Kapsula Kuantikoa abiatu da, kuantika Euskadiko 147 herritara eramango duen programa ibiltaria

Argitalpen-data: 

  • Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak adierazi duenez, “gizarte baten garapen zientifikoak bere oinarrizko postulatuen ulermen-maila jakin batekin batera joan behar du, baita zientziaren aurrerapenen eta aukera teknologikoen ezagutzarekin ere”.

Kapsula Kuantikoa gaur abiatu da Donostian, Euskadiko ibilbideari ekinez, fisika eta teknologia kuantikoak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren programa ibiltari berriak Euskadiko 147 herri bisitatuko ditu datozen bederatzi hilabeteetan, adin eta profil guztietako pertsonentzat prestatutako ekimen murgiltzaile, interaktibo eta irisgarri baten bidez.

Inaugurazio-ekitaldia Ibaeta campusean egin da, Milia Kuantikoaren bihotzean, eta bertan izan dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias, Donostiako alkate Jon Insausti, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Berrikuntzako zuzendari Maialen Agirre.

Ekitaldian, Pérez Iglesiasek ezagutza zientifikoa herritarrengana hurbiltzearen garrantzia nabarmendu du, bereziki zientzia eta teknologia kuantikoarena, eguneroko esperientziatik urrun dauden diziplinak baitira. “Zientzia kuantikoa gure bizitzetan nonahi dago, eta etorkizunean are gehiago izango da; beraz, oso garrantzitsua da bere oinarrizko kontzeptuekiko nolabaiteko ezagutza izatea”, adierazi du sailburuak.

Ildo beretik, honako hau adierazi du: “gizarte baten garapen zientifikoak bere oinarrizko postulatuen ulermen-maila jakin batekin batera joan behar du, baita zientziaren aurrerapenen eta aukera teknologikoen ezagutzarekin ere”. Halaber, Kapsula Kuantikoaren izaera ibiltaria azpimarratu du, kultura zientifikoa dibulgazio-jarduerak normalean iristen ez diren leku eta gizarte-sektoreetara hurbiltzeko aukera ematen duelako.

Proiektua gero eta presenteago dagoen errealitate batetik abiatzen da: fisika kuantikoa gure eguneroko bizitzaren parte da, uste duguna baino askoz gehiago. Egunero erabiltzen ditugun teknologien oinarrian dago, hala nola laserretan edo kokapen-sistemetan, eta datozen urteetan gure bizitza eraldatu dezaketen aurrerapen teknologiko batzuetan ere funtsezkoa izango da.

Euskadik aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu alor horretan Basque Quantum estrategiaren bidez. Estrategia horri esker, zientzia eta teknologia kuantikoen inguruko gaitasun zientifikoak, teknologikoak eta talentua garatzen eta indartzen ari dira. Apustu horrek erreferentziazko azpiegitura bat ere badu Donostian: IBM Quantum System Two, gaur Kapsula Kuantikoa aurkeztu den lekutik oso gertu dagoena eta Europan mota horretako lehen sistema operatiboa dena.

Hain zuzen ere, azpiegitura horren eta Kapsula Kuantikoaren abiapuntuaren arteko gertutasunak programaren helburuetako bat sinbolizatzen du: Euskadiko orainaren parte den errealitate zientifiko eta teknologikoa herritarrengana eramatea.

Unitate mugikorra kuantika lurralde osora hurbiltzeko

Unitate mugikorra Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako udalerri askotan izango da datozen bederatzi hilabeteetan, eta adin eta profil askotako pertsonek izango dute esperientzia bizitzeko aukera. Programak ikus-entzunezko baliabideak, instalazio interaktiboak eta publiko desberdinetara egokitutako edukiak erabiltzen ditu, kuantika zer den, nola garatu den eta etorkizunerako zer aukera eskaintzen dituen modu erraz eta erakargarrian ezagutzeko.

Barruan, bisitariek fisika kuantikoaren oinarrizko printzipioetako batzuk ezagutzeko aukera izango dute, haren garapena markatu duten mugarriak ezagutuko dituzte eta eguneroko bizitzan dagoeneko presente dauden aplikazioak aurkituko dituzte.

Esperientziak, halaber, Euskadirentzat IBM Quantum System Two bezalako azpiegitura bat izateak zer suposatzen duen hobeto ezagutzeko eta konputazio kuantikoak hainbat arlotan eskaintzen dituen aplikazioak aztertzeko balioko du, besteak beste, ikerketa zientifikoan, osasunean, materialen arloan, energian eta komunikazioetan.

Publiko guztientzako programa

Kapsula Kuantikoak dibulgazio zientifikoa adina, prestakuntza edo bizilekua edozein dela ere eskuragarri izatea du helburu, eta arreta berezia eskainiko die mota horretako jardueretan parte hartzeko oztopo handiagoak dituzten pertsona eta kolektiboei.

Esperientzia bi modalitatetan izango da. Alde batetik, taldeentzako bisitak antolatuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, bereziki ikastetxeei, aisialdiko elkarteei eta behar espezifikoak dituzten kolektiboekin lan egiten duten erakundeei zuzenduta. Bestetik, unitate mugikorrak sarbide libreko saioak eskainiko ditu, edonork fisika kuantikoa modu hurbil, ulergarri eta parte-hartzailean ezagutzeko aukera izan dezan.

Kapsula Kuantikoaren ibilbidea Donostian hasi da; Saguesen egongo da zabalik herritarrentzat urriaren 3an, 6an eta 7an. Hurrengo geralekua Errenteria izango da eta ondoren Gipuzkoako 50 udalerri baino gehiagotara iritsiko da, Irun bezalako udalerri handietara zein Berastegi bezalako txikiagoetara.

Unitate mugikorra gabonetan iritsiko da Bilbora eta urtarriletik aurrera Bizkaian barrena ibiliko da. Ibilbidearen azken hilabeteak Araban egingo ditu: ekainaren erdialdean Gasteizera iritsiko da, eta 2027ko uztaileko lehen astean amaituko du ibilbidea Iruña Okan.

Egutegia, unitate mugikorrak bisitatuko dituen herriak eta programari buruzko informazio guztia Zientzia Klik zientzia-kulturaren agendan (zientziaklik.euskadi.eus) kontsultatu ahal izango dira, baita haren Instagram kontuan ere. Bertan, ibilbidea #KapsulaKuantikoa traolaren bidez jarraitu ahal izango da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)