Lansaioa Itourbask Sarearekin

Argitalpen-data: 

cascada-gujuli.jpg
  • Saioa 2026ko martxoaren 11n (asteazkena) egingo da, eta Araba eta Bizkaia artean Gorbeiako Parke Naturaleko gunerik nabarmenetako batzuk zeharkatuko ditu.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Gorbeia Helmuga Turistikoarekin lankidetzan, lan-jardunaldi bat antolatu du Udal Turismo Bulegoetarako (Itourbask Sarea), turismo-informazioarekin eta -sustapenarekin lotutako hainbat ekintza planifikatzeko. Bertan parte hartuko dute Clara Navas Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako langileek eta Itourbask Sareko bulegoetako teknikariek.

Lansaioa 9:30ean hasiko da, Ondategin dagoen Zigoitiko Zentro Soziokulturalean. Itourbask programa aurkeztuko da eta Gorbeia Helmuga Turistikoa azaldu; Arabak eta Bizkaiak partekatzen duten lurraldearen eskaintza turistikoa elkarrekin aurkeztuko dute.

Aurkezpenaren ondoren, parke naturalaren inguruko gune enblematikoenetako batzuk ezagutzeko ibilbidea egingo dute parte-hartzaileek. Hasteko, Oroko Andre Mariaren Santutegia bisitatuko dute, Gorbeiako Parke Naturaleko begiratoki ezagunenetakoa, “Arabako Balkoia” izenekoa. Zuiako bailararen eta Arabako Lautadaren bista zabalak ikus daitezke bertatik.

Ondoren, Sarrian (Zuia) Gorbeiako Parke Naturaleko Interpretazio Zentrora joango dira, eta bertan Parketxea eta bertako ingurune naturala ezagutuko dituzte. Zentroko zenbait gune bisitatuko dituzte, baita Sarriako pagadi motza eta parke naturalaren barruko ibilbideei buruzko informazioa ematen duten interpretazio-seinale berriak ere.

Eguna amaitzeko, Goiuriko (Urkabustaiz) Gujuli ur-jauzia bisitatuko dute. Urkabustaizko ur-jauzi ikusgarrienetako bat da, 100 metro baino gehiagoko jauzia du eta leku naturala da, euskal tradizio mitologikoari ere lotua. Fam Trip programa amaitzeko, Murgiako Turismo Bulegoa bisitatuko dute.

Bisita horien bidez, turismo-sektoreko profesionalek Gorbeia helmuga turistikoaren elementu erakargarrienak ezagutuko dituzte, haien natura-, kultura- eta paisaia-ondarearen balioa azpimarratuko da, hala Euskadin naturako turismo-helmuga gisa duten posizionamendua sendotzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)