Kontsumobidek udako kanpaina abiatu du, "Zure eskubideak ez daude oporretan" lelopean

Argitalpen-data: 

  • «Erosterakoan, ez saldu zure burua» sentsibilizazio-ekintzen ardatz den mezuarenpean, Kontsumoko Euskal Institutuak EAEKO kontsumitzaileei ohartarazi nahi die atseden eta aisialdi garaietan beren eskubideek indarrean jarraitzen dutela

  • Kanpainak udako funtsezko eszenatokiei helduko die, hala nola jaialdiei, ostalaritzari, turismo-alokairuei eta garraiobideei

Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuak udako komunikazio-kanpaina berria abiatu du gaur, kontsumitzaileak ahalduntzeko eta oporretan beren eskubideek guztiz indarrean jarraitzen dutela jabetzarazteko helburuarekin.

Euskal gizarte osoari zuzendutako kanpaina honek funtsezko bi mezuren inguruan ari da; alde batetik, ekintza honen berariazko kontzeptua, «ZURE ESKUBIDEAK EZ DAUDE OPORRETAN», eta, bestetik, sentsibilizazio-ekintza ororen lema nagusia, «EROSTERAKOAN, EZ SALDU ZURE BURUA». Planteamendu honekin, deskonexio handiagoko garai honetan ere kontsumo kontziente, arduratsu, informatu eta segurua finkatu nahi da.

Udako errealitatera egokitutako kanpaina

Zuzeneko eragina lortzeko, Kontsumobidek edukien egokitzapenak garatu ditu udako kontsumoan identifikatutako hainbat eszenatokietarako; horien artean daude, besteak beste, jaialdiak eta kultur ekitaldiak, aisialdiko jarduerak, ostalaritza –txiringitoa protagonista nagusia duena–, turismo-alokairuak eta garraiobideak.

Marka-irudi indartua hainbat kanalen bidez

Kanpaina honek aurreko komunikazio ekintzen estiloari jarraitutasuna ematen dio, marka-irudia sortzeko eta herritarrek mezua Kontsumobidek zabaltzen duela berehala identifika dezaten errazteko. Eragin hori lortzeko eta EAEn zabalkunde handia ziurtatzeko, kanpaina euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko da, kartel, telebista, irrati, prentsa digital eta sare sozialen konbinazio baten bidez. Pieza guztiek institutuaren identifikazio argia bermatzen dute eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saileko logotipoa daramate, #Euskadiberria bereizgarriarekin.

Kontsumobidek herritar guztiei gogorarazten die kontsumoari buruzko aholkularitza, orientazio eta informazio zehatza jasotzeko tresnak dituztela eskuragarri webgune ofizialean: Kontsumobide.eus.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)