Lehendakariak azpimarratu du Euskadik funtsezko zeregina duela Europaren etorkizun industriala bizkortzen laguntzeko, eta lankidetza-espazioak eskatu ditu

Argitalpen-data: 

  • Imanol Pradalesek ohartarazi du Euskadik “ausardiaz” aurre egin beharko diola eta “inteligentziaz” kudeatu beharko duela nazioarteko egungo ziurgabetasun agertokia
  • “Gure bazkideak zarete nazioartean eman nahi dugun jauzian, Euskadi ezagutzera ematen baituzue eta erabat eraldatzen ari den mundu honetan aukera berriekin konektatzen baikaituzue”, adierazi dio lehendakariak kidego kontsularrari

Imanol Pradales Lehendakariak gaur ohartarazi du Euskadik “ausardiaz garaitu, adimenez kudeatu eta erabakigarritasunez gainditu” beharko duela nazioarteko gaur egungo ziurgabetasun-egoera. Bere ustez, egoera zail horrek elkarlana, konpromisoa eta koordinazioa ahalik eta gehien sustatzera behartuko gaitu, hazten jarraitzeko eta Euskadiri Europako etorkizun industriala bizkortzen laguntzeko dagokion funtsezko papera jokatzeko. “Horregatik, Europan erabakiak hartzeko eta lankidetzan aritzeko espazio propioak eskatzen ditugu”, berretsi du. Ildo horretan, Lehendakariak aldarrikatu du Euskadik Europako funts berriak kudeatzeko agintaritza izan behar duela, eta, aldi berean, Europan Industriaren Azelerazio Eremu izendatu behar dela, besteak beste.

Lehendakariak gaur eguerdian Ajuria Enea Jauregiko Elkargunean egin den ekitaldian Euskadin akreditazioa duten kidego kontsularraren ordezkariei egindako harreran egin ditu gogoeta horiek. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia izan dira. 

Imanol Pradalesek Kidego Kontsularraren ordezkariek eguneroko lanaren bidez Euskadiren enbaxadore gisa betetzen duten paper garrantzitsua nabarmendu du: “Gure bazkideak zarete nazioartean eman nahi dugun jauzian, Euskadi ezagutzera ematen baituzue eta erabat eraldatzen ari den mundu honetan aukera berriekin konektatzen baikaituzue”, adierazi die.

Aukera horiek posible dira, jarraitu du Lehendakariak, espezializazioaren potentzialari, berrindustrializazioari, baliabideen kudeaketa egokiari eta Europako proiektuaren zilegitasuna indartzeari esker; izan ere, “bide posible bakarra dago: nazioarteko ordena multilaterala eta arauduna berregitea eta demokrazian sakontzea”, esan du.

“Euskadin argi dugu Herri gisa hazten jarraitzeko, nazioarteko testuinguruan hazten jarraitu behar dugula, eta herrien arteko harremanak ulertzeko modu hori partekatzen duten guztiekin loturak estutuz egin behar dugu. Eta horrek, ezinbestez, beti sinetsi izan dugun Europara eramaten gaitu”, esan du. 

Horregatik, bere ustez, Europak bere Oinarrizko Eskubideen Gutunean jasotako ondare humanistari eutsi behar dio, eta, horretarako, beharrezkoa da autonomia –estrategikoa eta politikoa– handiagoa izatea inolako mugarik ez dutela uste duten potentzien aurrean; behingoz karga eta beto guztietatik libratzea arintasun falta gogor zigortzen duen nazioarteko testuinguruan; bertako industria babestea eta berriro munduko abangoardia ekonomiko eta teknologikoan kokatzeko aldaketak bultzatzea; eta bere segurtasuna bermatzea hirugarrenekiko mendekotasun energetiko, finantzario edo militarrik gabe.

“Asmatzeko eta azeleratzeko unea da. Eta Euskaditik gure gaitasunak gure etorkizuna jokoan jartzen duen erronka horren zerbitzura jartzen ditugu. Funtsezkoak gara espezializazioaren potentzialaz baliatzeko, berrindustrializaziorako eta baliabideak behar bezala kudeatzeko, bai eta Europako proiektuaren zilegitasuna bertatik bertara indartzeko ere. Horregatik eskatzen ditugu Europan erabakiak hartzeko eta lankidetzan aritzeko espazio propioak. Gaur berriz aldarrikatzen dugu Euskadi Industriaren Azelerazio Eremu izendatzea, Europako funts berriak kudeatzeko agintaritza gisa aitortua izatea eta Atlantikoko Makroeskualdeari behin betiko bultzada ematea. Hori guztia, euskarari dagokionez, Europako erakundeetan hizkuntza ofizial gisa aitortuz”, esan du amaitzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)