Lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxea ARCO Madrilera joango da euskal artearen sektorea babestera eta haren nazioarteko proiekzioa indartzera

Argitalpen-data: 

ARCO_2025.jpeg

Martxoaren 5ean Euskal Arte Sistemako artista eta eragileekin topaketa egingo da 14:00etan IFEMAko ARCO Fundazioa Aretoan

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea aste honetan ARCO Madrid arte garaikidearen nazioarteko azokan izango da, euskal artearen sektorea babesteko eta nazioarteko arte panoramako topagune nagusietako batean haren presentzia indartzeko.

Urtero IFEMAn egiten den ARCO Madrid azokak mundu osoko galeriak, artistak, bildumagileak, komisarioak eta artearen arloko profesionalak biltzen ditu, eta Europako arte garaikidearen erreferentziazko azoketako bat da.

Madrilen egingo duen egonaldian, lehen lehendakariordeak ARCO azokan dauden euskal ekosistema artistikoko artista, galerista eta eragileekin topaketak izango ditu, baita kultura erakundeetako arduradunekin ere. Agendaren helburua sektorea laguntzea, haren nazioarteko ikusgarritasuna indartzea eta arte garaikideak Euskadiren mundurako proiekzio kulturalerako tresna gisa duen balioa azpimarratzea da.

Testuinguru horretan, martxoaren 5ean, 14:00etan, ARCO Madrilen Euskal Arte Sistemako artista eta eragileekin topaketa bat egitea aurreikusi da, sektorearen erronkei eta euskal ekosistema artistikoa indartzeko aukerei buruzko gogoetak partekatzeko. Topaketa horretan sortzaileak, galeristak, bildumagileak eta arduradun instituzionalak elkartuko dira, artisten garapen profesionalari, eragileen arteko lankidetzari eta euskal artearen nazioarteko proiekzioari buruzko elkarrizketa gune batean.

ARCOra joango dira, halaber, Kultura sailburuordea Andoni Iturbe eta Kulturaren Sustapeneko zuzendaria Ana López Asensio, baita Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Irene Larraza ere, euskal arte ekosistemako beste ordezkari instituzional eta eragile batzuekin batera. Horiek guztiek ferian zehar egingo diren hainbat topaketa eta jardueratan parte hartuko dute.

AGENDA

Martxoak 4, asteazkena

  • 18:30 – Bengoetxea lehendakariordeak Esther Ferrerren erakusketa bisitatuko du, Moneta eta Zigiluaren Fabrika Nazionalean (Madril).

Martxoak 5, osteguna

  • 10:00 – Bengoetxea lehendakariordeak Alejandro Garmendiaren erakusketa bisitatuko du Villa Magdalena galerian (Madril)
  • 11:00 – Bengoetxea lehendakariordeak Ana Laura Aláezen erakusketa bisitatuko du, The Ryder galerian (Madril).
  • 12:00 – Bengoetxea lehendakariordeak Asier Mendizabalen liburuaren aurkezpenean parte hartuko du, Lawrence liburu-dendan (Madril).
  • 14:00 – Bengoetxea lehendakariordeak euskal arte sistemako ordezkariekin topaketa egingo du, ARCO azokan (IFEMA).

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)