Justiziak eta Giza Eskubideek % 7,7 handitu dute aurrekontua, zerbitzu publikoak indartzeko, biktimentzako arreta hobetzeko eta memoria demokratikoa zaintzeko

Argitalpen-data: 

2026.11.04_Ogasun-Justizia__16_.jpg
  • Sailak 397,7 milioi euro izango ditu 2027an, justizia-eredu irisgarriagoa, modernoagoa eta hurbilagoa garatzen jarraitzeko eta giza eskubideen, memoriaren eta bizikidetzaren politikak sendotzeko

 

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 397,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, aurreko ekitaldian baino % 7,7 gehiago. Gutxi gorabehera 28,5 milioi euroko igoera horri esker, Justiziako zerbitzu publikoak indartuko dira, biktimentzako arreta hobetuko da, gizarteratzea bultzatuko da, azpiegiturak eta kudeaketa judizialeko sistemak modernizatuko dira, eta giza eskubideak sustatzeko eta babesteko eta memoria demokratikoa zaintzeko politikak finkatuko dira.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alfonso Gómez Justiziako sailburuordeak, Arritxu Marañón Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordeak eta Alberto Alonso Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak aurkeztu dute aurrekontu-proiektua, orientabide politiko zehatz bati erantzuten diona: justiziarako sarbidea bermatzea, biktima guztientzako arreta hobetzea, gizarteratzea indartzea, giza eskubideak babestea eta memoria demokratikoa zaintzea.

“Garrantzitsuena ez da soilik zenbat bideratzen dugun Justiziara eta Giza Eskubideetara, baizik eta zertarako egiten dugun eta zerbitzu publikoren zer eredu eraikitzen jarraitu nahi dugun”, adierazi du San Josék. Sailburuak defendatu duenez, Justizia eta Giza Eskubideak “erantzukizun publiko beraren bi dimentsio bereizezinak dira: pertsonen eskubideak bermatzea eta gure demokrazia indartzea”. Bereziki, azpimarratu duenez, “une sozial eta politiko honetan, non kezkaz ikusten ditugun hainbat dinamika, giza eskubideak eta Zuzenbide Estatua zalantzan jartzen dituztenak, indarkeria hutsaltzen edo justifikatzen dutenak, eta pentsatzen duenaren edo desberdina denaren deshumanizazioa elikatzen dutenak”.

 

Funtsezko zerbitzu publikoa 

Langileen kapitulua 222 milioi eurokoa da, “funtsezkotzat” jo duen zerbitzu publikoari eusteko. Gainera, 18 milioi bideratuko dira ofiziozko txandara eta abokatutzaren guardiako txandara, eta 1,13 milioi prokuradoretzara, doako laguntza juridikoa bermatzeko eta arrazoi ekonomikoengatik inor kanpoan gera ez dadin.

Biktimei arreta emateak lehentasuna izaten jarraituko du. 1,2 milioiko zuzkidurari eutsi zaio Biktimari Laguntzeko Zerbitzurako, eta handitu egin dira genero-indarkeriaren biktimei laguntza juridikoa emateko baliabideak, hiru lurraldeetako abokatuen elkargoen bidez. Bestalde, Gazte Justiziara eta Familia Elkarguneetara bideratutako partida ia 21 milioi eurora igo da, eta Espetxeak Kudeatzeko Zerbitzua 9,1 milioira iritsi da. Partida horiei esker, egoera konplexuetan dauden adingabeen eta familien arretari eutsiko zaio, eta gizarte-, hezkuntza- eta gizarteratze-programak indartuko dira.

Espetxeen eremuan, aurrekontuak 3,66 milioi euro aurreikusten ditu espetxeetan Aukerak Gizarteratzeko Euskal Agentziaren tailer eta zerbitzuetan lan egiten duten 630 preso baino gehiagoren ordainsarietarako. Lan egiteko prest dauden presoen % 60 dira. Horrela, euskal espetxe-ereduak segurtasunaren, duintasunaren eta gizarteratzearen printzipioetan aurrera egiten jarraituko du, zigorrak bete ondoren gizarteratzeko eta laneratzeko aukerak ahalbidetuz.

 

14 milioi gehiago Justizia modernizatzeko

Justizia Digitaleko eta Azpiegituretako Zuzendaritzaren aurrekontua 46,7 milioi eurotik 60,8 milioi eurora igoko da 2027an, 14 milioitik gorako igoera, eraldaketa teknologikoan aurrera egitea eta instalazio judizialak hobetzea ahalbidetzeko. Aurreikusitako jarduketen artean, nabarmentzekoak dira Bilboko Telefónica eraikineko obrekin jarraitzea eta Donostiako San Martin Justizia Jauregiko azken solairua eraberritzea, baita Gasteizko lokalak erostea ere. Bestetik, 575.000 euro bideratuko dira espazioak bulego judizialaren eredu berrira egokitzeko, adingabeentzako arreta hobetzeko eta biktimentzako eta ikertutako edo akusatutako pertsonentzako ibilbide seguru eta bereiziak bermatzeko. Kontuek 950.000 euro dituzte eraikin judizialak mantentzeko. Teknologiaren eta azpiegituren modernizazioaren helburua izango da herritarrentzako arreta hobetzea eta justizia irisgarriagoa eta eraginkorragoa bermatzea.

