- Eusko Jaurlaritzak Easo-Amarako Trenbide Zabaltzako esparruaren hiri-eraldaketarako lehiaketaren bigarren fasea ireki du, eta auzotarren ekarpenak jasotzen dituen memoranduma entregatu die hiru arkitektura-estudio finalistei
- Denis Itxaso: “Eusko Jaurlaritza lehentasunik handiena ematen ari zaio etxebizitzaren kausa sozialaren esku-eskura dauden eta Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren lurzoru publikoak mobilizatzeari. Erritmo onean ari gara lanean, hiriko beste esparru askok jasaten dituzten epe luzeek espediente hau mendean har ez dezaten”
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaur aurkeztu du Donostiaren Easoko Trenbide eremuko hirigintza-esparruari dagokion herritarrek parte hartzeko prozesuaren emaitzak jasotzen dituen memoranduma, enklabe estrategiko horren eraldaketa definituko duen lehiaketaren bigarren fasean auzotarren iritzia irizpide zehatz eta egiaztagarrietara eramateko pentsatutako dokumentua.
Ekitaldian, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Etxebizitzako sailburuorde lagun zuela, honako hau defendatu du: “Eusko Jaurlaritza lehentasunik handiena ematen ari zaio etxebizitzaren kausa sozialaren esku-eskura dauden eta Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren lurzoru publikoak mobilizatzeari. Erritmo onean ari gara lanean, hiriko beste esparru askok jasaten dituzten epe luzeek espediente hau mendean har ez dezaten”. Itxasorekin batera, Josean Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko (EAI) zuzendaria izan da.
Trenbide Zabaltza Topoa lurperatzeari lotutako hiri-aukera paregabea da. Izan ere, 21.000 m² lurzoru libre utzi ditu, eta hiriaren erdialdea Amara auzoarekin lotzeko aukera emango du, etxebizitza, berdeguneak, ekipamenduak eta oinezkoen konexioak uztartzen dituen esku-hartze bati esker. Esparruan 400 eta 500 etxebizitza babestu artean eraikitzea aurreikusten da, gazteek eskuratzeko helburuarekin: etxebizitzen % 50, hain zuzen, 36 urtetik beherakoentzat izango dira. Itxasoren hitzetan, “helburu nagusia da gaur egun hiritik kanporantz bultzatzen ari diren gehiengo soziala eraginpean hartzen duen bizitegi-krisiari erantzutea, eta arkitektura-kalitate handiko proiektuekin egitea hori, zabalgune erromantikoa Amarako hirigintza-hedapenarekin lotzen lagunduko duen hirigintza gauzatuta”.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak nabarmendu duenez, gainera, “esku-hartze horrek sakonetik eraldatuko du oztopo arkitektoniko handi bat, integrazio eta kohesio sozialeko espazio berri bihurtzeko, eragiketa hori Euskadi osorako eredu izan dadin. Frogatuko dugu, herritarrek parte hartzeko prozesuan adierazi duten borondatea errespetatuz, eraginpeko auzoen eta komunitatearen identitatea indartuko duten auzo berriak egin daitezkeela, balio arkitektonikoa eman, paisaia-integrazioa zaindu, herritarrei hurbileko ekipamenduak eta zerbitzuak ekarri eta, gainera, erdiko klaseentzako etxebizitza kopuru egokia eraikitzea ahalbidetuko duten auzoak”.
Herritarren lehentasunak: kiroldegia, hiri-parkea eta auzo-ekipamenduak
Memorandumak parte hartzeko prozesuaren 867 erantzun aztertu ditu, eta herritarren lehentasunak ordenatu egin ditu, proiektuaren hurrengo faseak gida ditzaten. Gehien errepikatu diren iradokizunen artean, kiroldegia (219 aipamen; % 25,3), berdeguneak eta itzalpeak (176; % 20,3), kultur etxea (93; % 10,7) eta anbulatorioa edo osasun-zentroa (71; % 8,2) aipa daitezke. Dokumentuak, gainera, behin eta berriz egiten diren beste eskari batzuk ere jaso ditu: hiri-altzariak eta "erosotasuna —hala nola iturriak, eserlekuak, komunak eta argiztapena—, liburutegia edo ludoteka, haur-parkeak, trafikoa baretzea eta egoiliarrentzako aparkalekuak, eta eraikuntza-bolumenari eta etxebizitza babestuen premiari buruzko kontsiderazioak.
