Javier Hurtado: "2026. urtea inflexio-puntua izango da Euskadiko turismoarentzat"

Argitalpen-data: 

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua elkarrizketatu du gaur goizean Eider Hurtado kazetariak Radio Euskadiko Boulevard saioan. Elkarrizketan, sailburuak Euskadiko turismo-ereduaren jasangarritasuna nabarmendu du.

Era berean, adierazi duenez, 2025. urtea “ona izan da Euskadiko turismoarentzat. % 4,2 hazi gara, baina garrantzitsuena hazteko modua izan da: % 5 hazi gara udako hilabeteetatik kanpo, eta % 1,9 uztailean, abuztuan eta irailean; beraz, desestazionalizazioaren eta lurralde osoko fluxu-mugimenduaren helburua bete dugu. Eta turismoaren inpaktuak eragin positiboa izan du beste sektore batzuetan, hala nola merkataritzan, garraioan, museoetan…”.

Bestalde, nabarmendu nahi izan duenez, “2026. urtea inflexio-puntua izango da turismo-ereduarentzat, hiru mugarri oso garrantzitsu izango baititugu: beste turismo-lege bat; egonaldi turistikoen gaineko zergaren ezarpena, foru-aldundien eskutik; eta, hirugarrenik, hiru foru-aldundiekin egingo den turismoaren aldeko ituna, baliabideen koordinazioan eta optimizazioan sakontzen jarrai dadin”.

Etxebizitza turistikoen inguruan Sailak egin duen eta egiten ari den lana azpimarratu du. Ildo horretan, aditzera eman duenez, “Europan, Iraupen Laburreko Alokairuen Araudian gehien parte hartu dugunetako bat izan gara, Balear Uharteekin batera; legez kanpoko erabilera turistikoko etxebizitzei aurre egiteko ikuskapena indartu dugu; eta 1.000 iragarki baino gehiago kentzea lortu dugu, Espainiako Gobernuarekin elkarlanean. Horixe da jarraitu beharreko bidea”.

Azkenik, eta merkataritzari erreparatuta, “belaunaldien arteko erreleboa jorratzen ari gara, Merkataritza Zuzendaritzak abian jarriko dituen programen bidez, hala nola Euskadiko merkataritzan, ostalaritzan eta ostatuetan enpresa-jarraitutasuna errazten duen Berriz Enpresa programaren bidez. Era berean, gazteak merkataritzara hurbiltzeko ekimenak ere babesten ditugu, gazteak baitaude tokiko merkataritzatik urrunen eta gazteek baitute tokiko merkataritzarekin harremanik txikiena. Esaterako, Gandik proiektua, gazteak tokiko merkataritzara hurbiltzeko eta, aldi berean, saltokien digitalizazioan laguntzeko, web-orriak sortzen lan egiten baitute dendariekin.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)