH – Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak sektoreko nazioarteko azoken egutegiari emango dio hasiera, martxoaren 2tik 6ra, Bilbao Exhibition Centren. 34 herrialdetako 1.503 enpresa bilduko dira, eta 3.350 produktu berritzaile baino gehiago aurkeztuko dituzte. Ekimenak 33 edizio eta sei hamarkada baino gehiago beteko ditu eta, hala, makina-erremintako eta fabrikazio aurreratuko eragile nagusientzako erreferentzia globaleko ekitaldi gisa duen posizioari eutsiko dio. Eragile horiek abangoardiako teknologiaren, soluzio integralen eta lankidetza- eta negozio-aukera berrien bila joaten dira.
‘CARPE BIEMH’ izenburupean, edizio honek unea aprobetxatzera gonbidatzen ditu enpresak, bisitariak eta erakundeak, zuzeneko industria- eta teknologia-erakusleihoa eskaintzeko duten gaitasuna indartuta; industria aurreratuan eta ezagutza aplikatuan erreferentziazko Europako polo gisa sendotuko da Euskadi.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)