Gobernu Kontseiluak 7,7 milioi euro haurren hortzak zaintzeko programara (PADI) bideratzea onartu du

Argitalpen-data: 

Gaurko Gobernu Kontseiluan baimena eman da 2026ko Haurren Hortzak Zaintzeko Programari (PADI) dagokion 7,7 milioi euroko gastua egiteko.  Programa honek 7 eta 15 urte bitarteko herritarrei aho-hortzen osasunaren arloko prestazio sanitarioa bermatzen die. Programak urtero 200.000 haur inguru artatzen ditu doan, eta, horretarako, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialen laguntza du.

Azken urteotan, Osakidetzak aho-hortzen osasun-zerbitzuen eskaintza handitu du, 0-6 urte bitarteko haurren aho-hortzen osasunerako arretarekin, haurdunaldian zeharreko hortzetako prebentzio-jarduketekin eta paziente onkologikoentzako hortz-prestazioekin

Azken hamarkada honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-haurren aho-hortzen osasunak estatuko onena izaten jarraitzen du eta Europar Batasuneko buru-buruan finkatu da, Danimarka gisako herrialdeekin batera. Hala islatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Aho-hortzetako Osasunaren IV. Ikerketa Epidemiologikoak. 1988. urteaz geroztik, hamar urtean behin egiten den txosten horrek 7, 12 eta 14 urteko haurren aho-hortzen osasunaren erradiografia eskaintzen du, eta baliagarria da Osasun Sailak eta Osakidetzak garatutako politiken eragina ebaluatzeko.

Enpleguaren Euskal Foroa sorrera

Era berean, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Enpleguaren Euskal Foroaren sorrerari. Parte hartzeko kide anitzeko organo berria Euskadiko enplegu politika publikoen diseinua, jarraipena eta ebaluazioa indartzeko sortu da. Dekretu-proiektuak osaera, funtzioak eta funtzionamendu araubidea arautzen ditu, Enpleguaren Legean aurreikusitakoaren arabera.

Enpleguaren arloko erakundeen, eragile sozioekonomikoen eta entitateen partaidetza orekatua finkatuko du organo berri honek, eta gobernantza partekatuko esparru egonkor bat ahalbidetuko dio euskal enplegu sistemari. Foroaren misioen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Enpleguaren Euskal Estrategia, Euskadiko Hiru Urteko Enplegu Plana eta tokiko enplegu eta garapen planak izapidetzean nahitaezko txostenak egitea, bai eta enpleguaren arloko xedapen orokorrak ere; lan merkatuari eta enplegu politikei buruzko azterketa egitea, eta enpleguaren arloko proposamenak eta gomendioak egitea Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluari, Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei eta udalerriei.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)