- Lankidetza deszentralizatuaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko gunea izango da urriaren 22ko topaketa. Erakunde publikoetako, GGKEetako eta nazioarteko adituak bilduko dira, egungo testuinguru globalak lankidetzari planteatzen dizkion erronkei eta aukerei buruz eztabaidatzeko.
eLankidetza-Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Lankidetza Deszentralizatuaren Topaketa antolatu dute urriaren 22rako, Donostiako Miramar Jauregian. ‘Elkarrekin eraginez, mundua eraldatuz’ lelopean egingo da, eta bertan izango dira, besteak beste, Javier Cortések, eLankidetzako zuzendaria eta Nerea Uriarte Euskadiko GGKEen Koordinakundeko lehendakaria. Izen-ematea zabalik dago.
Topaketaren helburua da lankidetza deszentralizatuaren balioa azpimarratzea eta administrazio publikoen, gizarte antolatuaren eta nazioarteko eragileen arteko elkarlana indartzea. Jardunaldiak aukera emango du egungo testuinguru globalari buruzko gogoeta partekatua egiteko, bai eta etorkizuneko erronkei erantzuteko proposamenak eta esperientziak elkarbanatzeko ere, ekintza humanitarioaren nahiz garapen humano jasangarriaren aldeko konpromisoa berrituz.
Egitaraua: erronkak, ikuspegiak eta esperientzia eraldatzaileak
Topaketan zehar, lankidetza deszentralizatuaren egungo egoera eta etorkizuneko aukerak izango dira hizpide. Besteak beste, honako gai hauek landuko dira:
- Lankidetza deszentralizatuaren zeregina nazioarteko testuinguru berrian.
- Sektoreak aurrean dituen erronka politiko, sozial eta ekonomiko nagusiak.
- Espazio zibikoaren egoera eta ekintza humanitarioaren erronkak.
- Nazioarteko agenda eta arkitektura multilaterala.
- Lurralde eta erakunde ezberdinek bultzatutako esperientzia eta praktika eraldatzaileak.
Horretarako, tokiko eta nazioarteko adituak, erakunde publikoetako ordezkariak eta garapenerako lankidetzan diharduten eragileak bilduko dira jardunaldi osoan zehar.
Besteak beste, parte hartzaileen artean izango dira Pedro Carceller (Valentziako Generalitatea), Nerea Basterra (Oxfam Intermón), Natxo Rodríguez (Bizkaiko Foru Aldundia), Tamara de Gracia Romero (Mugarik Gabe), Cristina Churruca (Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua, Deustuko Unibertsitatea), Karlos Pérez de Armiño (Hegoa Institutua, EHU), Aran Acha (UN Etxea), Aitor Pérez (ECOPER), Issoufou Soumana (DIKO GKEa), Maiteder Sasieta (Garabide), Ana Cristina Blasco-Serrano (Zaragozako Unibertsitatea) eta Juanma Balerdi (Euskal Fondoa).
Jardunaldiaren amaieran, GGKEen Koordinakundeen Estatuko Topaketari hasiera emango zaio, lankidetzaren aldeko adierazpen bateratu batekin. Horren inaugurazio-hitzaldia Jon Sarasuak eskainiko du.
Izen-ematea zabalik
Lankidetza deszentralizatuaren orainaz eta etorkizunaz hausnartu, esperientziak partekatu eta aliantzak indartzeko hitzordua izango da Donostiakoa. Topaketan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Horretarako, mezu bat bidali behar da helbide elektroniko honetara: teknikaria@ongdeuskadi.org. Lankidetza deszentralizatuaren etorkizuna eraikitzeko eztabaida eta proposamen kolektiboetan parte hartu nahi duten pertsona, erakunde eta eragile guztiak gonbidatuta daude.