- Aurtengo edizioak asmo handiagoko programazioa dakar, "Gaztemunduri Ateak Ireki" izenarekin
Eusko Jaurlaritzako ‘Gaztemundu’ programak Batzen Kultur Elkartearen ‘Ateak Ireki’ programarekin batu ditu indarrak, euskal diaspora globalean duen eragina zabaltzeko asmoz, "Gaztemunduri Ateak Ireki" izenarekin. Programa berri horrek Argentina, Uruguai, AEB, Kanada eta Australiako euskal komunitateetako gazteak hartuko ditu ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, eta Goierri (Gipuzkoa) eta Busturialdea-Urdaibai (Bizkaia) eskualdeetako familietara joango dira.
Aurten parte hartzen duten herrialdeetako Euskal Etxeen Federazioek ere lagunduko dute (Argentinako FEVA, Uruguaiko FIVU, Estatu Batuetako NABO eta Euskal Australiar Alkartea). Hori horrela, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek bat egingo dute programarekin, eta, gainera, eskualdeko eta tokiko partaidetza izango du, Urremendi elkartearen eta Goieki agentziaren bidez.
Kanpoan den euskal komunitateko berrogeita hamar gaztek baino gehiagok, Euskadi Global baten ideiarekin bat etorrita, prozesu paregabe horretan parte hartuko dute, eta, aldi berean, aukera bikaina izango da gazteen eta harrera-familien arteko harreman bizia ehuntzeko. Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren helburua da parte-hartzaileak kulturaren eta Herriaren aldeko pertsona aktibo bihurtzea.
Gaztemundu
‘Gaztemundu’ euskal diasporako gazteentzako programa bat da. Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza) antolatzen du, eta duela 30 urte sortu zen, 1996an. Harrezkero, euskal diasporako 800 gaztek baino gehiagok hartu dute parte egitasmoan.
Programak, urtero, euskal etxeetako 26 gazte hartu ditu batez beste. Gazte horiek bi prestakuntza-aste jaso dituzte eta Euskadiko txoko ikonikoak bisitatu dituzte. ‘Gaztemundu’ programaren edizio bakoitza gai baten ingurukoa izan da: kultur kudeaketa, gastronomia, dantza edo euskal musika-tresna tradizionalak.
Ateak Ireki
Aldi berean, ‘Ateak Ireki’ Batzen Kultur Elkarteak antolatzen du, eta AEBko eta Kanadako euskal diasporako gazteentzat da.
Eusko Jaurlaritzak programa hori babestu du sortu zenetik, eta, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Goieki agentziaren, Goierriko udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du.
Ateak Irekik uda-sasoiko hiru astetako esperientzia eskaini du. Goierri eskualdeko (Gipuzkoa) familiek euskal diasporako 102 gazte hartu dituzte, Ipar Amerikako bi herrialde horietakoak, euskara ikasten eta euskal kultura ezagutzen murgiltzeko.
Bi programa horien helburua Euskadiren eta diasporaren artean zubi iraunkorrak sortzea izan da, belaunaldi berriek Euskadi ireki, global eta partekatu batekin duten lotura kultural, linguistiko eta gizatiarra indartuz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)