Guztira 144.743 pertsonak eman diote baimena Osakidetzari Whatsapp bidez jakinarazpenak jasotzeko

Argitalpen-data: 

Osakidetza_SMS_eus.png
  • Euskal osasun zerbitzuak herritarrak animatu nahi ditu bide berri, arinago eta hurbilago hau informazio-kanal gisa erabil dezaten abisu, gomendio edo kanpainetarako
  • Aste honetan zehar, Osakidetzak 18 urtetik gorakoei baimenak SMS bidez jasotzeko kanpainarekin jarraituko du
  • Baimena Osakidetzaren webgunean gaitutako formularioaren bidez ere eman daiteke edo 945 006 500 telefonora deituta
  • Lehen mailako arreta indartzeko abian jarritako ekimen honekin, eta Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurrera egiten du Osakidetzaren eraldaketa digitaleko prozesuan

Osakidetzak jarraitu egiten du baimenak biltzeko kanpainarekin, Whatsapp bidez informazio-komunikazioen zerbitzu berria abian jartzeko. Orain arte, guztira 144.743 pertsonak eman dute baimena, beren mugikorretan informazio-mezu elektroniko bat jaso ondoren. Bertan, komunikazio-bide hori gaitzera gonbidatzen dira. Aste honetan, Euskal Osasun Zerbitzuak mugikorretara mezu bat bidaltzen jarraituko du, baimen hori eman daitekeen formulariora sartzea errazten duena. 

2026ko Lehen Mailako Arretako Kudeaketako eta Helburuen Planaren parte da, eta bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin. Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurrera egiten du Osakidetzaren eraldaketa digitaleko prozesuan, eta bide erraz, hurbil eta irisgarri bat eskaintzen du herritarrak informatuta edukitzeko, aplikazio berriak deskargatu behar gabe eta herritar gehienen egunerokotasunean integratutako tresna baten bidez.  

Hala, Osakidetzak WhatsApp-en medio informazio-bide zuzenagoa, arinagoa eta herritarrek erabiltzen dituzten ohiko mezularitza-kanalekin konektatuagoa dagoen bidea eskaintzen die herritarrei. Berariazko baimen hori ematen ez bada, ezingo da jaso WhatsApp bidezko komunikaziorik.   

Baimena erraz-erraz eman daiteke, Osakidetzaren webgune ofizialean gaitutako formularioaren bidez edo 945 00 65 00 telefono-zenbakira deituz; telefonora deituz gero, erantzun-sistema interaktibo batek gidatuko du erabiltzailea prozesuan zehar. Edozein unetan aldatu ahalko da baimena, bide berberaren bidez. 

Horretaz gain, Osakidetzak SMS informatiboa bidaltzen ari da, baimenaren formulariorako zuzeneko sarbidea errazteko. Osakidetza 18 urtetik gorakoei bidaltzen ari zaie SMSa, eta datorren ostiralean, martxoak 20an amaituko da prozesua.  Ildo horretan, Euskal osasun zerbitzuak gogorarazten du datu pertsonalak eskatzen dituzten mezuak edo esteka ez-ofizialak dituztenak jasoz gero, ez dela klikatu edo erantzun behar. 

WhatsApp bidez bidalitako mezuek izaera informatiboa izango dute soilik, eta interes sanitarioko eduki orokorrekin izango dute lotura, hala nola abisuekin, kanpainekin, gomendioekin edo osasuna zaintzeko erabilgarriak diren gogorarazpen erabilgarriekin  Datu klinikoak eta informazio pertsonala ez dira inola ere sartuko. Aurrerago, Osakidetzak hitzorduak gogoraraziko ditu SMS bidez.

Baimentze-prozedurak eta zerbitzuaren baldintzak hemen kontsulta daitezke: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osakidetza-whatsappen/webosk00-landcon/eu/

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)