Itxasok berrikuntza eta industria aldarrikatu ditu etxebizitzaren erronkari erantzuteko palanka gisa Berrilan Basque Tech Summit-en

Argitalpen-data: 

Itxaso__durante_la_apertura_de_la_jornada.jpeg
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak hasiera eman dio Anoetan 400 profesional baino gehiago bilduko dituen ekitaldiaren ostiraleko jardunaldiari; ekitaldiak sektorearen berrikuntza, industrializazioa eta eraldaketa digitala jorratzen ditu
  • Euskadiren ahalmen teknologikoak eta industrialak etxebizitza gehiago produzitzeko, produktibitatea hobetzeko eta pertsonen beharretara egokitutako eraikin jasangarriagoak bermatzeko beharrarekin konektatzearen alde egin du Itxasok

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok berrikuntza, industrializazioa eta eraldaketa digitala aldarrikatu ditu ostiral honetan, etxebizitza produzitzeko ahalmena handitzeko, eraikuntza-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko eta etxebizitza-eredu jasangarriago eta eskuragarriagoetarantz aurrera egiteko tresna estrategiko gisa. Itxasok deklarazio horiek egin ditu Berrilan Basque Tech Summit 2026 (BBTS26) goi-bileraren bigarren jardunaldiaren irekiera instituzionalean. Ekitaldiak arkitektura, ingeniaritza, eraikuntza eta aktiboen kudeaketaren arloko 400 profesional, enpresa, administrazio publiko eta aditu baino gehiago biltzen ditu ostegunetik larunbatera, Anoeta estadioan.

 ‘Berritu eta industrializatu. Etxebizitzen, hirien eta pertsonen etorkizuna’ lelopean, kongresuaren laugarren edizioa egingo da, berrikuntza teknologikoak, BIM metodologiak, adimen artifizialak, biki digitalek eta eraikuntzaren sektorea eraldatzeko prozesu industrial berriek eskaintzen dituzten aukeretan oinarritutako hiru jardunaldiko egitarauarekin.

Bere hitzaldian, Itxasok defendatu du etxebizitzen eraikuntza erabat txertatu behar dela ekonomiaren beste sektore batzuk dagoeneko protagonista diren eraldaketa digital, energetiko eta industrial sakonean. “Etxebizitzen eraikuntza eraldaketa-prozesu horretan bertan erabat kokatzeko unea iritsi da”, adierazi du, eta azpimarratu du bizitegien erronka ez dela soilik lurzorua eskura izatea, plangintza arintzea, finantzaketa erraztea edo segurtasun juridikoa bermatzea, baizik eta sektorearen produkzio-ahalmena bera eraldatzea ere.

Ildo horretatik, aldarrikatu du balio-kate osoan teknologia txertatzeko, prozesuak industrializatzeko, proiektuak digitalizatzeko, produktibitatea hobetzeko, ziurgabetasunak murrizteko eta gero eta profesional kualifikatuagoak izateko beharra. “Etxebizitza eraikitzeak jauzi teknologikoa eta produktiboa ematea behar dugu, gure ekonomiako beste sektore handi batzuk egiten ari direnaren parekoa”, adierazi du.

Sailburuak azpimarratu du eraikuntza industrializatzea obra-lanen zati bat fabrika batera eramateaz haratago doala. Prozesu osoa birpentsatzea dakar, eraikinen diseinutik hasi eta eraikuntzara, mantentze lanetara eta etorkizuneko beharretara egokitzera arte, eredu digitalak, osagaien fabrikazio zehatzagoa, hondakinen murrizketa eta lan-baldintzen hobekuntza aprobetxatuz, eraikin efizienteagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko.

Eraiki Hub, ezagutza teknologikoaren eta ahalmen industrialaren arteko lotura

Itxasok administrazio publikoen, enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzaren zeregina nabarmendu du, eraldaketa hori bizkortzeko eta berrikuntza errealitate produktibora eramateko. Esparru horretan, gogorarazi du Eraiki Hub abian jarri dela, Eusko Jaurlaritzak Tecnaliarekin eta BUILD: INNekin (Euskadiko eraikuntzaren klusterra) lankidetzan sustatutako eraikuntza industrializatzeko huba. Ekimen horren helburua da ezagutza teknologikoa enpresen ahalmenekin konektatzea, berrikuntzaren transferentzia erraztea, industria-prozesu berriak bultzatzea eta kalitatezko etxebizitza jasangarri eta eskuragarriaren produkzioa handitzen laguntzea.

