Gobernu Kontseiluak onartu du Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) aktibatzea zibersegurtasunarekin lotutako larrialdien aurrean

Argitalpen-data: 

Gobernu Kontseiluak zibersegurtasunarekin zuzenean lotutako Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) aktibatzeko prozedura onartu du gaur. Euskadi aitzindaria da arazo honekin lotutako larrialdi bati aurre egin ahal izateko prozedura espezifiko bat edukitzen.

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, “zibererasoak, gaur egun, beste arrisku bat dira, eta arazo bat izan daitezke herritarrentzat. Gure egunerokoan jasan ditzakegun eta nolabaiteko kezka sor diezaguketen ziberdelituez gain, zibergertakari handiei ere aurre egin behar diegu. Zibergertakari horiek ahultasun handiko egoerak sor ditzaketen ezaugarriak dituzte: sistema sanitarioei, energetikoei, logistikoei, segurtasunekoei, finantzarioei edo komunikaziokoei aldi berean eragiteko aukera”. Gainera, azpimarratu duenez, “kaltea azkar hedatzeak, haren jatorria ezagutzeko zailtasunak, eta herritarrengan eta ordena publikoan izan dezakeen inpaktuak zaildu egin dezakete herritarren egunerokotasuna”.

LABI aktibatuko da, bai Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak (Cyberzaintza) zuzenean eskatuta, bai larrialdiaren larritasuna, haren hedapena edo herritarren segurtasunari eragiten dioten oinarrizko zerbitzuak, oinarrizko azpiegiturak edo sistema publikoen funtzionamendu normala arriskuan jartzean duen eragina kontuan hartuta.

Euskotrenen plantilla handitzea Donostialdeko topoaren eraginez

Era berean, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Euskotrenen, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko sozietate publikoa, plantillan 50 profesional gehitzeari. Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzuak langile-premia handiagoak izango ditu 2026an, batez ere, Donostian Topoaren lurpeko pasabidea abian jartzearen ondorioz —lurpeko hiru geltoki berri izango dira hiriburuan— eta Altza-Galtzaraborda trenbide-saihesbidea abian jartzearen ondorioz. Gainera, horrekin batera, tren-maiztasunak ere ugarituko dira.

Nekazaritzako ustiategietarako aholkularitza eguneratzeko dekretua

Gaur Gobernu Kontseiluan onartutako beste gai bat nekazaritza-ustiategiei aholkularitza emateko sistema eguneratzen eta indartzen duen dekretua izan da, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratura (NPE) eta sektorearen behar berrietara egokituta. 272/2006 Dekretua ordezten du, eta nekazariek, kooperatibek eta abeltzainek lurralde osoan kalitate handiko laguntza teknikoa jaso ahal izatea bermatzen du.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duen bezala, dekretu honek jasotzen dituen hobekuntzen artean honako hauek nabarmentzen dira, “digitalizazioa eta prestakuntza, trantsizio ekologikoari eta jasangarritasunari laguntzea, zeinak sustatuko baitu ekoizpen ekologikora bihurtzea, baliabideak eraginkortasunez erabiltzea eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan karbono-aztarna murriztea, eta berrikuntza eta erresilientzia klimatikoa edo lehentasunezko kolektiboei laguntza espezifikoa ematea, hala nola nekazari gazteei eta sektoreko emakumeei, zeinek jarraipen pertsonalizatua izango baitute nekazaritza-jardueran sartzeko”.

Laneko segurtasun eta osasunean prestakuntza

Azkenik, Ekonomia, Enplegu eta Lan Sailak 300.000 euroko laguntzen berri eman du Gobernu Kontseiluan, Osalanek kudeatutako prebentzio-ordezkariak prestatzeko. Deialdia irekita dago prestakuntza-zentroentzat, erakunde sindikalentzat eta egiaztatutako prebentzio-zerbitzuentzat, “langileen ordezkarien gaikuntza indartzeko laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, eta, horrela, lan-ingurune seguruagoak eta osasungarriagoak sustatzeko”, azaldu du Ubarretxenak.

Gai zerrenda

Prentsa-txostena

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)