- Akordioa Justiziaren ikuskera zabal baten baitan kokatzen da: Organo judizialen funtzionamendua gainditzen du eta biktimentzako arreta, oinarrizko eskubideen babesa, bitartekaritza, justizia errestauratiboa eta gizarteratzea barne hartzen ditu
Lehendakaritza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Justizia Administrazioaren esparruan soluzio teknologikoak transferitzeko eta partekatzeko, sistema judizialaren modernizazioan aurrera egiteko eta Justizia eskubideen, gizarte-kohesioaren eta herritarren konfiantzaren zerbitzura dagoen egiturazko politika publiko gisa sendotzeko.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak eta Manuel Olmedo Justiziako Estatu idazkariak hitzarmena berretsi dute Madrilen, Ministerioaren egoitzan. Bi administrazioen arteko lankidetza-esparru egonkorra indartzen du. Esparru horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoak Ministerioak garatutako soluzio digitalak erabili ahal izango ditu, sistema judizialen elkarreragingarritasuna, segurtasun juridikoa eta justizia-zerbitzu publikoen prestazio homogeneoa bermatzeko, eta, aldi berean, arlo horretako eskumen autonomikoak erabat errespetatuta.
Hitzarmen hau Justiziaren ikuskera zabal baten baitan kokatzen da: Organo judizialen funtzionamendua gainditzen du eta biktimentzako arreta, oinarrizko eskubideen babesa, bitartekaritza, justizia errestauratiboa eta gizarteratzea barne hartzen ditu. Ikuspegi horretatik, eraldaketa digitala funtsezko tresna da bermeak indartzeko, sistemaren eraginkortasuna hobetzeko eta herritarrak Justiziaren zerbitzu publikoaren erdigunean kokatzeko.
Akordioak, gainera, funtsezko printzipioak jasotzen ditu, besteak beste, datu pertsonalen babesa, informazioaren segurtasuna, profesionalen prestakuntza eta etengabeko lankidetza teknikoa, jarraipen- eta koordinazio-organoen bidez, soluzio teknologikoak sistema judizialaren benetako beharretara egokitzea ahalbidetuko dutenak.
Jasotako soluzio teknologikoen artean, justizia digitalerako funtsezko tresnak daude, tartean LexNET, operadore juridikoekiko komunikazio elektronikoetarako; Justizia Karpeta, herritarrekiko harreman digitalerako kanal gisa; Cl@ve Justicia, identifikazio elektroniko segururako; elkarreragingarritasun judizialeko sistemak, artxibo eta espediente elektronikoa, bisten grabazioa, ohar elektronikoa, datuak aztertzeko plataformak, eta jarduera judizialari eta fiskalari laguntzeko zerbitzu digitalak.
Hitzarmenak, hasiera batean, lau urteko indarraldia izango du, luzatu ahal izango da, ez dakar alderdien arteko kontraprestazio ekonomikorik, eta gobernantza eta ebaluaziorako mekanismo egonkorrak aurreikusten ditu. Ekimen horren bidez, Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza estrategikoa sendotu dute, xede honekin: Justizia modernoagoa eta irisgarriagoa lortzea, eskubideak, erakundeen arteko koordinazioa eta emaitzetarako orientazioa ardatz dituen politika publikoen ereduarekin lerrokatua.
Akordio hau sinatzea beste urrats bat gehiago da bi administrazioek Justiziarekin duten konpromiso partekatuan, gatazkak kudeatzeaz gain, demokrazia, bizikidetza eta erakundeekiko konfiantza indartzen lagunduko duena.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)