- %14,2 handitu da sailaren aurrekontua 2027rako, burokrazia murrizteko, herritarren arreta hobetzeko eta adimen artifiziala pertsonen zerbitzura jartzeko helbururekin
- Ubarretxena: “Herritarrek arintasuna, gertutasuna, eraginkortasuna eta gardentasuna eskatzen dizkigute”. “Aurrekontuek enplegu publikoaren eredu berria sustatuko dute eta kalitate demokratikoa eta herritarren konfiantza indartu”
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak 192,4 milioi euro izango ditu 2027an, aurreko ekitaldian baino ia 24 milioi gehiago. Aurrekontuak administrazioaren eraldaketa sendotzeko aukera emango du, helburu batekin: pertsonen eguneroko bizitza erraztea, zerbitzu publikoak hobetzea eta herritarrek erakundeekiko duten konfiantza indartzea.
Eusko Jaurlaritzak partekatzen dituen hiru ardatzei erantzuten die proiektuak: zerbitzu publikoak indartzea, pertsonen benetako arazoei erantzuna ematea eta Euskadi etorkizunerako prestatzeko beharrezkoak diren eraldaketetan inbertitzea.
Administrazioaren eraldaketa sendotzea
Administrazio Digitalaren eta Zerbitzu Orokorren sailburuordetzak 140 milioi euro izango ditu, iaz baino %17 gehiago, eraldaketa digitala eta Administrazioaren modernizazioa sendotzeko.
Adimen artifiziala eraldaketa horren palanka estrategikoa izango da. ArgIAren bidez, Eusko Jaurlaritzaren IAren plataforma propioaren bidez, haren erabilera zabalduko da prozesuak sinplifikatzeko, langileei laguntzeko, arreta hobetzeko eta erabakiak hartzea errazteko, betiere azken hitza pertsonena izanik.
Herritarrek Administrazioarekin noiznahi, nonahi eta nolanahi harremanetan jarri ahal izateko, DENA ataria eta NEU euskal zorro digitala garatuko dira, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Tresna horiek administrazio guztien zerbitzu, datu eta espedienteetarako sarbide erraza eta segurua ahalbideratuko dute.
Herritarren arreta, eraldaketaren beste lan lerro nagusietako bat izango da. 1,5 milioi euro bideratuko dira arreta omnikanal, hurbil eta pertsonalizatura. Gainera, 10,6 milioi euro inbertituko dira Gasteizko Arka eraikina eta Bilboko Gran Via 85eko Zuzenean bulegoak egokitzeko.
Eraldaketa hori azpiegitura erresilienteetan ere oinarrituko da. Aurrekontuak 12 milioi euro bideratuko ditu administrazio elektronikoa indartzera; 26 milioi, zerbitzuen jarraipena bermatzen duten informazio sistemetara; 10 milioi, zibersegurtasunera; eta 9,4 milioi, Itelazpiren bitartez Euskadiko komunikazioak modernizatzen jarraitzera.
Enplegu publikoaren aro berria: talentua eta prestakuntza aldaketarako palanka gisa
Administrazioa osatzen duten pertsonak funtsezkoak dira hura eraldatzeko. Aurreikusitako erretiroen aurrean, Eki Planaren eta enplegu publikoaren aro berriaren eskutik, profil berriak eta talentua administraziora batu, etengabeko prestakuntza bultzatu eta ezagutzaren transferentzia erraztuko da, zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko. Enplegu Publikoko sailburuordetzak 31,6 milioi euro izango ditu helburu horietan aurrera egiteko.
2027an enplegu publilkorako eskaintza egituratu berriak eta gaitasunetan oinarritutako hautaketa prozesuak deituko dira. Horiek aurrera eramateko, aurrekontua 2,1 milioi euro handitu da. Eki Plana garatzearekin batera, prebentzio eta kontziliazio neurriak bultzatuko dira langileen ongizatea hobetzeko.
Kalitate demokratikoa eta herritarren konfiantza indartzea
2027an Euskadiko Gardentasun Legea garatuko da. Erakunde Harremanetarako sailburuordetzak 5,4 milioi euro izango ditu administrazio irekiagoa, gardenagoa, parte-hartzaileagoa eta ebaluagarriagoa sustatzeko.
Hauek izango dira ekimen nagusiak: GARDENA, Gardentasunerako Euskal Agintaritza, martxan jartzea; Eusko Jaurlaritzaren lehen Gardentasun Plana egitea; eta Interes Taldeen Erregistroa eta Partaidetza Taldeen Dekretua garatzea. Era berean, politika publikoak ebaluatzeko sistema eta parte hartzeko tresna berriak jarriko dira martxan.
Aurrekontuak aukera emango du, baita ere, gardentasun, parte-hartze eta informaziorako sarbide atariak integratzeko eta hobetzeko. Gainerako euskal erakundeekin batera, herritarren partaidetzarako tresnen gida egingo da. Helburua da herritarrek beren eskubideak baliatzeko informazio gehiago izatea, parte hartzeko aukera gehiago izatea eta jarduera publikoa kontrolatzeko gaitasun handiagoa izatea.
Autogobernua defendatzea zerbitzu publikoak babesteko
Autogobernuaren defentsa aurrekontuaren zehar-lerroa da. Araubide Juridikoaren sailburuordetzak 7,8 milioi euro izango ditu zerbitzu juridikoak modernizatu eta digitalizatzeko, euskal sektore publikoa defendatzeko eta Euskadiren erabakitzeko gaitasuna bermatzeko. Kopuru horretatik 5,3 milioi defentsa eta segurtasun juridikora bideratuko dira eta 1,6 milioi Euskadiko Aholku Batzorde Juridikora.
Autogobernuak, halaber, dimentsio teknologikoa ere du. 3 milioi euro bideratuko dira autonomia digitala indartzera: datuen, adimen artifizialaren eta azpiegitura kritikoen gaineko kontrol instituzionala mantentzeko, gaitasun propioak garatzeko eta euskal ekosistema teknologikoarekin etengabe elkarlanean aritzeko.
Lehentasunak 2027ra begira
2027rako aurrekontuek gobernatzeko era berri bat sendotuko dute, oinarri dituena: burokrazia gutxiago eta zerbitzu hobeak; gertutasuna eta irisgarritasuna; gardentasun, ebaluazio eta kontu-emate gehiago; teknologia pertsonen zerbitzura jartzea eta Enplegu Publikorako Eskaintza eredu berria eta langileen prestakuntza eta ongizatea, etorkizuneko Administrazioaren ardatz nagusi gisa.
“Herritarrek arintasuna, gertutasuna, eraginkortasuna eta gardentasuna eskatzen dizkigute. Ekintza politiko ororen erdigunean kokatu behar dugu pertsona. Esparru politiko eta estrategiko horren baitan kokatzen dira 2027rako ditugun lehentasunak: administrazioa sinplifikatzea, zerbitzu hobeak eskaintzeko; zerbitzu publikoetarako sarbidea erraztea; adimen artifiziala eskalatzea, kalitatezko zerbitzu publiko eraginkorragoak eskaintzeko; gertuko arreta inklusiboa bermatzea; enplegu publikoaren aro berria sendotzea etorkizuneko Administrazioa prestatzeko; kalitate demokratikoa indartzea, erakunde irekiago, garden, ebaluagarriago eta parte-hartzaileagoen alde eginez; eta autogobernua eta Eusko Jaurlaritzaren lana defendatzea, gure kudeaketa-, erabaki- eta jarduteko ahalmena babestu dezagun, Euskadin bizi garen pertsonen ongizatearen mesedetan”, amaitu du Ubarretxena sailburuak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)