Gobernu Kontseiluak Donostian 5.000 etxebizitza babestu baino gehiago sustatzeko protokoloa onartu du

Argitalpen-data: 

Gaurko Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hirian etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien sustapena bultzatzeko sinatutako Jarduera Protokolo Orokorra onartu du. Akordioak etorkizunean Eusko Jaurlaritzari udal-titulartasuneko hamar eremu lagatzea aurreikusten du, Donostiako hainbat gunetan 5.095 etxebizitza babestu eta zuzkidura-apartamentu garatzeko.

Lehenengo multzoan, 994 etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki sustatuko dira hiriko sei eremutan. Horietatik 854 babes publikoko etxebizitzei dagozkie — BOE eta etxebizitza tasatuak —, eta 140 zuzkidura-apartamentuei. Bigarren blokeak epe ertain eta luzeko jarduketak jasotzen ditu, eta guztira 4.101 unitate babestu berri aurreikusten ditu; horietatik 3.921 babes publikoko etxebizitzak izango lirateke, eta 180 zuzkidura-bizitokiak. Etxebizitzen kopurua eta tipologia orientagarriak izango dira, eta dagozkien hirigintza-tresnak garatu beharko dituzte.

Esleipen-prozesuei dagokienez, “dokumentuak ezartzen du esleipendunek etxebizitza babestua eskuratzeko baldintza orokorrak bete beharko dituztela, eta gutxienez hiru urtez jarraian edo azken hamar urteetan bost urtez Donostian erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dutela” Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak azaldu duen bezala.

Ekonomia Ituna hedatzeko, gizarteratzeko eta nazioartekotzeko estrategia

Bestalde, Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d 'Anjouk, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Ekonomia Ituna hedatzeko, gizarteratzeko eta nazioartekotzeko estrategia azaldu du, “Euskadiko ekonomia- eta finantza-autogobernuaren tresna nagusiaren gizarte-ezagutza, herritarren balorazioa eta kanpo-proiekzioa indartzea helburu duen plana”.

Estrategia lau jarduera-ardatz handitan egituratzen da: hedapena, sistemaren ezagutza eta gardentasuna hobetzeko; sozializazioa eta iritzi publikoa, komunikazio-kanpaina egonkorren bidez; nazioartekotzea, Ekonomia Ituna Europako eta nazioarteko foroetan autonomia fiskaleko kasu arrakastatsu gisa kokatzeko; eta politika horiek instituzionalizatzea, Ogasun eta Finantza Sailaren barruan zerbitzu espezifiko eta iraunkor bat sortuz.

Indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alabentzako laguntza ekonomikoa

Gobernu Kontseiluan jorratutako beste puntu bat indarkeria matxistaren biktimen seme-alabentzako laguntza ekonomikoaren akordioa izan da. Urte honetarako 100 mila euroko dirulaguntza aurreikusten da.

Maria Ubarretxena bozeramaileak aurkeztu duenez “dekretuak ezohiko neurri bat jasotzen du: 10.000 euroko ordainketa bakarra, atzeraeraginezko izaerarekin, 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera amarekin umezurtz geratu diren pertsona guztiei, azken hori indarkeria matxistak erail badu eta adingabeak badira krimenaren unean. Pertsona horiek bi urteko epea izango dute laguntza hori eskatzeko”.

Era berean, laguntza hori seme-alaba horiek jasotzen dute urtero, 18 urte bete arte. Kasu batzuetan, laguntza pertsona horiek 25 urte bete arte luzatuko da: adibidez, ikasketa akademiko arautuak egiten ari badira edo seme-alaba umezurtzak badira, mendekotasunarekin edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasunarekin, adingabea den unean.

Hitzarmenak Sancho el Sabio Vital Fundazioarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die Eusko Jaurlaritzaren eta Sancho el Sabio Vital Fundazioaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean sinatutako bi lankidetza-hitzarmenei.

Hitzarmen hauei esker, gutxi gora behera, 277.000 artxibo batuko dira Euskadiren Liburutegien Bilgunea katalogora eta, guztira, 4.000.000 erregistro bibliografiko inguru egongo dira eskuragarri, obra bakoitzaren aleak Euskadiko zein liburutegitan dauden informazioarekin batera. Horrela https://www.test.katalogoak.euskadi.eus/bilgunea atariaren bidez, euskal herritarrek beren intereseko liburuak, aldizkariak eta bestelako materialak aurki ditzakete, ez bakarrik Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegienak, baita unibertsitateenak eta gero eta erakunde publiko eta pribatu gehiagorenak ere.

Ikerketarako lankidetza Cambridgeko Unibertsitatearekin

Gobernu Kontseiluak Cambridgeko Unibertsitatearekiko lankidetza berritzea onartu du, Basque Visiting Fellow programari jarraipena emateko. Programa horrek euskal ikertzaileen ikasturte bateko egonaldiak errazten ditu Clare Hall college-n. Hitzarmena hurrengo hiru ikasturteetan egongo da indarrean. Hitzarmenak 2026-2029 aldirako finantzaketa-esparru bat ezartzen du, 426.099 euroko zuzkidurarekin. Era berean, Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturterako programaren laguntzen deialdia onartu du.

 “Hitzarmenaren helburua da zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemaren nazioartekotzea indartzea, ikerketa-mugikortasuna sustatzea eta nazioarteko bikaintasuneko ingurune akademiko batean lankidetza-sareak sendotzea” Ubarretxena bozeramaileak azaldu du.

Basque Visiting Fellow programak bi ikerketa-egonaldi mota finantzatzen ditu. Visiting Fellow modalitateak 4,5 eta 9 hilabete arteko egonaldiak barne hartzen ditu, gehienez ere bi ikertzailerentzat. Plaza bat hezkuntzarekin, digitalizazioarekin eta STEAMekin lotutako proiektuetara bideratuko da berariaz, eta bestea, berriz, edozein ezagutza-arlori irekita egongo da.

Bestalde, Post Visiting Fellow modalitateak bi eta zortzi aste arteko egonaldiak egiteko aukera emango die aldez aurretik Clare Halleko Visiting Fellow (Life Members) programan parte hartu duten bi ikertzaileri.

Landare-jatorriko elikagai hartzitu berriak ikertzeko eta garatzeko hitzarmena

Azkenik, Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du, SpeedyFermHub europar proiektua garatzeko, landare-jatorriko elikagai hartzitu berriak ikertu eta garatzeko.

Hitzarmenak hartziduran eta landare-lehengaietan oinarritutako elikagai berritzaileen karakterizazioan, optimizazioan eta eskalatzean aurrera egiteko aukera emango du, elikadura-sistemaren egungo erronkei erantzuten lagunduz, hala nola jasangarritasuna, osasuna edo elikagaien segurtasuna. Era berean, proiektuaren helburua da ezagutza zientifikoa elikagaien industriako aplikazio praktikoetara azkarrago transferitzea. Guztira, 100.000 euro bideratuko dira proiektua gauzatzeko, eta EHUk garatuko du, bere lan-programaren arabera. Prozesu honetan, Elika Fundazioak ekimenaren jarraipenean eta laguntza teknikoan parte hartuko du.

Proiektu hau FutureFoodS Europako lankidetzaren lehen deialdian sartzen da. Ekimen estrategiko honek 29 herrialdetako 84 erakunde biltzen ditu, eta 525 milioi euro inguru mobilizatuko ditu hurrengo hamarkadan elikadura-sistemak eredu jasangarriago, seguruago eta erresilienteagoetara eraldatzeko.

 

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)