Gizarte Ekonomia 98.000 enplegura iritsi da Euskadin, eta lan merkatu osoaren gainetik hazi da

Argitalpen-data: 

Perez_Barredo_Diaz_1.JPG
  • Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Pérez Barredok nabarmendu duenez, “Gizarte Ekonomiak berretsi egin du Euskadin kalitatezko enpleguaren, gizarte kohesioaren eta lehiakortasunaren motor gisa betetzen duen eginkizuna”
  • Euskal enpleguaren % 10,4 osatzen du sektoreak, eta okupazioa % 4,7 igo da 2022tik 2024ra bitartean; Euskadi osoan, aldiz, % 3,7
  • Kooperatibek eta lan sozietateek 64.800 enplegu baino gehiagoko maximo historikoa lortu dute, eta fakturazioa hobetzea aurreikusten da

 

Euskal Gizarte Ekonomiak bilakaera positiboa izan du eta ordaindutako 98.009 enplegu izatera iritsi da, hau da, Euskadiko enpleguaren % 10,4: merkataritza erakundeek ia 75.500 enplegu biltzen dituzte, eta irabazi asmorik gabeko erakundeek 22.510 lanpostu baino gehiago. 2024ko Gizarte Ekonomiaren Estatistikan eta 2025eko Aurrerapenean islatutako datuak dira.

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Pérez Barredok ostegun honetan Gasteizen egindako aurkezpenean nabarmendu duenez, “Gizarte Ekonomiak berriro erakutsi du hazkunde ekonomikoa, enplegua sortzea eta pertsonekiko konpromisoa uztartzeko gai dela. Enpresa eredu horrek egonkortasuna, sustraitzea, balioa eta gizarte kohesioa eskaintzen dizkio Euskadi osoari”.

2022tik 2024ra bitartean, enplegua % 4,7 hazi da, EAEko lan merkatu osoan erregistratutako % 3,7aren gainetik. Gainera, establezimenduen kopurua % 5,1 hazi da, eta ia 5.700 establezimendu fisikotara iritsi da Euskadin.

Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Diazek, bestalde, azpimarratu duenez, “ia adierazle garrantzitsu guztietan ikusten da hazkundea: enplegua, establezimenduak, jarduera ekonomikoa, inbertsioa eta nazioartekotzea. Gainera, 2025erako aurrerapenaren arabera, bilakaera positibo horrek jarraipena izango du, eta horrek berretsi egiten du euskal gizarte-ekonomiako erakundeen indarra eta egokitzeko gaitasuna”.

Kooperatiba eta lan sozietateetako enpleguaren hazkundearen ondorioz, okupazioa 64.814 enpleguraino igo da 2024an, serie historikoaren maximo absolutura, 2006an erregistratutako 63.480 enpleguko aurreko maximoa gaindituz.

Zehazki, kooperatibak dira enpleguaren indargune nagusia, ia 58.800 lanposturekin, eta horien atzetik enplegu zentro bereziak 10.560 enplegu baino gehiagorekin, lan sozietateak 6.000 enplegu baino gehiagorekin, laneratzeko enpresak (1.260 enplegu baino gehiago), eraldaketarako nekazaritza sozietateak (140 enplegu baino gehiago), arrantzaleen kofradiak (80 enplegu baino gehiago) eta BGAEak (75 enplegu).

Bestalde, Gizarte Ekonomiako irabazi asmorik gabeko erakundeek, estatistika horretan fundazioek eta onura publikoko elkarteek ordezkatuta, 1.606 establezimendu eta 22.510 enplegu batu zituzten 2024an, hau da, euskal gizarte ekonomiako establezimenduen laurden bat baino zertxobait gehiago (% 27,9) eta enpleguaren laurden bat inguru (% 22,6).

Ildo horretan, Pérez Barredok nabarmendu duenez, “Gizarte Ekonomia ez da gure ekonomiaren errealitate osagarri bat; ekonomiaren funtsezko zati bat da, eta pertsonak erdigunean jarriz haztea posible den adibide bat”.

Sektoreka, eta kooperatiben eta lan sozietateen artean, zerbitzuak dira enplegua sortzeko eragile nagusia, % 6,5eko hazkundearekin eta 35.896 enplegura iritsita. Eraikuntzak % 16,1 egin zuen gora (2.978 enplegu guztira), lehen sektoreak % 4,4 (381 enplegu guztira) eta industriak % 1,7 (25.559 enplegu guztira).

