Kalitatezko enpleguaren, inklusioaren eta justizia sozialaren aldeko apustua indartuko du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 2027an

Argitalpen-data: 

20261102_Ogasun-Ekonomia_sailburua__3_.jpg
  • Sailaren aurrekontu proiektua 1.338 milioi eurokoa da, % 5,68 gehiago, lan aukerak zabaltzeko, pertsona zaurgarriak babesteko eta berdintasunean, segurtasunean eta lan osasunean aurrera egiteko
  • Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, “ez gara enplegua sortzearekin konformatzen: egonkorra, segurua, osasuntsua eta eskubideduna izatea nahi dugu; bizi proiektuak garatzea ahalbidetuko duena"

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1.338.141.000 euroko aurrekontua izango du 2027an, hau da, 2026ko 1.266.223.000 eurokoa baino % 5,68 gehiago. Proiektuak pertsonen zerbitzurako politika ekonomikoa sendotuko du, eta kalitatezko enplegua sortzeko, desberdintasunak murrizteko eta pobreziari eta bazterkeriari aurre egiteko babes egokia bermatzeko jarduerak indartuko ditu.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, “Jaurlaritzaren arrasto aurrerakoia eta justizia sozialarekiko konpromisoa islatzen ditu 2027ko aurrekontuak. Ez gara enplegua sortzearekin konformatzen: enplegua egonkorra, segurua, osasungarria eta eskubideduna izatea nahi dugu; bizi proiektu bat garatzea ahalbidetuko duena eta oztopo gehien aurkitzen dituztenengana ere iritsiko dena. Gure lehentasuna da pertsonak babestea, desberdintasunak murriztea eta aukerak zabaltzea Euskadiren aurrerapena partekatua izan dadin”.

Sailaren kontuek hiru lehentasun nagusiri erantzuten diete: hazkunde ekonomikoari eustea eta bultzatzea, herritarren oinarrizko beharrei erantzutea, eta enplegua eta lan baldintza duinak sortzen laguntzea.

Gizarte justiziarekiko konpromiso nabarmena islatzen du aurrekontuak. 700 milioi euro bideratuko ditu Diru sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemara, eta 514 milioi enplegu eta inklusio eremura. Partida horiei esker, pobreziaren aurrean oinarrizko babesa indartuko da, gizarte eta lan ibilbideak garatuko dira eta lan merkatuan sartzeko oztopo handienak aurkitzen dituztenei aukera berriak eskainiko zaizkie.

Lanbide da enplegu eta inklusio politiken ardatz nagusia, 1.191,8 milioi euroko aurrekontuarekin. 2027rako mugarrien artean honako hauek daude: langabeziako prestazioak eta subsidioak ohiko kudeaketan sartzea, Hobetzen eredua erakunde osoan aplikatzea, Enplegu eta Toki Garapeneko Planak hedatzea eta Enpleguari buruzko Euskal Legetik eratorritako tresnak garatzea.

Enplegu politika aktiboak bereziki gazteei, emakumeei, 50 urtetik gorakoei, desgaitasuna duten pertsonei, bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei eta biztanleria migratzaileari zuzenduta egongo dira. 2027rako erreferentzia gisa ezarri du proiektuak erregistratutako langabezia murrizten laguntzen jarraitzea, Euskadin Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen kopurua handitzen jarraitzea eta Lanbideren lan bitartekaritza handitzea.

Trantsizio demografikoa, teknologikoa eta energetiko klimatikoa

Helburu horiekin batera, sailak euskal lan merkatua prestatzen jarraituko du trantsizio demografiko, teknologiko eta energetiko klimatikoetarako. Lanerako Prestakuntza eredu berri bat, talentu gazte eta seniorra, Berritzelan Sarearen trakzio proiektuak eta ekonomia zirkularrari eta eraikuntza industrializatuari lotutako lan aukera berriak bultzatuko ditu aurrekontuak. Era berean, Enpleguaren Euskal Sarearen hedapena osatuko da, eta Enpleguaren Euskal Foroa finkatuko da, administrazioek eta eragile ekonomiko eta sozialek partehartzeko gune gisa.

