• Ikuspegiren azken inkestaren arabera, Euskadiko lau pertsonatik hiruk uste dute diskriminazioa gizarte-arazo garrantzitsua dela
• Herritarren % 24,2k adierazi du diskriminazio-egoeren lekuko izan dela, eta % 14,6k diskriminazioa jasan du azken urtean
• Euskal gizarteak berdintasunarekiko konpromisoa islatzen du arauei dagokionez, eta berdintasun eraginkorra sustatzen duten politika aktiboen alde dago
Nerea Melgosa Vega Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, Marian Iriarte Ormazabal EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordeak eta Julia Shershneva Zastavnaia Ikuspegiko zuzendariak ‘Euskadiko biztanleek Diskriminazioaren inguruan dituzten Pertzepzio eta Jarrerei buruzko Inkesta (EPADE 2025)’ aurkeztu dute gaur. Inkestaren arabera, EAEko herritarrek aniztasunaren aldeko jarrera dute. Gizarte anitz batean bizi nahi duten euskal pertsonen kopurua % 77,8ra igo da, aurreko txostenean baino % 1,4 gehiago.
Hala ere, Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak azpimarratu duenez, “herritarren % 47,4k uste du diskriminazioa oso edo nahiko arazo garrantzitsua dela euskal gizartean. Aniztasunarekiko irekitasuna handiagoa da eguneroko bizikidetzan (auzoak, enplegua, etxebizitza), baina murriztu egiten da eremu intimo edo familiarretan, hala nola kolektibo eta talde sozial jakin batzuetako pertsonekiko harreman sentimentaletan”.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak nabarmendu du azal kolore, sinismen edo sexu-joera bakarra markatu nahi dutenen aurrean euskal herritarrek argi eta garbi hitz egin dutela. “Hori ez da haien diskurtsoa. Euskadiko biztanleen %77,8k gizarte anitz batean bizitzea nahiago du eta zifra hau iazkoa baino handiagoa da. Euskadiko herritar gehienek ez dute kolore bakarreko armairu karratu eta itxi baten bizi nahi. Naftalina usaina duten kanpoko diskurtsoak ez daude Euskadin errotuta, horrek ez du esan nahi kezka iturri ez direnik edo bazterketa kasurik ez dagoenik” esan du Nerea Melgosa sailburuak.
Nahiz eta euskal gizarteak talde sozial eta pertsona guztiei aukera-berdintasuna bermatzearen alde egin (% 91,7), tratu desberdina inoiz ez dagoela justifikatuta dioen adostasuna txikixeagoa da (% 55,1). Gainera, hiru pertsonatik bik (% 67,2) uste dute lehentasunezko tratua eman behar zaiela zenbait kolektibo edo talderi, gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko.
Hala ere, hamar pertsonatik zortzik uste dute diskriminazioa oraindik ere badagoela Euskadin, eta horrek kontzientzia sozial handia erakusten du fenomeno horren inguruan. Tratu desberdineko egoerak maizago gertatzen direla uste duten esparruei buruz galdetzen denean, etxebizitza eskuratzea eta lan-esparrua behin eta berriz agertzen dira herritarrek diskriminazio-arrisku gehiago hautematen dituzten esparruen artean.
Hala ere, hamar pertsonatik zortzik uste dute diskriminazioa oraindik ere badagoela Euskadin, eta horrek kontzientzia sozial handia erakusten du fenomeno horren inguruan. Tratu desberdineko egoerak maizago gertatzen direla uste duten esparruei buruz galdetzean, etxebizitza eskuratzea eta lan-esparrua behin eta berriz agertzen dira herritarrek diskriminazio-arrisku gehiago hautematen dituzten guneen artean.
Ikerketak jatorri atzerritarra, arrazakeria eta talde etnikoa euskal gizartean diskriminazioarekin lotura gehien duten faktoreak direla identifikatzen du. Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal gizartean hautemandako genero-diskriminazioaren nolabaiteko gutxiespena dagoela. Zehazki, biztanleriaren % 26k uste du emakume izateagatiko diskriminazioa ez dela “gertatzen” Euskadin. Pertzepzio hori bereziki nabarmena da gizonen artean: % 44,3k baino gehiagok dio genero-arrazoiengatiko diskriminazioa nahiko edo oso arraroa dela, eta horrek iradokitzen du gizartean arrakala bat dagoela desberdintasun-mota horren pertzepzioan.
Alokairuko etxebizitzak eskuratzen, herritarren % 79,6k uste du pertsonen arteko tratu-desberdintasunak gertatzen direla. Izan ere, auzo-bizikidetzari dagokionez, ijitoak, atzerritarrak eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonak dira gizarte-talde kaltetuenak. Datu horiek adierazten dute arbuio handiagoa egon daitekeela aipatu gizarte taldeekin bizitegi gunea partekatzerako orduan. Horrela, bizitegi-eremua diskriminazioak gehien erasandakoetako bat da, eta bertan agertzen dira, hain zuzen ere, jarrera baztertzaileak argien.
Lan-arloan, herritarren erdiek baino gehiagok (% 55,8) uste dute lan-kontratazioen prozesuetan desberdintasunak aplikatzen direla, baita hautagaiek kualifikazio berak dituztenean ere. Bizi izandako diskriminazioari dagokionez, EAEko biztanleen % 14,6k adierazi du diskriminazioa jasan duela azken 12 hilabeteetan, eta hori da migratuen edo atzerritarren eta emakumeen artean eragin handiena duen ezaugarria. Egoera horren aurrean, diskriminazioaren biktima gehienek (% 76,2) ez zuten inolako kexarik edo salaketa formalik egin; % 17,5ek, berriz, bai. Salaketa edo erreklamazio formal batek «ezertarako balio ez duela» pentsatzea da egin ez izanaren arrazoia.
Ikusitako diskriminazioari dagokionez, herritarren % 24,2k adierazi du diskriminazio-egoeren lekuko izan dela, batez ere atzerritarrak eta pertsona arrazializatuak izateagatik. Gertakari diskriminatzaile gehienak espazio publikoetan eta lan-eremuan gertatzen dira, bai lanean, bai lana bilatzean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)