Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak 676,1 milioi euro izango ditu 2027an euskal industriaren defentsa, eraldaketa eta hazkunderako

Argitalpen-data: 

  • Sailaren aurrekontua 676,1 milioi eurokoa izango da 2027an, 2026an baino % 3,9 gehiago eta baliabide propioei dagokienez % 6 gehiago, MRR funtsak kontabilizatu gabe.
  • Kontuak bat datoz Euskadi 2030-Industria Planaren lehentasunekin, eta hiru ardatzen inguruan egituratzen dira: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago. Administrazioa sinplifikatzea da zeharkako printzipioa.
  • Mikel Jauregi: "Industria, Euskadiren iragana, oraina eta etorkizuna da. Gure aurrerapen mailaren, aberastasunaren eta ongizatearen iturburua da. Aurrekontu hauek gure industria defendatzera, bere eraldaketa eta hazkundea bultzatzera eta Euskadiren autonomia energetikoa indartzera bideratuta daude".

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroak 2. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak bere sailak 2027rako duen aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, 676,1 milioi euro izango dituena. Kontu horiek jarraipena ematen diote Euskadi 2030 Industria Planaren hedapenari, eta euskal industriaren lehiarako gaitasuna indartu nahi dute, ziurgabetasun geopolitikoak, energetikoak eta komertzialak markatutako nazioarteko testuinguru batean.

Sailburuak bere agerraldian nabarmendu duenez, nazioarteko muga-zergen politikak, Iranekiko gatazkak eragindako energia-tentsioek eta Ormuzeko itsasartea ixteak agerian utzi dute, berriro ere, Europako autonomia estrategiko handiagoa lortzeko beharra, energia-autonomian eta industria-indartzean oinarrituta.

Helburuak eta lehentasunak: Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago

2027ko kontuek legegintzaldiaren hasieratik Eusko Jaurlaritzaren ekintza gidatu duten bi lehentasun nagusiei erantzuten diete: zerbitzu publikoak indartzea eta Euskadi etorkizunerako prestatzeko beharrezkoak diren eraldaketetan inbertitzea.

Euskadi 2030 Industria Planak kontu horien orientazioa markatzen du, eta ibilbide-orri bat ezartzen du euskal industriak jauzi kualitatibo bat egin dezan lehiakortasunean, berrikuntzan eta jasangarritasunean.

Sailaren hiru ardatz estrategikoei eusteaz gain, enpresen eta Administrazioaren arteko harremana sinplifikatzea jasotzen du aurrekontuak zeharkako printzipio gisa.

Aurrekontu-ekintza funtsezko hainbat zutabetan oinarritzen da:

 

  • Proiektu Eraldatzaileen garapena sendotzea, legealdia hasi zenetik 965 milioi euro mobilizatu baitituzte.
  • Berrikuntza eta digitalizazioa indartzea, I+Gn eta adimen artifizialean inbertsio berriak eginez.
  • Trantsizio energetikoan aurrera egitea, berriztagarriak eta azpiegitura energetikoak hedatuz.
  • Klima egokitzeko eta ingurumena hobetzeko ingurumen-jarduera berriak bultzatzea.

Industria gehiago

Industria gehiago ardatzak enpresa-errotzea indartzea, ETE industrialen tamaina handitzea, balio-kate estrategikoak osatzea, inbertsioak erakartzea eta enpresen nazioartekotzea sendotzea du helburu. Jarduera nagusien artean, hauek nabarmentzen dira:

  • Dibertsifika programa, 62 milioi ETEek eta empresa handiek aktibo produktibuetan inbertsioak egiteagatik laguntzeko, 2027an eta 2028an.
  • Kluster programa, 5 milioi, %25 igoera 2026arekiko, eraldaketa-proiektuetarako laguntza eta inbertsioak erakartzeko.
  • Familia-ondorengotzako prozesuetan trantsizioa babestea, industria-jardueraren eta enpleaguaren jarraitutasuna bermatzeko, sustraitzea bultzatzeko ildo berri bat.
  • Startup zientifiko eta teknologikoen sorkutza eta eskalatzea bizkortzea: Basque Tek Ventures-en proiektuen zorroa handitzea (0,4 milioi) eta Hazten+ eguneratzea (1milioi) startupen eskalatzea bultzatzeko. 