 

Giza Eskubideak, Memoria eta Bizikidetza  

Bestalde, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren arloak 12,4 milioi euro izango ditu, Zuzendaritzarako 7,15 milioiak eta Gogora Institutura bideratutako 5,25 milioiak batuta, biktimei arreta, aitortza eta erreparazioa lehentasuntzat hartuz. Horregatik, AVT, COVITE, Terrorismoaren Biktimen Fundazioa, Fernando Buesa Fundazioa eta Egiari Zor Fundazioa bezalako elkarte eta fundazioekiko lankidetza-ildoei eutsi zaie, 55.000 eta 64.000 euro arteko ekarpenekin, baita lehiaketa-deialdiei ere.

San Josék nabarmendu duenez, “ez gaude dirulaguntzen politika soil baten aurrean, erakundeen arteko lankidetza-politika baten aurrean baizik”, elkarteek “esperientzia, ezagutza eta ikuspegi ordezkaezina ematen dutelako biktimei zuzendutako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko, eta, horregatik, harreman hori indartzen jarraitu nahi dugu”.

Giza eskubideei dagokienez, “erantzukizun publiko iraunkor bat” direla uste du, eta, horregatik, “bere eskubideez gero eta kontzienteagoa den, bere defentsarekin konpromiso handiagoa duen eta edozein urraketari aurre egiteko prestatuagoa dagoen” gizarte bat eraikitzeko deia egin du.

Ildo horretan, aurrekontuak 675.000 euro bideratzen ditu giza eskubideak sustatzeko proiektuak garatzen dituzten gizarte-erakundeei laguntzera, 125.000 euro tokiko erakundeei laguntzera eta 250.000 euro Elkarrekin Bonuei laguntzera. Adi-Adian eta Ikaskuntza Komunitatea bezalako programak mantenduko dira, unibertsitateekin, ikastetxeekin eta gizarte-erakundeekin garatutako giza eskubideen inguruko sentsibilizazio- eta hezkuntza-ekimenekin batera. Giza eskubideen defendatzaileak babesteko eta errefuxiatuei eta desplazatuei laguntzeko jarduketek ere aurrera jarraituko dute.

 

Gogora Institutuak ikerketa eta testigantzen berreskuratzea indartu ditu

Gogora Institutuari 5,25 milioi euroko ekarpena egingo dio aurrekontuan. Bere lan-ildo nagusien artean ikerketa, testigantzak berreskuratzea eta memoria demokratikoaren transmisioa egongo dira. Institutuak Nafarroako, Euskadiko eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako erakundeekin lankidetzan jarraituko du, Memoria Demokratikoen eta Mugaz Gaindiko Identitateen Partzuergoaren bidez.

Era berean, frankismoan zehar beren sexu-aniztasunagatik errepresaliatutako pertsonen testigantzen bankua handituko du, eta laurogeita hamarreko hamarkadara arte, jazarpen- eta estortsio-indarkeriarekin lotutako testigantzak jasotzen hasiko da, eta poliomielitisak diktaduraren aldian eragindako pertsonei buruzko ikerketa bat bultzatuko du, “biktima horien aldarrikapen historikoa, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legean jasoa”. 1976 eta 1980 bitartean Euskadin egindako deshobiratze goiztiarrei buruzko ikerketak ere egingo dira.

Gogora Institutuaren webgunearen kudeaketa hobetuko da, motibazio politikoko indarkeriaren azterketan eta memorien eraikuntzan erreferentziazko ikerketa-zentro gisa sendotu dadin, dokumentazio digitalerako sarbide publikoa eta doakoa ahalbidetzeko eta udalerri bakoitzari egokitutako material pedagogikoak ikastetxeen eskura jartzeko.

 

Aurrera egiteko erantzukizuna

San Josék defendatu du 2027ko kontuek aukera ematen dutela Justizia eta Giza Eskubideen eredu bat sendotzeko, baliabide, profesional eta helburu zehatzekin. “Baliteke kontu hauek kontinuistatzat hartzen dituenik egotea. Baina funtzionatzen duten zerbitzuak mantentzea eta indartzea, laguntza behar dutenentzako arreta zabaltzea, Justizia Administrazioa modernizatzea, gizarteratzera bideratutako espetxe-politika eraikitzen jarraitzea, biktimentzako arreta hobetzea, giza eskubideak sustatzea eta babestea, eta memoria demokratikoa zaintzea ez da lortutakoarekin konformatzea. Aurrera egiteko erantzukizuna hartzea da”, adierazi du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)