- Ertzaintza Europako futbol-finaletako polizia-arduradunen anfitrioia izango da, eta azken edizioetako antolaketa- eta segurtasun-esperientziak aztertuko dituzte Bizkaiko hiriburuan.
UEFAk Europako futbol-finaletako segurtasunaz arduratzen diren polizia-arduradunekin lan-bilera antolatu du aste honetan Bilbon. Topaketak 2025ean egindako finaletako eta 2026an jokatuko direnetako polizia-agintariak eta -arduradunak bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan, esperientziak partekatzeko eta hiri anfitrioi bakoitzean hedatutako dispositiboak aztertzeko.
Euskal erakundeek eta, bereziki, Ertzaintzak 2025ean San Mamesen egin zen UEFA Europa Leagueko finalean egindako lanari esker aukeratu dute Bilbo bilera honetarako egoitza. Orduan diseinatu eta gauzatutako segurtasun-dispositiboa erreferentziazko eredu bihurtu da nazioarteko kirol-ekitaldi handiak antolatzeko.
Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak eskerrak eman dizkio UEFAri Bilbo aukeratu duelako topaketa hau egiteko, eta Europako finaletako segurtasunaz arduratzen diren taldeen artean esperientziak partekatzearen garrantzia azpimarratu du. Bere esku-hartzean, gogoratu du duela gutxi nazioarteko bi futbol-ekitaldi handi egin direla Bilbon: Europa Leagueko gizonezkoen finala eta, aurreko urtean, Champions Leagueko emakumezkoen finala. “Konpromisoz eta profesionaltasunez hartu genituen bi erronka izan dira. Bereziki Europa Leagueko finala antolaketa-erronka handia izan zen hiriarentzat eta euskal erakundeentzat, baina harro gaude emaitzaz”, adierazi du.
San Mamesen egindako finalean ez zen gorabehera esanguratsurik gertatu, Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin, koordinatutako segurtasun-dispositiboari esker. Operatiboak bi helburu zituen: partida zela-eta hiria bisitatu zuten milaka pertsonaren segurtasuna bermatzea eta, aldi berean, Bilbon bizi direnen eta lan egiten dutenen eguneroko jarduera erraztea.
Jardunaldian Europako finaletan, hala nola Municheko UEFA Champions Leagueko, Breslaviako UEFA Europa Conference Leagueko eta Lisboako UEFA Women’s Champios Leagueko Europako finaletan hedatutako segurtasun-dispositiboak aurkeztu eta aztertuko dira. Halaber, 2026ko finalak hartuko dituzten hirien (Budapest, Istanbul, Leipzig eta Oslo) antolaketa-erronkak landuko dituzte, esperientziak partekatzeko, jardunbide egokiak trukatzeko eta horrelako kirol-ekitaldi handietako segurtasun-operatiboen plangintza hobetzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)