Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa inauguratu du gaur Bilboko Guggenheim Museoan. Azaroaren 5ean eta 6an egiten ari den topaketak hainbat herrialdetako adituak bildu ditu, ezagutza partekatzeko eta kultura-politiken egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko.
Bere hitzaldian, Bengoetxeak kulturak euskal gizartea eraikitzeko duen eginkizuna defendatu du, eta azpimarratu duenez, «Euskadin ulertu dugu herria eraikitzea kulturatik eraikitzea ere badela».
Lehendakariordeak adierazi du kultura arte-adierazpenak eta ondarea baino askoz gehiago dela: «Elkar ezagutzeko, elkarrekin bizitzeko eta gure gizartea eraiki nahi dugun modua zehazteko moduaren parte da». Ildo horretan, nortasun kulturala munduarekin elkarrizketan aritzeko ahots propioa dela nabarmendu du.
Bengoetxeak Euskal Kulturaren Behatokiaren ibilbidea ere jarri du balioan. Hogei urte bete ditu Euskadiko kultura-errealitateari buruzko informazioa, estatistikak eta azterketak sortzen.
Nazioarteko erreferenteak, ezagutza eta esperientziak partekatzeko
Foroan ibilbide akademiko eta profesional aitortua duten adituek parte hartzen dute, besteak beste, Antonio Ariñok, Valentziako Unibertsitateko Soziologiako katedradun emerituak eta 2026ko Soziologia eta Zientzia Politikoko Sari Nazionalaren irabazleak; Pierluigi Sacco-k, Chieti-Pescara Unibertsitateko Ekonomia irakasleak eta kulturaren ekonomian adituak; Marta Peirano-k, teknologian eta boterean espezializatutako analista eta idazleak; eta Jesús Prieto de Pedro-k, Kultura Eskubideen Andrés Bello Katedraren titularrak.
Horiez gain, Jordi Baltà, Re|Shaping Policies for Creativity nazioarteko txostenaren editore nagusia; Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia; eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia ere bertan izango dira. Horiez gain, hainbat lurraldetako kultura-behatokiekin eta kultura-politikekin lotutako ordezkari instituzionalek eta profesionalek parte hartuko dute, Txileko eta Hegoafrikako ordezkariek, besteak beste.
Kultura-politiken etorkizunari buruz hausnartzeko hiru ardatz nagusi
«Behatzea, Ulertzea, Proiektatzea» lelopean, Foroa hiru hausnarketa-arloren inguruan antolatu da. Lehenengoak kultura-behatokien eginkizuna aztertzen du, eraldaketa globaleko testuinguruan, eta politika publikoetarako baliagarria den ezagutza sortzeko duten gaitasuna.
Bigarrenak adimen artifizialaren eta kultura-analisiaren paradigma berrien eragina aztertzen du, haien inplikazio metodologiko eta etikoei erreparatuta. Hirugarrena kulturaren balio publikoan eta kultura-eskubideetan oinarritzen da, besteak beste, inklusioa, gizarte-kohesioa, kalitate demokratikoa eta lurralde-garapena ardatz hartuta.
Lehen jardunaldia, gaur osteguna, kultura-behaketari eta analisi-paradigma berriei buruzkoa da nagusiki. Bihar, ostirala, programak kulturaren balio publikoan eta kultura-eskubideetan sakonduko du.
Euskal Kulturaren Behatokiaren hogeigarren urteurrena dela eta, topaketak esperientzien trukea sustatu, ikuspegiak zabaldu eta nazioarteko lankidetzarako bide berriak sortu nahi ditu. Bengoetxeak adierazi duenez, «Foro hau ikasteko, ikuspegiak alderatzeko eta ezagutza partekatua eraikitzeko aukera da, kultura aurrean dituen erronkak ulertzeko askotariko begiradak behar baititugu».
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)