-
Eusko Jaurlaritzak azpimarratzen du merkataritza-proiektu profesionalak berritzeko eta garatzeko aukeraz betetako esparrua dela
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Ekintzailetzari buruzko Gaztekinn Jardunaldian parte hartu du, Mendizorrotzan, María Nanclares Ekonomia Sustapeneko, Enpleguko, Merkataritzako eta Turismoko zinegotziarekin batera. Etorkizun profesionala erabakitzeko unean dauden gazteei zuzendutako ekimena da.
Mintzaldian, sailburuak azpimarratu du horrelako ekimenek garrantzi handia dutela gazteei benetako ekintzailetza-esperientziak hurbiltzeko, batez ere merkataritzaren moduko sektoreetan; profesionalki garatzeko aukera ugari eskaintzen dute.
Sailburuak onartu duenez, baliteke belaunaldi berriek merkataritza-eredu tradizionalei lotutako esparru gisa ulertzea, baina nabarmendu du beharrezkoa dela begirada hori aldatzea eta berrikuntzarako, ekintzailetzarako eta balio soziala sortzeko espazio gisa duen potentziala ezagutzea. Ildo horretan, tokiko merkataritzak hirietako bizitzarako, gizarte-kohesiorako eta herritarrengandik hurbil dauden esperientziak sortzeko funtsezko elementu gisa duen funtzioa nabarmendu du.
Gainera, gazteek sektorea eraldatzeko duten gaitasuna azpimarratu du, eta adierazi du belaunaldi berriek ohitura, behar eta konpetentzia digital berriak dituztela, eta horrek aldaketak bultzatzeko leku pribilegiatuan jartzen dituela. “Berritzea ez da hutsetik zerbait sortzea, lehendik dagoena hobetzea edo ikuspegi berri bat ematea baizik”, esan du.
Era berean, gazteak animatu ditu merkataritza ekintzailetzarako aukera erreal gisa ikustera, eta nabarmendu du herritarrengandik hurbil dagoen eta eguneroko bizitzan presente dagoen esparrua dela, elikaduratik hasi eta kultura edo aisialdira arte.
Merkataritza-sektoreko ekintzaileek ere parte hartu dute jardunaldian, eta beren esperientziak partekatu dituzte, parte-hartzaileak inspiratzeko eta ekintzailetzaren erronkak eta aukerak erakusteko. “Merkataritzari ekarpen handia egiteko gaitasuna duzue, eta merkataritzak ekarpen handia egin diezazueke, merkataritza zuen ogibide egitea erabakitzen baduzue”, esan du, amaitzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)