- Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Euskal Trenbide Sarea ente publikoa arduratuko da hiriburuaren hegoaldeko goiko auzoak, Irala eta Errekalde, metropoliko trenbide-sistemarekin lotuko dituen azpiegitura berriaren proiektuez eta obraz
Gobernu Kontseiluak astearte honetan eman du baimena, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eskatuta, Bilboko metropoli-trenbidearen 4. linea eraikitzeko eta finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko, helburu duena trenaren bidez lurralde-kohesioa bultzatzea, Bizkaia garraio publikoan egituratzeko oinarrizko ardatz gisa, hiriburua mugikortasun-gune gisa hartuta. Adostutako trazadurari esker, Sailaren mende dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) ente publikoak 6,7 kilometroko azpiegitura berria eraikiko du. Azpiegitura horrek Bilboko hegoaldeko auzoak eta metro-sarea lotuko ditu, eta sei geltoki berri izango ditu Deustu/Unibertsitatean, Parkean, Zabalburun, Moyuan, Iralan eta Errekalden.
Hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak finantzaketaren % 55 hartuko du bere gain eta Bizkaiko Foru Aldundiak gainerako % 45, gehienez 200 milioi 2032ra arte foru-administrazioaren kasuan. Aurreikusitako hasierako aurrekontua 412 milioi eurokoa da, eta zenbateko hori eraikuntza-proiektuek ezartzen dutenaren arabera eguneratu ahal izango da.
Proiektuek zehaztuko dute Matikon hasten den trazadura, metroaren gaur egungo L3 luzatuz –operadorea Eusko Jaurlaritzaren Euskotren sozietate publikoa da, eta etorkizuneko L4 eta L5 lineen zerbitzua ere kudeatuko du–. Matikotik, L4 linea lurpetik joango da Deustu auzoko unibertsitate-esparrurantz, Euskadi plazarekin, Moyua plazarekin lotuko da –han 1 eta 2 lineekin lotuko da–, eta Basurturantz jarraituko du Bilboko goiko auzoetatik, Irala eta Errekaldetik. Dena aurreikusita bezala badoa, Sailaren helburua da Errekaldeko obrak 2027aren amaieran hastea.
Bigarren fasea: L4 linea Enkarterrira luzatzea lehendik dagoen sarearen bidez
Azpiegitura berria eraikitzeaz gainera, hitzarmenak aurreikusten du zabalera metrikoko egungo C4f linea, Enkarterri eskualdea lurralde historikoko hiriburuarekin lotzen duena, eskualdatzea sustatzeko erakundeen arteko beharrezko harremanak ezartzea. Linea horren azpiegiturak Gobernu zentralaren eskuetan jarraitzen du Adifen bidez, eta bertatik aldiriko trenak igarotzen dira, Eusko Jaurlaritzari 2025eko urtarrilean transferitu zitzaion zerbitzua izanik. Hitzarmenean ezarritako helburua da C4fren azpiegituraren transferentziari bultzada bat ematea, Bilboko metroaren L4 lineak lehendik dagoen sare hori aprobetxa dezan eta, transferitu ondoren, Enkarterriraino luza dadin. Hitzarmena sinatu duten administrazioen egungo eskumen-esparrua gainditzen duten gaiak direnez, gero garatu beharko dira.
Bizkaiko datozen urteetako trenbide-azpiegiturak
Bilboko metroaren 4. linea Eusko Jaurlaritza legealdi honetan Bizkaian abian jartzen ari den trenbide-azpiegitura handiei batuko zaie. Basauri, Galdakao eta Usansoloko ospitalea metroarekin lotzeko eta Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotren sarearekin etorkizunean lotzeko metroaren 5. linearen obrak –6,3 kilometro eta bost geltoki berri– azpiegitura osatzen duten hiru zatietan doaz aurrera. Halaber, Bilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea eraikitzeko lehen urratsak ere eman dira. Lan horiek egiten ETS ari da Gobernu zentralaren kudeaketa-gomendio baten bidez, portuko salgaiak abiadura handiko sarearekin lotzeko, Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko udalerriak horrelako trenen joan-etorrietatik libratuz, gaur egun sarea aldiriko trenekin partekatzen baitute.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)