Kultura, Euskara eta Kirolerako baliabide zuzenak % 32 hazi dira legegintzaldian, eta saila 442,8 milioi eurora iritsiko da 2027an

Argitalpen-data: 

Kultura_Botzordea_Aurrekontuak.jpg
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordea: "Komunitate gisa geure burua ezagutzeko aukera ematen diguna zaindu eta indartu behar dugu. Nortasuna ere ongizatea delako"
  • 2027ko aurrekontua % 7 handiagoa da 2026koa baino, eta sailaren historiako handiena da. Euskara da gehien hazten den arloa: 105,1 milioi (% 12,4 gehiago), euskararen ezagutzan eta erabileran jauzi kualitatiboa emateko. Kulturak 93,2 milioi izango ditu (%7,4 gehiago), eta kirolak, 15 milioi.
  • Proiektuen artean nabarmentzen dira Euskadik 2028ko Veneziako Bienalean izango duen presentzia propioa, Biarritzeko Zentro Koreografiko Nazionalarekiko lankidetza, Goi Mailako Kirolaren Euskal Zentroa (Getxo), Irun-Txenperenea kirol-proiektua eta kultura-azpiegitura handiei urteurrenetan egingo zaien aitortza, hala nola Guggenheim Bilbaori (30 urte) eta Artiumi (25 urte), besteak beste.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean bere sailaren 2027ko aurrekontua: 442,8 milioi euro, % 7 gehiago, Sailaren historiako handiena. Langile-gastuak kontuan hartu gabe, kulturarako, euskararako eta kirolerako baliabide zuzenak % 32 hazi dira legegintzaldian. "Egiturak indartzen ari gara, profesionalei laguntzen eta aukerak zabaltzen, kultura, euskara eta kirola pertsona gehiagorengana irits daitezen. Hori ere Euskadiren ongizatean eta etorkizunean inbertitzea da", azpimarratu du Bengoetxeak.

Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria ere izan dira agerraldian.

% 32 gehiago legegintzaldian

Sailaren aurrekontuak etengabe egin du gora legegintzaldi honetako hiru ekitaldietan: 2024ko 369,4 milioietatik 2027ko 442,8 milioietara igaro da. Langile-gastuak eta EITBren ekarpena kenduta, Kulturara, Hizkuntza Politikara eta Kirolera bideratutako baliabideak % 32 hazi dira. "Oso hazkunde esanguratsua da, eta politika publikoak garatzeko eta gure kultura-, hizkuntza- eta kirol-ehuna indartzeko gaitasun handiagoa ekartzen ari da", adierazi du lehendakariordeak. Adibide gisa:

  • % 56 gehiago arlo artistiko profesionalen deialdietarako: 12 milioitik 20 milioira igaroko dira 2027an.
  • % 36 gehiago HABEren bidez euskara ikastearen doakotasunerantz aurrera egiteko.

 

 

 

Kultura: sorkuntza, industria eta proiekzio gehiago

Kultura arloak 93,2 milioi euro izango ditu 2027an (% 7,4 gehiago). Kultura Sustatzeko programak 53,8 milioi izango ditu (% 10,2 gehiago), 2026an baino 4,9 milioi gehiago, eta sektore profesional guztiek baliabide gehiago izango dituzte.

Ikus-entzunezkoa izango da gehien haziko den sektorea: 16 milioi (% 17,5 gehiago), eta 25 milioira iritsiko da EITBren ekarpenarekin. 12 milioi izango dira ekoizpenerako, euskarazko ekoizpenei protagonismo berezia emanez, eta bi deialdi berri egingo dira zinema-aretoetarako eta laborategietarako. Zinemaldiak 1,75 milioi izango ditu (300.000 euro gehiago) bere 75. urteurrenean.

Musikak 15,5 milioi izango ditu (% 8,6 gehiago), eta arte eszenikoek, 4,5 milioi (% 12,2 gehiago). Kultura tradizionalak (abesbatzak, euskal dantzak eta bertsolaritza) milioi bat jasoko du (% 20 gehiago).

Kultura-ondareak 39,4 milioi izango ditu (% 3,9 gehiago), eta horietatik 20,4 milioi Euskadiko Museoen Sistemara bideratuko dira. Kultura Ondarea Digitalizatzeko Laborategi Esperimentala bultzatuko da, Teknikerrekin lankidetzan, eta aurrera egingo da Arte Ederren Museoaren handitzean eta Miramar Jauregiaren (Donostia) eta Principal Antzokiaren (Gasteiz) birgaitzean.

Euskara: jauzi kualitatiboa ezagutzan eta erabileran

Hizkuntza Politika arloak 105,1 milioi euro izango ditu (% 12,4 gehiago); hazkunde hori Sailaren batez bestekoa baino % 77 handiagoa da. HABEk 69,6 milioi jasoko ditu (% 8,9 gehiago), ikaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko, euskaltegiak finantzatzeko eta irakasleen baldintzak hobetzeko.

