- Herritarrek bihartik aurrera eman ahal izango dute izena urriaren 19tik azaroaren 5era Donostiako lurpeko pasante berria ezagutzeko
- Haurrentzako marrazki lehiaketa batek trenbide zerbitzuaren etorkizunaren inguruan gazteen begirada jasoko du
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak urrian eta azaroan herritarren bisitak antolatu ditu Donostiako Topoaren lurpeko hiru geltoki berrietara: Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa. Ostegun honetatik aurrera, urriak 8, eta plaza guztiak bete arte, izena emateko epea irekiko da interesdunentzat. Bisitetan Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko teknikarien eskutik zerbitzu publikoari buruzko informazioa jasoko dute.
Izena presentzialki eman ahal izango da, 08:30etik 14:30era, Euskal Trenbide Sarearen Herritarrei Arreta Emateko Bulegoan (Topogunea), Amarako geltokiko atondoan; 680 564 204 telefonora deituta; edo topo.eus webgunean eskuragarri dagoen online inprimakiaren bidez.
Izena emateko honako datu hauek aurkeztu beharko dira: izen-abizenak, adina, NAN eta harremanetarako telefonoa eta/edo helbide elektronikoa, eta, aldi berean, zein geltoki bisitatu nahi duten eta eguna eta ordua adieraziko dituzte.
Lehenengo bisita-txandak Amarako geltoki berrian izango dira (Autonomia kaletik sarbidea), urriaren 19an, 20an eta 21ean, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Ondoren, bisitak Bentaberrira lekualdatuko dira urriaren 27, 28 eta 29an, eguneko hiru txandatan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Azkenik, herritarrek Kontxa-Zentroko geltoki berria ezagutzeko aukera izango dute azaroaren 3an, 4an eta 5ean, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan.
Haurrentzako marrazketa lehiaketa
Gainera, ostegun honetan ‘Nola imajinatzen duzu etorkizuneko Topoa?’ haurrentzako marrazki-lehiaketan parte hartzeko epea irekiko da. Lehiaketaren helburua da trenak eta mugikortasun jasangarriak familien egunerokoan, haien joan-etorrietan duen garrantzia balioan jartzea, besteak beste, eskolara, lanera, senideak bisitatzera, eta kirol edo aisiako beste edozein jardueratara.
Lehiaketa honen bidez, etorkizuneko erabiltzaileekin batera hausnartu nahi da nola mugitzen garen eta zer egin dezakegun gure desplazamendu-ohiturak hobetzeko eta gure planeta zaintzeko. Parte-hartzaileek marrazki libre bat egin beharko dute, baldintza bakarrarekin: etorkizuneko trena nolakoa izango den erakustea. Sormena eta originaltasuna, proposatutako gaiarekiko lotura, adinera egokitutako kalitate artistikoa eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako balioak transmititzeko gaitasuna baloratuko dira.
13 urte arteko haurrek (hauek barne) parte hartu ahal izango dute, kategoria hauetan:
- 5 urtera arte (2021ean, 2022an, 2023an, 2024an eta 2025ean jaioak)
- 6-7 urte (2019-2020an jaioak)
- 8-9 urte (2017-2018an jaioak)
- 10-11 urte (2015-2016an jaioak)
- 12-13 urte (2013-2014an jaioak)
Marrazkiak urriaren 8tik 30era bitartean jasoko dira (biak barne). Herritarrei arreta emateko Euskotrenen bulegoan entregatu daitezke paperean, Amarako geltokian (Easo plaza 6, Donostia), astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara. Marrazkiak posta elektronikoz ere bidal daitezke, helbide honetara: topoabadator@euskotren.eus. Lehiaketaren oinarriak aldez aurretik irakurtzea gomendatzen da, beharrezkoa den dokumentazioa bidaltzeko.
Epaimahaiak kategoria bakoitzeko bi lan aukeratuko ditu (irabazlea eta finalista), eta, beste sari batzuk jasotzeaz gain, 2051. urtera arte Kontxa-Zentroko geltoki berrian gordeko den denboraren kapsulan sartuko dira. Irabazleak azaroaren 4an ezagutuko dira www.topo.eus eta www.euskotren.eus webguneetan eta Euskotrenen sare sozialen bidez. Web-orri horietan bertan lehiaketaren oinarri guztiak kontsulta daitezke.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)