Hezkuntza sailak ikaskuntzak hobetzeko jarduketa berriak aktibatu ditu, irakurmena lehentasun hartuta

Argitalpen-data: 

Argazkia1.jpg
  • Sailak Hobekuntza Estrategiako neurrien eragina ebaluatuko du, irakurmenaren arloko jardunbide egokiak sistematizatuko ditu eta ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak berrikusiko ditu.
  • Hezkuntza Sailak baliabide digitalen hezkuntza-erabilerari buruzko irizpide eta jarraibide zehatzak ezartzeko eskura dagoen ebidentzia aztertuko du, eta 2027ko errolda-ebaluazioan funtsezko aldagaien bilakaeraren jarraipena egingo du.
  • Begoña Pedrosak eta Adituen Foroko kideek 600 ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe baino gehiagoko zuzendaritzekin partekatu dituzte gaur lehentasun horiek, atzo Foro horrek egindako bileraren ondoren.

(Barakaldo, 2026ko irailaren 11).- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasleen ikaskuntzak hobetzeko jarduketa-ildo berriak zehaztu ditu, PISA 2025eko emaitzak Ebaluazioko Adituen Foroarekin aztertu eta euskal hezkuntza-sistemaren bilakaerari buruz eskuragarri dauden gainerako ebidentziekin kontrastatu ondoren.

Hezkuntzako emaitzak ebaluatzea eta hobetzea lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat. Lan hori 2025eko otsailean abian jarritako Hezkuntzako Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integralaren esparruan garatzen da, eta hainbat ebaluazio, azterlan eta adierazletan oinarritzen da. Horiek aukera ematen dute ikaskuntzen bilakaera ezagutzeko eta erabakiak bideratzeko.

Estrategia Integralak jada identifikatua zuen funtsezko konpetentzietako ikaskuntzak hobetzeko beharra, irakurmena barne. PISAren emaitzek informazio berria eransten diote orain lan horri, eta Sailak konpetentzia horren lanketa bereziki indartuko du. Horretarako, emaitza onak lortzen ari diren jardunbideak identifikatu, sistematizatu eta zabalduko dira, ebidentzian oinarritutako jarraibide metodologikoak ikasgelara eramateko.

Lehentasun horrekin batera, Estrategia Integralaren barruan garatutako neurrien eragina ebaluatuko da, ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak berrikusiko dira, baliabide digitalen hezkuntza-erabilerari buruz dagoen ebidentzian sakonduko da eta 2027ko errolda-ebaluazioan funtsezko aldagaien bilakaera aztertuko da.

Lan-ildo horiek atzo Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak Ebaluazioko Adituen Foroarekin batera egindako azterketaren emaitza dira, eta gaur goizean Euskadiko 600 ikastetxe publiko eta itunpeko baino gehiagoko zuzendaritzekin partekatu dira, Barakaldoko BECen, «Hezkuntza-ebaluazioa eta sistemaren hobekuntza: ebidentziak, ikastetxeak eta estrategia partekatua» jardunaldian.

”Ekiteko garaia da. Funtzionatzen duena indartu, beharrezkoa dena berrikusi eta behar den lekuan erantzun berriak planteatu behar dira”, adierazi du Pedrosak jardunaldiaren irekieran.

DATUETATIK JARDUKETETARA

Gaur egindako jardunaldiak jarraipena ematen dio Sailak irailaren 8an PISA 2025eko emaitzak aurkeztu ondoren hartutako konpromisoari. Orduan, Hezkuntza Sailak Adituen Foroaren eta ikastetxeetako zuzendaritzen deialdia iragarri zuen, emaitzak aztertzeko eta Hezkuntzako Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integralaren barruan garatutako lanean informazio berria txertatzeko.

