- Imanol Pradales Lehendakariak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak MUBIL Mobility Exporen 5. edizioa inauguratu dute. Europako hegoaldean erreferente da, eta 110 enpresak parte hartu dute, gero eta profil industrialagoarekin eta nazioartekoarekin.
Gaur goizean ireki da Ficoban MUBIL Mobility Expo azokaren bosgarren edizioa, Europan mugikortasun jasangarriaren arloan gero eta nazioarteko eta erreferentziazko izaera handiagoa duen azoka industriala. Imanol Pradales Lehendakaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izan dira buru irekiera ekitaldian; aurten 110 enpresa elkartu dira beren azken berrikuntzak, aurrerapen teknologikoak eta etorkizuneko mugikortasunerako joerak adierazten duten proiektuak aurkezten.
Gaur egun bizi dugun ziurgabetasun ekonomiko eta energetikoaren testuinguruan, MUBIL Mobility Expo erakusketak berriz ere agerian uzten du lurraldearen eta, oro har, Euskadiren gaitasun industrial, teknologiko eta berritzaileen beste adibide bat, pixkanaka-pixkanaka mugikortasunari lotutako industriaren eraldaketan aurrera egiten jarraitzeko deia eginez, enpresen, erakundeen eta eragile ekonomikoen arteko lankidetzatik abiatuta. Edizio hau «Eraldatzen duen mugikortasuna» lelopean egingo da, eta digitalizazioak eta berrikuntza teknologikoak bultzatutako mugikortasun jasangarria industrian, erregulazioan, hiri-garapenean eta pertsonen bizi kalitatean sortzen ari den inpaktu ukigarrian jarriko du arreta.
Bere hitzaldian, Imanol Pradales Lehendakariak gogorarazi du azken hilabete hauetan ziurgabetasun globalak kezka sortu duela. Hala ere, konfiantzazko mezu bat helarazi nahi izan dio sektoreari. "Gaur, hemen eta orain, gaitasunak eta indarrak ikusten ditut, sektore oso bat abian ikusten dut, eta abagune bat ikusten dut", nabarmendu du. Era berean, "hobeto egiten ari direnengandik" ikastea proposatu du, eta gogorarazi du Euskadi 2030 Industria Plana hurrengo urteetarako ibilbide-orria dela, eta bertan Euskadik Europako "Industria Azelerazioko Arloa" izatea lortu behar duela.
"Autogintzak, esaterako, 38.200 lanpostu sortu, eta 24.800 milioi fakturatzen ditu Euskadin. Asko dugu jokoan. Eta Herri bezala asmatu behar dugu. Teknologiak eskaintzen dizkigun aukera guztiak aprobetxatu ditzakegu, dogmatismorik eta aurreiritzirik gabe: erregai sintetikoak, bioerregaiak, elektrifikazioa, edota hidrogenoa. Baina garbi eduki behar dugu bideak ez duela atzera bueltarik. Mugikortasun adimentsua eta jasangarria dela etorkizuna. Eta lasterketa honetan, orain dela Herri aurreratuen artean kokatzeko unea", adierazi du Lehendakariak.
Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak adierazi duenez, MUBILek eta Ficobak antolatutako azoka mugikortasun jasangarri eta adimendunarekin lotutako enpresa, teknologia zentro, entitate eta erakundeetarako "elkargune eta lankidetza erreferentzial" gisa sendotu da azken urteotan. "Aurten ere, gure industria sareak Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasunaren sektoreko eraldaketaren punta-puntan kokatzeko dituen gaitasunak eta erabakitasuna erakusten ditu azokak. Aukera bikaina da sinergiak sortzeko, lankidetza sustatzeko eta Europarekiko loturak indartzeko, gure mugetatik kanpo datorren gero eta parte hartzaile gehiago baititugu”, aiderazi du Mendozak.
Azokaren irekieran, lehendakariaz eta diputatu nagusiaz gain, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Cesar Gutierrez MUBILeko zuzendari nagusia eta mugikortasun jasangarriaren ekosistemari lotutako beste erakunde eta enpresa batzuetako ordezkariak ere izan dira.
MUBIL Mobility Expo Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren azoka profesionalaren bosgarren edizioa gaur eta bihar (martxoak 25 eta 26) izango da Ficoban. 2018an lehen aldiz antolatu zenetik, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren balio kate osorako erreferente bihurtu da azoka, eta hazkunde jasangarria eta heldutasun nabarmena erakutsi ditu. Guztira 110 enpresa eta erakundek aurkeztu dituzte beren produktuak, zerbitzuak eta azken berrikuntzak: automobilgintzako enpresak, ekipamendu elektrikoa, bateria fabrikatzaileak, energia hornitzaileak –elektrikoa, petrolioa, gasa eta hidrogenoa–, azpiegitura eta sare enpresak, zerbitzu integratzaileak, konektibitate enpresak, adimen artifizialekoak eta Big Datakoak, erakunde publikoak eta flota operadoreak. Parte-hartzaile guztietatik, % 16 nazioarteko enpresak dira, batez ere Frantziakoak, Alemaniakoak eta Herbeheretakoak; % 40, berriz, Estatuko gainerako lurraldeetatik datoz, eta % 44 EAEtik.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)