- Imanol Pradalesek zuzeneko harremana izango du Frantziako eskualdeetako buruzagiekin, interes partekatuak identifikatzeko eta elkarrenganako konfiantza indartzeko
- Frantziako eskualde-ereduari buruz eztabaidatzeko 10 urte geroago: azkenean konfiantza dago eskualdeetan? mahai-inguruan esku hartuko du
Imanol Pradales lehendakaria Parisera joango da bihar, Régions de France elkarteak Frantziako Senatuan antolatutako maila politiko handiko ekitaldi instituzionalean parte hartzeko. Imanol Pradales garrantzi instituzional handiko topaketa horretara gonbidatu dute, Euskadiko autogobernuaren, garapen ekonomikoaren eta lurralde-kudeaketaren eredua ezagutarazteko. Lehendakariak, halaber, Euskadi erreferentzia gisa proiektatuko du Frantzian estatu-ereduari buruz egiten ari den eztabaidan eta eskualdeen eta Estaturik gabeko nazioen etorkizunari buruzko Europako eztabaidan.
Lehen aldia da lehendakari batek Frantziako Senatuan antolatutako jardunaldi batean parte hartzen duena. Frantziako Senatua Frantziako Parlamentuko goi-ganbera da, eta, Nazio Batzarrarekin (behe-ganberarekin) batera, Frantziako botere legegilea osatzen du. Lehendakariak aukera baliatuko du Euskadi eskualdeen arteko lankidetzaren, maila anitzeko gobernantzaren eta lurralde-garapenaren arloan Europako eragile garrantzitsu gisa kokatzeko. Lehendakariak goi-mailako foro horretan izango duen esku-hartzea lagungarria izango da Euskadik Europako eraikuntzan betetzen duen zereginari agerikotasuna emateko eta mugaz gaindiko lankidetzak funtsezko integrazio-tresna gisa duen garrantzia nabarmentzeko.
Era berean, topaketa baliagarria izango da Frantziako eskualdeetako arduradunekin eta Régions de France elkartearekin harreman instituzionalak sendotzeko eta finkatzeko, Frantzian Estatuaren deszentralizazioari eta gobernantza-maila desberdinek betetzen duten zereginari buruzko eztabaida berriz irekitzen eta areagotzen ari denean.
Mahai-ingurua
Jardunaldiak eragile politiko, instituzional eta ekonomikoen ordezkaritza selektibo bat bilduko du (eskualdeetako presidenteak, Régions de France elkarteko arduradunak, eurodiputatuak, enpresak eta abar), eta gogoeta politikoa egiteko, esperientziak trukatzeko eta aliantzak sortzeko gunea izango da. Era berean, Frantziako erreferentziazko komunikabideak izango dira bertan. Esparru horretan, lurralde-ereduaren balantzea eta deszentralizazio-fase berri baten prestaketa ardatz izango dituen 10 urte geroago: azkenean konfiantza dago eskualdeetan? mahai-inguruan parte hartuko du lehendakariak.
Mahai horrek Frantziako lurralde-eztabaidaren inguruko funtsezko profilak bilduko ditu, autonomia handiagoa defendatzen dutenekin hasi eta Estatua eredu federal baten bidez berrantolatzea proposatzen dutenekin amaitzeraino. Testuinguru horretan, lehendakariaren ekarpena bereziki garrantzitsua izango da, euskal esperientzian oinarritutako ikuspegi konparatu bat sartzen baitu, bai autogobernuari dagokionez, bai Frantziako eskualdeekiko mugaz gaindiko lankidetzari dagokionez.
Lehendakaria honako gai hauen inguruan arituko da, besteak beste: Euskadiko autogobernuaren eredua eta eskumen-berezitasuna; Frantziako eskualdeekiko lankidetza-esperientzia eta deszentralizazio-maila desberdinen inpaktua; eta Frantziako ereduaren bilakaera-bideak eskualdeen arteko eta mugaz gaindiko lankidetza indartzeko.
Ekitaldi instituzionala Régions de France elkarteak antolatu du, NOTRe Legeak bultzatutako lurralde-erreformaren hamargarren urteurrena dela eta. Erreforma horrek lurraldeak bateratzearen bidez Frantziako eskualde-mapa sakonean berrantolatzea eragin zuen, eskualdeei ahalmen ekonomiko handiagoa, dimentsio instituzional handiagoa eta Estatuaren gobernantzan pisu politiko handiagoa emateko helburuarekin. Hala ere, hamar urte geroago, ereduak eztabaidagai izaten jarraitzen du Frantzian. Eskualde batzuek positiboki baloratzen dute eskala eta jarduteko ahalmen handiagoa, baina barne-kohesioarekin eta deszentralizazioaren benetako irismenarekin lotutako erronkak daude oraindik. Testuinguru horretan, gero eta handiagoa da deszentralizazio handiagoa lortzeko aldarrikapena, eskualdeek hainbat sektore estrategikotan (hala nola industrian, trantsizio energetikoan, garraioan edo nekazaritzan) betetzen duten zeregina indartzera bideratua.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)