Atzo Foroarekin egindako bilerari esker, bost jarduketa-ildo zehaztu ahal izan dira: Estrategia Integralean garatutako neurrien eragina ebaluatzea; emaitzekin erlazio positiboa erakusten duten irakurmeneko jardunbide egokiak identifikatzea, sistematizatzea eta zabaltzea; hizkuntza-proiektuak berrikustea, hizkuntzen eta gainerako curriculumaren ikaskuntza planifikatzeko; baliabide digitalen hezkuntza-erabilerari buruzko irizpide eta jarraibide zehatzak ezartzeko eskura dagoen ebidentzia analizatzea; eta funtsezko aldagaien bilakaera analizatzea 2027ko errolda-ebaluazioaren bidez.

Emaitzak hobetzeko lana dagoeneko abian da. Estrategia Integrala 2025eko otsailean jarri zen abian, eta PISAk, hiru hilabete geroago egindakoak, informazio berria ematen du orain zer jarduketa indartu behar diren, zein berrikusi behar diren eta non esku hartu behar den intentsitate handiagoz identifikatzeko.

SISTEMAREN BILAKAERA EZAGUTZEKO EBIDENTZIA DESBERDINAK

Hezkuntza Sailak hainbat iturri, ebaluazio, azterlan eta adierazle ditu, eta guztiak batera aztertu behar dira euskal hezkuntza-sistemaren bilakaera ezagutzeko.

PISAk 15 urteko ikasleen konpetentziei buruzko nazioarteko erreferentzia ematen du. Ebaluazio Diagnostikoak Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 4. mailako ikasleei buruzko informazio propioa eta berriagoa ematen du. Horiei ISEI-IVEIk bultzatutako ikerketa- eta ebaluazio-proiektuak eta ikasleen ikaskuntzekin, ekitatearekin eta hezkuntza-ibilbidearekin lotutako beste adierazle batzuk gehitzen zaizkie.

Joan den astean, Sailak aurtengo apirilean eta maiatzean egindako 2026ko Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituen, PISA 2025etik ia urtebetera. Ebaluazio Diagnostikoak bilakaera positiboa erakusten du konpetentzia jakin batzuetan, baina ez uniformea. DBHko 4. mailan gaztelaniazko hizkuntza-komunikazioak hobekuntza esanguratsua izan du, konpetentzia zientifikoak hobera egin du eta euskara egonkor mantendu da; Lehen Hezkuntzako 6. mailan euskara eta matematika hobetu dira, zientziak mantendu egin dira eta gaztelania jaitsi egin da.

PISAk eta Ebaluazio Diagnostikoak lotutako konpetentziak ebaluatzen dituzte, baina esparru, aplikazio-une eta populazio desberdinak dituzte. Bakoitzak informazio desberdina eta beharrezkoa ematen du. Ebidentzia bakar batek ere ez ditu besteak ordezkatzen, eta eskura dagoen informazioaren baterako azterketatik abiatuta eraikitzen da sistemaren diagnostikoa.

“Eskura dugun informazio guztiarekin lan egingo dugu: PISA, Ebaluazio Diagnostikoa, abian ditugun proiektuak eta, jakina, ikastetxeetan dugun ezagutza eta informazioa. Informazio hori guztia uztartu behar dugu, zer gertatzen ari den hobeto ulertzeko eta hartu beharreko erabakiak bideratzeko”, azaldu du sailburuak.

IRAKURMENA, LEHENTASUNA

Irakurmena hobetzea Hezkuntzako Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integralaren lehentasunen artean dago jada. Euskadik PISAn izandako emaitzek konpetentzia horren lanketa indartzeko eta hobetzeko jarduketetan sakontzeko beharra berresten dute.

Irakurmena transbertsala da. Arazo matematiko bat ulertzeko, testu zientifiko bat interpretatzeko, informazioa erlazionatzeko, argudiatzeko edota denbora eta ahalegina eskatzen dituen testu baten aurrean arreta mantentzeko gaitasunari eragiten dio.

Sailak emaitza onak lortzen ari diren jardunbideak identifikatzeko, sistematizatzeko eta ikastetxeetara hedatzea errazteko lan egingo du, ebidentzia zientifikoa eta metatutako ezagutza irakasleen esperientzia profesionalarekin uztartuz.