Sailburuak azpimarratu du horretarako garrantzitsua dela sektoreak aurreikusteko moduko eskari bat izatea, inbertitu, teknologia txertatu, profesionalak prestatu eta ahalmen produktibo berriak garatu ahal izateko. Era berean, nabarmendu du prozesu horri jarraipena eman behar zaiola, esperientzia berritzaileak zabaldu eta eskala lortu ahal izateko. Orobat, ohartarazi du eraikuntzaren modernizazioak eskatzen duela administrazio publikoek planifikatzen, kontratatzen eta kudeatzen duten modua ere eraldatzea. “Administrazio-denbora etxebizitza baten kostuaren parte da, eta baita familia bat hura eskuratzeko zain dagoen denbora ere”, azpimarratu du, eta arintasuna eta kudeaketa-ahalmena irabazteko beharra defendatu du, berrikuntzak etxebizitza gehiago eta bizitegi-soluzio hobeak ekar ditzan.

Administrazioaren digitalizazioa eta etxebizitza publikoaren kudeaketa adimentsua

Itxasoren hitzaldiak Administrazioaren eraldaketa digitala ere jorratu du, eta adierazi du elkarreragingarritasunean, datuen normalizazioan eta espediente, prestazio eta dirulaguntzen automatizazioan aurrerapenak egin behar direla. Helburua da kudeaketa-ahalmena hobetzea, tramitazioa arintzea eta gainbegiratze- eta ikuskapen-mekanismoak indartzea, akatsak detektatzeko eta kontratuen kontrola hobeto bideratzeko aukera emango duten adimen artifizialeko tresnekin, betiere egiaztapen profesionalaren pean eta pertsonentzako bermeekin.

Arlo horretan, defendatu du “kudeaketa-ahalmena irabaztea babesteko ahalmena irabaztea ere badela”. Hala, zerbitzu publikoen modernizazio teknologikoa ez-betetzeak prebenitzeko eta herritarren eskubideak babesteko ahalmen handiagoarekin lotu du. Sailburuak, halaber, nabarmendu du garrantzitsua dela teknologia horiek alokairuko parke publikoaren kudeaketan aplikatzea etxebizitzak eraiki eta entregatu ondoren. Alokabideren bitartez, Eusko Jaurlaritza lanean ari da eraikinen monitorizazioan eta biki digitalen erabileran aurrera egiteko, higiezinen kontsumoei, tenperaturari, hezetasunari, ezaugarriei eta mantentze-premiei buruzko informazioa erlazionatu ahal izateko.

Tresna horiek bidea emango dute matxurei aurrea hartzeko, konfort-arazoak detektatzeko, birgaitze-lehentasunak identifikatzeko eta etxebizitzak prestatzeko, besteak beste, beroaldi biziagoen edo biztanleriaren zahartzearen erronken aurrean. Gainera, eraikinen benetako funtzionamenduari buruz lortutako ezagutza etorkizuneko sustapenen diseinura eraman ahal izango da, haien prestazioak hobetzeko eta bizitegi-premietara egokitzeko.

Itxasok gogorarazi du etxebizitza publikoaren gaineko erantzukizuna ez dela giltzak ematearekin amaitzen, baizik eta hura zaintzera, mantentzera eta bere bizitza baliagarri osoan egokitzera hedatu behar dela. Ildo horretatik, defendatu du informazioak eta digitalizazioak baliagarriak izan behar dutela egoiliarrentzat ere, haien kontsumoak ulertzen, fakturak garestitzen dituzten faktoreak identifikatzen eta ongizateari uko egin gabe energia aurrezten lagunduta. “Etxebizitza efiziente batek bertan bizi denaren eguneroko esperientzian ere efizientea izan behar du”, adierazi du.

Herritarren bizi-baldintzak hobetzeko berrikuntza

Hitzaldiaren amaieran, sailburuak aldarrikatu egin ditu Euskadik eraldaketa horri aurre egiteko dituen gaitasunak, eta nabarmendu ditu bere enpresa-sarea, industria-esperientzia, ezagutza teknologikoa eta berritzeko ahalmena. Adierazi duenez, erronka da baliabide horiek guztiak egungo aupada sozial, hiritar eta ekonomiko nagusietako batekin lotzea: etxebizitza gehiago produzitzea, hobeto egitea, modu jasangarriagoan, eta behar dutenengana iritsi daitezen lortzea.

 “Industrializazioa, digitalizazioa eta berrikuntza ez dira berez helburuak. Etxebizitza duina eta eskuragarria izatea bermatzeko dugun ahalmen kolektiboa handitzeko tresnak dira”, esan du amaitzeko du Itxasok, eta sektoreko eragile guztien arteko lankidetza eskatu du, ezagutza eta teknologia herritarren bizi-baldintzen hobekuntza hautemangarri bihurtzeko.

Berrilan Basque Tech Summit 2026 kongresuak teknologia berrietako prestakuntzari eta horien aplikazio praktikoari buruzko jardunaldi batekin jarraituko du larunbat honetan, adimen artifizialaren, zeregin teknikoen automatizazioaren eta organizazioen eraldaketa digitalaren inguruko lantegi espezializatuen bidez.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)