Industria hobea

Bigarren ardatza industria hobe baterantz aurrera egitea da. Horretarako berrikuntza eta maila teknologikoa handituz:

  • Hazitek 137 milioi eurora iritsiko da. Legegintzaldiaren hasieratik ehuneko 47ko hazkundea izan duen programa da.
  • Berrikuntza Funtsa bat sortzen da, 25,5 milioirekin. Honen bitartez, transferentzia zientifiko eta teknologikoa bizkortu nahi dugu eta Proiektu Eraldatzaileak Berrikuntza Itsasargiekin lerrokatuko ditugu.
  • Azpiegitura teknologikoak ere indartzen dira, 35,4 milioirekin. Honen bitartez, Proiektu Eraldatzaileen eskalatzea errazten da. Adibidez, Erregai Berriztagarrien Hub-a edota Motor Aeronautikoaren Arkitektura Berriak izeneko Proiektu Eraldatazaileak.
  • 16 milioi euro bideratuko ditugu industriako PYMEetan Adimen Artifizialaren adopzioa azkartzeko. Horrek esan nahi du ehuneko 45 handitu direla BidaIA ibilbidea ezartzeko laguntzak. 

 

Isuri gutxiago

Trantsizio energetikoa da 2027rako kontuen lehentasun nagusietako bat. Helburua industria lehiakorrago eta iraunkorrago baterantz aurrera egitea da, aldi berean energia-segurtasuna eta autonomia estrategikoa indartuz. Ekimen nabarmenen artean, honako hauek daude:

  • Eguzki Hotz, 120 milioi klimatizazio jasangarriko sistemak ezartzeko laguntza-programa.
  • EEE mapa, 80 milioi 2030ean garapen eoliko eta fotovoltaiko handiak sustatzeko, 450MWko potentzia berriztagarri berria lortzeko.
  • Deskarbonizazio Harana, 75 milioi hidrogeno berdearekin eta CO2-arekin lotutako energia azpiegiturek garatzeko 2033rako.
  • BasquESG, milioi bat jasangarritasuna ebaluatzeko sistema bat garatzeko Euskal ETE industriarentzat. 

Ingurumena

Jasangarritasuna lortzea energia politika onak edukitzea baino gehiago da. Aurrekontu honetan, ingurumenaren arloan egiten ditugun jarduerak ere indartzen ditugu.

  • 2,3 milioi bideratzen ditugu hondakinak ezabatzeko biltegien programan. 
  • Klima Aldaketara egokitzeko 28,8 milioi ditugu, uholdeetatik babesteko eta uretako ekosistemak babesteko.  
  • Airearen kalitatean 2,9 milioi bideratuko ditugu. Partikula ultrafinak neurtzeko Supersite berri bat izango dugu eta airearen kalitatearen sarea hobetzen jarraituko dugu. 
  • 0,9 milioi euro jarri ditugu, Euskadik 2028an egingo duen Ingurumen Hezkuntzako Mundu Biltzarrerako. WEEC da bere izena.

Lurzoru industriala eta Parke Teknologikoak

Aurrekontuan, industria-proiektu berriak ezartzeko prestatutako lurzoru industriala eta teknologikoa bermatzeko inbertsioak jasotzen dira. Industria Lurzoruaren Erreserba Estrategikoan honako hauek inbertituko dira:

  • 25,1 milioi lurzorua birsortzeko jardueretan.
  • 45,9 milioi proiektu estrategikoak erakartzeko aktiboak erosteko.
  • 6,5 milioi industria garapen berrientzat, Eskuzaitzeta eta VIAP barne. 

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko teknologia-parkeek handitzen jarraituko du. Gaur egun, okupazioa % 90 ingurukoa da, eta, beraz, jarduera berriak bultzatuko dira Bilbon, Derion, Abanton, Donostian eta Gasteizen, gero eta handiagoa den enpresa-eskaerari erantzuteko.

Azkenik, sailburuak adierazi du aurrekontu horiei esker industria-lehiakortasuna bultzatzen jarraituko dela, berrikuntzaren, adimen artifizialaren eta deskarbonizazioaren bidez, eta, hartara, trantsizio energetikoa eta klima-aldaketara egokitzea indartuko direla.

"Industria, Euskadiren iragana, oraina eta etorkizuna da. Gure aurrerapen mailaren, aberastasunaren eta ongizatearen iturburua da. Aurrekontu hauek gure industria defendatzera, bere eraldaketa eta hazkundea bultzatzera eta Euskadiren autonomia energetikoa indartzera bideratuta daude ", laburbildu du Jauregik.

Sailburuak bere hitzaldia amaitzeko gogorarazi duenez, "kalitate handiko lanpostuak sortzeko oinarriak ezartzea da gure helburua. Enplegu egonkorra eta ondo ordaindua, gure seme-alaben asmoei erantzungo diena, eta beren potentziala eta proiektu pertsonalak eta profesionalak Euskadin erabat garatzeko aukera emango diena. Egoera konplexu honen aurrean, gure azken helburua argi daukagu, baita lortzeko modua ere: Elkarlana ".

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)