Arlo horretan, euskal hezkuntza-sistemak baditu proiektu espezifikoak. Horien artean dago ITT (Irakurketa Trebetasunak neurtzeko Tresna), irakurketa-trebetasunak ebaluatzeko eta ikastetxeei beren esku-hartzea bideratzeko informazio erabilgarria emateko tresna. Abian jarri zenetik, 32.770 ikaslek parte hartu dute ITT2n, eta ITT5eko parte-hartzea 6.732 ikaslera iritsiko da, 2026ko urrian parte hartuko dutenak kontuan hartuta.

Tresnak hezkuntza-praktikan ere eragina izaten ari da. Jasotako erantzunen % 84k adierazten du ITTren emaitzetatik abiatuta ikastetxean irakurketa lantzeko moduren bat aldatu edo egokituko dela.

TEKNOLOGIAREN HEZKUNTZA-ERABILERA ETA HIZKUNTZA-PROIEKTUAK

Adostutako beste ildoetako bat da baliabide digitalen hezkuntza-erabilerari buruz eskura dagoen ebidentzia sakon aztertzea, ikastetxeetara eraman daitezkeen irizpide eta jarraibide zehatzak ezartzeko.

Azterketak teknologiaren zer erabilerek errazten duten ikaskuntza, zeinek zaildu dezaketen eta zer baldintzatan aztertuko du, eta arreta jarriko du irakurketarekin, kontzentrazioarekin eta arretarekin duten loturan. Aldi berean, ikasleen konpetentzia digitala garatzen jarraituko da.

Era berean, Sailak ikastetxeetako hizkuntza-proiektuen gainean lan egingo du, hizkuntzen ikaskuntza planifikatzeko tresna gisa duten eginkizuna indartzeko eta hizkuntzaren ikuspegitik gero eta askotarikoagoa den gizarte- eta hezkuntza-errealitatera egokitzeko.

EZAGUTZA ADITUA ETA IKASTETXEEN EZAGUTZA

Gaur BECen egindako jardunaldiak aukera eman du lehentasun horiek 600 ikastetxe baino gehiagoko zuzendaritzei helarazteko eta garatzen ari diren ikerketa- eta ebaluazio-proiektuak partekatzeko, ezagutza erabilgarria sortzeko eta sistemaren eta ikastetxeen hobekuntzara eramateko.

Horien artean dago Lehen Hezkuntzako eskola-eraginkortasunari eta -hobekuntzari buruzko azterlana. 2019ko, 2023ko eta 2025eko Ebaluazio Diagnostikoetako informazioa erabiltzen du, beren testuingurua kontuan hartuta eraginkortzat jotzen diren ikastetxeak identifikatzeko eta haien emaitzak azal ditzaketen jardunbideak eta faktoreak aztertzeko. Helburua beste ikastetxe batzuentzat orientagarri izan daitezkeen jardunbide egokiak identifikatzea da.

Halaber, Irakaskide aurkeztu da, irakasleen indukzio- eta ebaluazio-programa esperimentala. Esperientzia pilotu gisa garatzen ari da 11 ikastetxetan, 15 mentorerekin eta praktikaldiko 40 irakasle funtzionariorekin, eta aldi horren prestakuntza-dimentsioa indartu nahi du mentoretzaren, hausnarketaren eta ebidentzietan oinarritutako ebaluazioaren bidez.

Haiekin batera, BerrAldatzen proiektuak testuinguru konplexuetan lan egiten duten ikastetxeen eraginkortasuna eta ekitatea hobetzeko diseinatutako politikak aztertzen ditu, erabakiak hartzen eta sistema hobetzen lagunduko duten ebidentzia eta tresna praktikoak sortzeko helburuarekin.

Topaketak aukera eman du ikerketak eta ebaluazioak sortutako ezagutza zuzendaritzen eta ikastetxeen ezagutza profesionalarekin bateratzeko, eskura dauden ebidentziak ikaskuntzak hobetzeko erabaki eta jarduketa erabilgarri bihur daitezen.

”Gakoa da zorroztasunez aurrera egitea, erabakien eragina ebaluatuz eta beharrezkoa dena egokituz”, esan du amaitzeko Pedrosak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)