Lurraldeka, Arabako kooperatibek eta lan sozietateek izan dute gehikuntzarik handiena, % 10ekin, 6.309 lanpostura iritsiz; ondoren Bizkaia, % 4,8rekin eta 24.795 enplegurekin guztira; eta Gipuzkoa, % 4,1 eta 33.710 enplegurekin.

Enpleguaren hazkundea, gainera, jardueraren hazkundearen testuinguruan gertatu da. Kooperatiben eta lan sozietateen fakturazioa 11.175 milioi eurora iritsi zen 2024an, bi urte lehenago baino % 16,1 gehiago eta serie historikoaren mailarik altuena. Balio Erantsi Gordina % 20 inguru hazi zen, 3.965 milioi euroraino, eta esportazioak % 6,3 hazi ziren, 3.560 milioira iritsiz.

Enplegu egonkortasuneko eta jarduera hazkundeko agertoki bat marrazten du 2025ari dagokion aurrerapenak. Kooperatibek eta lan sozietateek 65.329 enplegu izango lituzkete, hau da, urte arteko % 0,8ko hazkundea. Eta bilakaera handiagoa izango litzateke fakturazioan, 11.833 milioi euro ingurukoa, serie historikoaren mailarik altuena. Aurreikuspenen arabera,
% 6 inguruko hazkundea izango da, eta industria izango da bultzatzaile nagusia. Fundazioen, enplegu zentro berezien eta laneratzeko enpresen kasuan, 2025erako aurreikuspenak are hobeak dira: aurreikusi da enpleguaren urte arteko hazkundea % 1,8koa izango dela, eta fakturazioarena % 6,4koa.

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak azpimarratu duenez, “hazten ari den, kalitatezko enplegua sortzen duen eta gure garaiko erronka askori hobeto aurre egiten dien enpresa ereduaz ari gara. Gizarte Ekonomiak lehiakortasuna eta pertsonekiko konpromisoa, lurralde errotzea eta berrikuntza uztartzen ditu, eta horrek Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialerako aktibo estrategiko bihurtzen du”.

Inbertsio gehiago eta digitalizazio gehiago

Inbertsioak ere bilakaera positiboa izan du. Euskal kooperatiben eta lan sozietateen inbertsio materialak eta ez-materialak 381,4 milioi eurora iritsi ziren 2024an, 2022an baino % 28,7 gehiago. Hazkundea, bereziki, industrian kontzentratu da, 2022an erregistratutakoa halako bi baino gehiago gainditu duen inbertsioak.

Txostena, halaber, erradiografiatu egiten ditu partehartzearekin, berdintasunarekin, talentuarekin, berrikuntzarekin edo digitalizazioarekin lotutako alderdiak. Berrikuntzari dagokionez, kooperatiben eta lan sozietateen % 27,5ek produktuaren edo prozesuaren berrikuntza jarduerak egin zituen 2022tik 2024ra bitartean, eta euskal ekonomia osoaren % 26,7k. Tasa % 36,4 igo da kooperatibetan eta industriako lan enpresetan.

Eraldaketa digitalaren arloan, kooperatiben eta lan sozietateen % 56,5ek barne kudeaketarako teknologiak integratu ditu partzialki edo erabat, eta ia erdiek (% 49,7k) zibersegurtasuneko edo datuen babeserako soluzioak dituzte. Gainera, % 17k adimen artifiziala edo prozesuak automatizatzeko sistemak erabiltzen dituzte, eta % 7,4k, berriz, euskal ekonomia osoa.

“Emaitza horiek milaka kooperatiba, lan sozietate, fundazio, onura publikoko elkarte, enplegu zentro berezi, laneratze enpresa eta bestelako erakunderen lana islatzen dute, egunero ekonomia inklusiboagoa, parte hartzaileagoa eta iraunkorragoa eraikitzen laguntzen dutenak. Eusko Jaurlaritzak, eta bereziki Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, ekosistema hori laguntzen eta bultzatzen jarraituko dugu, aberastasuna sortzen duelako, baina baita balioa eta gizarte kohesioa ere”, adierazi du Pérez Barredo sailburuordeak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)