Gizarteratzeak eta laneratzeak 3,68 milioi euroko zuzkidura espezifikoa izango du Inklusiorako Euskal Sistemaren egituraketan aurrera egiteko, laguntzako ibilbide mistoak zabaltzeko eta zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboei zuzendutako proiektu berritzaileak sendotzeko. Aurreikusitako jardueren artean daude Zainsare espazioen hedapena, migrazio seguruko kanalen bidezko lan mugikortasuneko proiektuak eta inklusio sistemen arteko tokiko koordinazio mahaiak.

Aurrekontu proiektuak, halaber, enplegu duinarekiko konpromisoa indartuko du. Lan eta Gizarte Segurantza arloak 131,2 milioi euro izango ditu elkarrizketa soziala eta negoziazio kolektiboa bultzatzeko, langile ahulenak babesteko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrean aurrera egiteko. Soldata Arrakalaren aurkako III. Plan Operatiboak 440.000 euro izango ditu, % 10 gehiago, eta honako jarduera hauek barne hartuko ditu: sentsibilizazioa, gizarte eragileen prestakuntza, lan bitartekaritza ez-sexista eta Lan Ikuskaritzaren kanpainak indartzea diskriminazioaren aurrean.

Laneko segurtasuna eta osasunak enpleguaren kalitatearen funtsezko osagai izaten jarraituko dute. Osalanek 20,29 milioi euro izango ditu, eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2027-2032ko Euskal Estrategia lantzeari ekingo dio. Halaber, arrisku psikosozial eta ergonomikoei buruzko kanpaina espezifikoak garatuko ditu, prebentzioa enpresa txiki eta ertainetara, lan autonomora eta prebentzio-zailtasun handienak dituzten sektoreetara hurbilduko du, eta ikerketa eta profesional espezializatuen prestakuntza bultzatuko ditu.

Gizarte Ekonomiak, 8,96 milioi euroko zuzkidurarekin, zeregin estrategikoa izaten jarraituko du Euskadin eredu ekonomiko parte hartzaileagoa eta errotuagoa eraikitzeko. Aurrekontuari esker, Gizarte Ekonomiako Sailarteko II. Plana garatu ahal izango da, Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank lagundu ahal izango da.

Ekonomiaren arloan, Euskadiko koiunturaren eta egiturazko erronken azterketa indartuko du sailak, aurreikuspen eredu berrien, produktibitateari eta aldi baterako ezintasunari buruzko azterlanen eta Enpleguaren Kalitate Indize baten bidez. Era berean, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren justifikazioa eta likidazioa amaituko du, eta Euskadik Europako etorkizuneko Urte Anitzeko Finantza Esparruan izango duen partehartzea prestatuko du.

Bestalde, Eustatek 18,68 milioi euro izango ditu 2027-2030 Plan Estrategikoa garatzeko, aldi bereko Euskal Estatistika Plana osatzeko eta datu katalogo bat abian jartzeko, berrerabilpena eta elkarreragingarritasuna errazteko. Gainera, soldata egiturarekin, aldi baterako ezintasunarekin eta kaleratzearen kostuarekin lotutako estatistika eragiketa berriak diseinatzen hasiko da, politika publikoak bideratzeko beharrezkoa den ezagutza indartuz.

Aurrekontu proiektu horrekin, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak hazkunde ekonomikoa, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna uztartzen dituen estrategia finkatuko du. 2027ko kontuen helburua da ekonomia sendo batek enplegu gehiago eta hobeak izatea, gizarte babesak inklusiorako bide eraginkorrak erraztea eta etorkizuneko eraldaketei aurre egitea, inor atzean utzi gabe.

Aurrekontu proiektu osoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren atari ofizialean kontsulta daiteke.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)