Planteatzen da, era berean, ezarpenak espazio publikoa eta hiriko berdeguneak lehenestea elementu egituratzaile gisa —parkea izango litzateke bizikidetza-azpiegitura eta klima-babeslekua—, eraikuntzak espazio libreen sistemari lagundu diezaion eta multzoaren hiri-kalitatea indartu dezan. Ildo horretan, espazio libreen sistema jarraitua gomendatzen da: zuhaitz itzaltsuak, lurzoru iragazkorrak eta ibilbide argiak eta seguruak, puntu itsuak saihesteko eta irisgarritasun unibertsala eta auzoen arteko oinezkoen konektagarritasuna indartzeko.
|
Lehentasuna / Eskaria |
Aipamen kopurua |
Erantzunen ehunekoa |
|
Kiroldegia |
219 |
% 25,3 |
|
Berdeguneak eta itzalpeak |
176 |
% 20,3 |
|
Kultur etxea |
93 |
% 10,7 |
|
Anbulatorioa / osasun-zentroa |
71 |
% 8,2 |
|
Integrazio estetikoa/hiritarra |
62 |
% 7,2 |
|
Iturriak, eserlekuak, komunak, argiztapena |
52 |
% 6,0 |
|
Etxebizitza gutxiago / ez eraikitzea |
43 |
% 5,0 |
|
Liburutegia/ludoteka |
39 |
% 4,5 |
|
Etxebizitza soziala/babestua |
38 |
% 4,4 |
|
Altuerak mugatzea / integrazio bolumetrikoa |
38 |
% 4,4 |
|
Bizilekua / cohousing seniorra |
36 |
% 4,2 |
|
Haur-parkeak |
35 |
% 4,0 |
|
Trafikoa lurperatzea / baretze gogorra |
34 |
% 3,9 |
|
Egoiliarrentzako parkinga |
32 |
% 3,7 |
|
Auzoko merkataritza |
24 |
% 2,8 |
Denis Itxasok dokumentuaren izaera betearazlea eta lehiaketaren fase erabakigarrian duen inpaktua nabarmendu nahi izan ditu: “herritarren parte-hartzeak benetako inpaktua du Trenbide Zabaltzan, lehentasunen zerrenda garbia da, proposamen finalistek soluzio zehatzekin erantzun behar dieten irizpideak jasotzen dituena: ekipamendu baliagarriak, itzalpez hornitutako berdeguneak eta hiri-integrazioa”. Eragiketaren anbizio politikoa ere azpimarratu du Itxasok: “erdialdeko enklabe batean etxebizitza babestua eraikitzeaz ari gara, baina hiria egiteko modu batez ere bai: espazio publikoa eta ekipamenduak dira bizkarrezurra, eta auzoko eguneroko bizimoduaren zerbitzura dago eraikuntza”. Era berean, lehiaketan exiji daitekeen esparru baterantz egin den jauzi metodologikoa nabarmendu du, “memorandumak trazabilitatearekin lan egitea ahalbidetzen du-eta. Herritarren ekarpenak, horrela, helburu zehatz bihurtzen dira, eta bigarren fase honetan baloratuko dugu talde finalistek zenbaterainoko gaitasun erreala duten eskari horiek bideragarritasun ekonomikoarekin eta jasangarritasun sozialarekin batera integratzeko”.
Hurrengo urratsak: proposamenak proiektu finalistetan integratzea
Sailak Donostiako Udalarekin eta arkitektura-estudioekin partekatu du memoranduma, lehiaketaren bigarren faserako eskakizun-esparru gisa. Eta datozen egunetan beharren programa adostu ahal izatea espero du. Programa hori hiru finalistei egindako enkarguaren parte izango da, azken proposamenak egin ahal izateko. Baldintza-agirian, Eusko Jaurlaritzak bereziki baloratuko du dokumentuan jasotako herritarren eskariak integratzeko gaitasuna, eta, horrekin batera, jasangarritasun ekonomikoa —bideragarritasuna, urbanizazio-kargak eta mantentze-lanak— eta jasangarritasun soziala —etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien tipologiak, hiri-kohesioa—, baita zerbitzu-sarien proposamena ere. Ingurumen-jasangarritasuna, lehenengo fasean kontuan hartu zena, arreta jasangarritasun ekonomikoan eta sozialean jarrita osatu da orain, azken erabakian jasangarritasun hirukoitzaren logika indartze aldera.
Mugarri horrek bat egiten du Trenbide Zabaltzako hirigintza-eragiketaren inguruan egindako parte-hartzerako eta zabalkunderako ibilbidearekin. Izan ere, kontraste publikorako espazioak eta herritarren ekarpen ugari izan ditu, hirian azken bi hamarkadetan egin den etxebizitza babestuen hirigintza-eraldaketarik handiena bideratzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)