
Gazteriaren arloko 2030 Euskal Estrategia (PDF, 1 MB) datozen urteetarako gazteriaren arloko politikak diseinatzeko eta planifikatzeko funtsezko tresna da.
Estrategia honek Euskadiko administrazio publikoei, zein gazteriaren arloan konpetentziak dituzten organismoei eragiten die, eta erakundeen eta sailen arteko koordinazio-esparrua ezartzea du xede nagusia.
Esparru horrek gazteekin lotutako esku-hartzeen eraginkortasuna handitu nahi du, kudeaketa integrala etajarduketa-ildo komunak sustatuz, gazteen arloko politika koherenteak finkatzeko Euskadin.
Zehazki, Estrategiak modu egituratuan antolatzen ditu administrazioen eta organismo publikoen jarduera bideratzeko helburuak, jarduketa-ildoak eta jarraibideak. Lehentasun argiak ezartzea eta gazteei zuzendutako zerbitzuetan, jardueretan eta ekipamenduetan prestazio homogeneoa bermatzea du xede. Horregatik,erakunde parte-hartzaile bakoitzaren1 gazteriaren arloko planak, proiektuak eta ekimenak hartzen ditu barne Estrategiak eta egitura koherente batean bateratzen ditu, Euskadik kolektibo horrekin lotuta duen etorkizuneko ikuspegiarekin lerrokatuta.
Lotura estua du Gazteriari buruzko martxoaren 10eko 2/2022 Legearekin. Araudi honek hiru ardatz nagusiren bueltan artikulatzen ditu bere ekintzak, gazteria-politikaren eta Gazteria Sistemaren bilakaeraren eta aldaketa sozialen arabera:
- Gazteen heltze- eta garapen-prozesuan laguntzea.
- Gazteen emantzipazioa eta helduarorako trantsizioa sustatzea.
- Parte-hartze soziala sustatzea arlo guztietan.
Indarrean dagoen araudiaren arabera, Estrategiak gazteen ikuspegia txertatzen du Euskadiko politika publiko guztietan eta 12 eta 30 urte bitarteko gazteak hartzen ditu barne. Emantzipatzeko batez besteko adina murriztean eta aukera-berdintasunean oinarritutako sozializazio-prozesuak sustatzean jartzen du arreta bereziki.
Halaber, Gazteria Legeak 25 jarduketa-ildo definitzen ditu eta hainbat arlo hartzen dituzte barne ildo horiek, hala nola enplegua, hezkuntza, etxebizitza, genero-berdintasuna, sexu- eta genero-dibertsitatea, kultura, kirola, osasuna eta prebentzioa, ingurumena, kontsumoa, boluntariotza, mugikortasuna eta bizikidetza.
Eraginkortasuna bermatzeko, ildo horiek hiru ardatzetan eta lehentasunezko hamar arlotan kondentsatu dira, Gazte Planarekin lerrokatuta:
EMANTZIPAZIOA ETA AUTONOMIA:
- Hezkuntza eta Enplegurako Prestakuntza
- Enplegua
- Etxebizitza
ONGIZATEA ETA IDENTITATE KULTURALA:
- Bizimoduak eta ingurune osasungarriak
- Euskara
- Kultura eta aisialdia
PARTE-HARTZEA ETA KONPROMISOA SOZIALA:
- Parte-hartzea
- Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna
- Dibertsitatea eta Bizikidetza
- Ingurumeneko jasangarritasuna