Jauzia Gara prozesuak 26,9 milioi izango ditu euskara lanera, aisialdira eta bizitza garatzen den esparruetara eramateko. Nabarmentzekoak dira lan-mundurako 6,26 milioiak (LANERA, LanHitz, Bikain), Aisialdia proiektuaren 1,87 milioiak eta Ate Berriak programa, euskara migratzaileengana hurbilduko duena. Gainera, III. Mundu Biltzarra antolatuko da, eta 11,7 milioi bideratuko dira euskarazko hedabideetara, 2,6 milioi hizkuntza-teknologietara eta 1,5 milioi Euskaltzaindiara.

Kirola: Euskadi aktiboagoa, osasungarriagoa eta nazioarteko proiekzioa duena

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloak 15 milioi euro izango ditu (hazkunde garbia: % 8,1). Goi mailako kirolak 4,6 milioi jasoko ditu (% 13 gehiago). 4,5 milioi (% 6 gehiago) bideratuko dira jarduera fisikora, kohesiorako, berdintasunerako eta inklusiorako tresna gisa. Ildo horretan sartzen dira Orbeldiko ur bizietako kanalari eta Irun-Txenperenea proiektuari emango zaien laguntza. Jarduera fisikoaren eta osasunaren sustapenak 885.000 euro izango ditu. Gainera, euskal federazioek egoitza berria izango dute Bilbon.

Komunikazioa eta EITB

EITBk 212 milioi euro izango ditu (% 5,3 gehiago), abangoardiako hedabide publikoa, informazio-erreferentea eta euskararen, euskal kulturaren eta ikus-entzunezko sektorearen eragilea izaten jarraitzeko.

Etxepare Euskal Institutua

Etxeparek 5,2 milioi euro izango ditu (% 12,3 gehiago) euskara eta euskal kultura munduan proiektatzeko. Esther Ferrer Katedra sortuko da Parisko Sorbonan, Euskara Mundua programa indartuko da eta euskal sorkuntzak Frankofonian presentzia izan dezan bultzatuko da, "Ça colle au basque" proiektuaren bidez. Etxeparek gidatuko ditu, halaber, 2028ko Veneziako Bienalerako lanak.

2027rako proiektu nabarmenak

  • Ikaskuntzaren doakotasunerantz: HABEk 69,6 milioi izango ditu (% 8,9 gehiago) ikasleentzako laguntzak, euskaltegien finantzaketa eta irakasleen baldintzak indartzeko.
  • Jauzia Gara: 26,9 milioi euskararen erabilera sozialean jauzia emateko. Horietatik, 6,26 milioik euskara lan-mundura eramango dute LANERA eta LanHitz programen bidez, eta 1,87 milioik aisialdira, Aisialdia proiektuaren bidez, gazteentzako, familientzako eta belaunaldien arteko harremanetarako ekimenekin. Gainera, Ate Berriak programak 800.000 euro bideratuko ditu euskara migratzaileengana hurbiltzeko eta hizkuntzaren erabilera-guneetan parte hartzea errazteko.
  • Mundu Biltzarra: 690.000 euro euskararen etorkizunari eta hizkuntzen biziberritzeari buruzko nazioarteko topaketa baterako.
  • Goi Mailako Kirolaren Euskal Zentroa (Getxo): 3,4 milioi (% 12,3 gehiago) zentroaren instalazioetarako, hostelerako eta zerbitzuetarako; egoitza ere izango du.
  • Irun-Txenperenea: kirol-proiektu berria, 75.000 eurorekin 2027an, eta milioi bateko konpromisoarekin 2028an eta beste milioi batekoarekin 2029an.
  • Kirol federazioen egoitza berria: euskal federazioek eta Euskadiko Kirol Federazioen Batasunak egoitza berria izango dute Bilbon, euskal kirol-sistemaren koordinazioa eta zerbitzuak indartzeko gune komuna.
  • Euskadiko Kultura Sistemaren Legea: aurrekontu honekin batera aurkeztuko da, kultura-sistema antolatzeko, erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko eta sektoreari egonkortasuna emateko.
  • 2028ko Veneziako Bienala: Euskadi bere gune propioa prestatzen hasiko da 2028ko Veneziako Arte Bienalean. Horrela, aurten berreskuratutako presentziari jarraipena emango dio, 50 urteko absentziaren ondoren.
  • Biarritzeko Zentro Koreografiko Nazionalarekiko lankidetza: 500.000 euro dantzako, ondareko eta nazioarteko proiekzioko mugaz gaindiko sorkuntza-proiektu baterako, hurrengo hiru urteetarako 750.000 euroko urte anitzeko konpromisoarekin.
  • Kultura-azpiegitura handien urteurrenak: 1,7 milioi Guggenheim Bilbao Museoaren 30 urteak eta Artiumen 25 urteak ospatzeko, baita Zinemaldiaren 75 urteak, EGOren 30 urteak (Berlingo kontzertu batekin) eta Gernikako bonbardaketaren urteurrena ere.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)