HUHEZIk euskarazko irakaskuntzaren zutabe gisa betetzen duen zeregin estrategikoa nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak, haren 50. urteurrenean

Argitalpen-data: 

  • Imanol Pradales: "pentsamendu kritikoa behar dugu, aurrerapen teknologiko-zientifikoak sortzen dizkigun erronka eta arazo berriak etengabe zalantzan jarriko dituena”

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (HUHEZI) sorburu izan zen Eskoriatzako Irakasle Eskolaren garrantzi historikoa nabarmendu du gaur Eusko Jaurlaritzak, Eskoriatzako Campusean egin den haren berrogeita hamargarren urteurreneko ekitaldian. Imanol Pradales Lehendakariak ikastetxe horrek Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren eraikuntzan eta euskarazko irakaskuntzaren hedapenean bete zuen zeregin erabakigarria nabarmendu eta eskertu du.

Pradales Lehendakariak aditzera eman du Debagoienean, kooperatiba-sare sendoa eta konpromiso soziokultural sakona dituen eskualdean, hezkuntza-proiektu hori bultzatu zuen ikuspegiak aukera eman zuela hezkuntza-egitura propiorik ez zuen herrialde baten premiei aurrea hartzeko.

Imanol Pradales Lehendakariak 50, urteurrena aintzat hartu du eta "humanismoa eta gizabidea herri baten norabidearen lehen lerrora ekartzeko beharra" aldarrikatu eta "pentsamendu kritikoa behar dugu, aurrerapen teknologiko-zientifikoak sortzen dizkigun erronka eta arazo berriak etengabe zalantzan jarriko dituena. Giza aurrerabideak humanismoa behar duelako; eta pentsamendu humanistaren aurrerapen zientifikoak. Pauso bat aurrera eman behar dugu. Gure ekintzek eta hitzek mundu honetarako partekatzen ditugun idealei zein neurritan erantzuten dieten etengabe planteatzea, baita Nazio gisa ere" gaineratu du.

Lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta harekin izan dira Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua.

Irakasle Eskolaren bilakaera

Irakasle Eskola 1976an sortu zen, eraldaketa sozial, politiko eta kultural sakonen testuinguruan. Hain zuzen, trantsizio demokratiko bete-betean zegoen gizartearen eskakizunei eta euskarazko irakaskuntzaren premia gero eta handiagoari erantzuteko gai izango ziren maisu-maistrak prestatzea helburu zuen komunitate-bultzadaren ondorioz sortu zen.

Debagoienean —kooperatiba-kulturak antolakuntza-eredu berritzailea sortu zuen testuinguruan— uste osoa izan zuten erakunde propio bat sortu behar zela bertan errotutako eta euskararekin eta euskal hizkuntzarekin konprometitutako irakasleen harrobi sendoa berma zedin. Apustu horrek berehalako eragina izan zuen: Irakasle Eskola ordura arte titulazio ofizialik gabe euskaraz irakasten zuten ehunka hezitzaile profesionalizatzeko funtsezko gune bihurtu zen. 1981ean, soilik, 147 maisu-maistrak erregularizatu zuten beren egoera akademikoa, Eskoriatzan jasotako prestakuntzari esker. Horiei gehitu behar zaizkie lehen urteetan ikasketak amaitu zituzten beste 700 irakasle inguru. Horiekin guztiekin, ikastoletan zein ikastetxe publikoetan euskarazko hezkuntza-sistema sendotzen lagundu zen.

Denborak aurrera egin ahala, Irakasle Eskolak eboluzionatu zuen, eta 1997an Mondragon Unibertsitatearen barruko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultate (HUHEZI) bihurtu zen. Eraldaketa horri esker, eskaintza akademikoa zabaldu ahal izan zen, ezagutza-arlo berriak txertatu ziren —humanitate digitalak, komunikazioa, kultura eta sormen-industriak, kooperatibismoa...—, egoitza berriak ireki ziren eta unibertsitate-proiektu propioa finkatu zen.

HUHEZIk bost hamarkada hauetan ekarpen handia egin dio Euskadiko hezkuntza- eta unibertsitate-sistemari. Denbora horretan, fakultateak modu erabakigarrian lagundu du irakasleen prestakuntzan, pedagogiaren berrikuntzan, komunikazio-eremuaren garapenean eta gizarte- eta kultura-eraldaketako proiektuen sustapenean. HUHEZIren lana kooperatibismoaren balioetan sakon errotuta dago eta konpromiso sendoa du hezkuntza-berrikuntzarekin. Izatez, arlo horretako erreferente bihurtu da.

Gaur egun, agerikoa da HUHEZIk Mondragon Unibertsitatearen barruan izan duen progresio jarraitua eta irmoa. Ezagutzaren transferentzia adierazgarria duen prestakuntza- eta ikerketa-erakunde sendo gisa finkatu da, eta proiektu honen oinarri izan zen hezkuntzarekiko, hizkuntzarekiko eta komunitatearekiko konpromiso berarekin aurrera egiten ari da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)