Imanol Pradales Lehendakariak ‘Euskadiren erronkak eta lehentasunak’ izenburupean Tolosan egin den Uzturre Foroaren hamaikagarren edizioan parte hartu du gaur arratsaldean. Solasaldian, Pradalesek gaur egungo egoerari eta Euskadik eta euskal gizarteak, ziurgabetasunak markatutako nazioarteko testuinguru konplexuan, aurre egin beharreko erronka nagusiei buruzko gogoetak partekatu ditu.
Lehendakariak Jesús Insausti Uzturreren irudia aldarrikatu du, Euskadirekiko, pertsonekiko, askatasunarekiko eta demokraziarekiko konpromisoaren adibide gisa. Euskaltzale, itzultzaile, kazetari, sindikalista eta buruzagi politiko gisa egindako ibilbidea ekarri du gogora, eta bizitza osoan herri honetan, baita egoera zailenetan ere, bai erbestean, bai Euskadin, egindako lana nabarmendu du. Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzen den urtean, Uzturreri eta Euskadiren etorkizunaren alde konpromisotik eta humanismotik lan egin zuen belaunaldi osoari adierazi dio bere esker ona.
Era berean, ohartarazi du iraultza teknologikoak, aldaketa demografiko eta klimatikoek eta konfigurazio geopolitiko berriak markatutako eraldaketa global handiko une bati egin behar diola aurre Euskadik, eta horrek guztiak proban jartzen dituela egonkortasun demokratikoa eta ongizatea. Testuinguru horretan, askatasunean, justizian eta ongizatean oinarritutako Europako ereduan sinesteko eta lan egiteko beharra defendatu du, bai eta jokoan dagoen guztiaz kontzientzia hartzeko beharra ere. Etorkizunari begira, Herriak dituen hiru erronka handi adierazi ditu: eraldaketa ekonomiko-industrialaren bitartez aberastasuna sortzea, ongizate-sistema behar berrietara egokitzea eta euskal nortasuna babestea eta garatzea autogobernuaren bidez. Horiei aurre egiteko, elkarlana, erantzukizuna eta guztion ongia aldarrikatu ditu, Uzturreren adibidea eta Euskadirekin izan zuen konpromisoa berreskuratuz ikuspegi humanista batetik.
Topaketaren helburua egungo testuinguruaren gakoak eta horiek euskal gizartean duten eragina aztertzea izan da, bai eta Euskadik orain eta etorkizun hurbilean bere ahaleginak zein helburutara bideratu behar dituen identifikatzea ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)