- Topaketak erakundeen arteko lankidetza indartzeko aukera eman du, frankismoaren garaiko espetxe zaharrean hildako pertsonen senideak aurkitzeko; orain arte, 36 pertsona identifikatu dira
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Cáceresko eta Badajozko diputazioetako Memoria arloetako arduradunak hartu ditu gaur eguerdian Urduñan: Fernando Ayala eta Juan Ceballos, hurrenez hurren. Bisitan, Duintasunaren Kolunbarioa eta frankismoaren garaiko espetxe zaharrean hildako 93 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ziren hilerria ezagutu dituzte.
Ekitaldian izan dira, halaber, Gogorako zuzendaria, Alberto Alonso, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaria, Ainhoa Zugasti, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioko Biktimei Laguntzeko zuzendari Nagusia, Zoraida Hijosa, eta Urduñako alkatea Iker Santocildes.
Topaketaren helburua euskal erakundeen eta Extremadurako erakundeen arteko lankidetza indartzea izan da, espetxe horretan hildako pertsonen senideak bilatzeko lanetan; izan ere, biktima gehienak Extremadurakoak ziren. Dokumentatutako datuen arabera, gutxienez 225 pertsona hil ziren bertan, eta horietatik 127 Extremadurakoak ziren.
Bi diputazioen inplikazioari esker, senideak beren jatorrizko herrietan bilatzeko eta lagin genetikoak biltzeko lanak bultzatu dira, eta horrek identifikazio berriak egitea ahalbidetu du. Gaur egun, 36 pertsona identifikatu dira dagoeneko, eta horietatik 26 Extremadurakoak ziren.
Kasu horietako bat Antonio Corbacho Merino da, Alange (Badajoz) herrikoa, nekazaria eta lau seme-alabaren aita, «el Camoño» ezizenez ezaguna. Hogei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten matxinadari laguntzea egotzita; geroago, zigor hori hamabi urtera murriztu zioten.
Kontzentrazio-esparruan eta Castuerako espetxean egon ondoren, 1939ko abenduan Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten. Han hil zen 1941eko maiatzaren 11n, 56 urte zituela, endokarditisaren ondorioz.
Haren gorpuzkiak 2014an hobitik atera eta Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan utzi zituzten; han, 7. zenbakiko banako gisa identifikatuta zeuden.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)