Gazteizko 2026ko Enplegu Foroak 750 enplegu-aukera baino gehiago eskainiko ditu

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Ekitaldiaren 17. edizioa datorren maiatzaren 13an izango da Europa Jauregian.


Prentsaurrekoan. Francisco Pedraza, María Nanclares, Cristina González eta Ixone Fernández de Labastida.

Europa Biltzar Jauregian egingo dute maiatzaren 13an Vitoria-Gasteizko Enpleguaren 17. Foroa, Empleo Gune. Ekimena Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako campusak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak sustatu dute eta enpresa-sarearen eta gasteiztarren arteko topaketarako eta komunikaziorako gune gisa sendotu da.

Jardunaldiaren helburuak izango dira hauek: sektore ekonomiko ugarietako enplegu-aukerak eta etorkizuneko erronkak aztertzea, Araban hedatzeko bidean dauden enpresek behar dituzten profilak eta haien enplegu-eskaintzak hedatzea, eta gaitasunak hobetzera eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari direnen informazioa zabaltzera bideratutako jarduerak eskaintzea.

Laneratzea

Vitoria-Gasteizko Enplegu Foroan parte hartuko duten pertsonek 752 enplegu-aukera izango dituzte. 752 lanpostuetatik % 20,5ek unibertsitate-gradua eskatzen dute, eta % 36,7 Lanbide Heziketarako dira (10,5 goi-mailakoak, eta % 26,2 erdi-mailakoak). Halaber, % 5,9k DBH edo Batxilergoa eskatzen dute, % 1,2k profesionaltasun-ziurtagiriak eta % 39,6k ez dute kualifikazio-baldintzarik zehazten.

Gehien eskatzen diren jakintza arloei dagokienez, nabarmentzekoak dira industriarekin eta ingeniaritzarekin lotutakoak (eskainitako lanpostuen % 25,8 dira) eta administrazioarekin lotutakoak (% 13,7).

“Empleo Gune 2026n, sektore ekonomiko ugarietako enplegu-aukerak aztertuko ditugu, gure lurraldean hedatzeko bidean dauden enpresek behar dituzten profilak eta enplegu-eskaintzak hedatuko ditugu, eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari direnen gaitasunak hobetzera zuzendutako jarduerak eskainiko ditugu. 90 enpresa eta erakundek baino gehiagok parte hartuko dute, eta 750 lan-aukera baino gehiago eskainiko dituzte”, adierazi du María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak.


Aurkezpenaren prentsaurrekoa.

Cristina Gonzálezek Empleo Gunek Arabako enpresen eta enplegu-eskatzaileen arteko topaketarako erreferentziazko gune gisa izandako hazkundea eta kontsolidazioa nabarmendu ditu. “Empleo Gune lan-bitartekaritzako erreferente gisa finkatu da, eta, hain zuzen ere, aurten esposizio-azalera handitu behar izan dugu, parte hartu nahi duten enpresen kopurua handitu egin delako. Horrez gain, orientazioari ematen dion garrantzia ere nabarmendu nahi dut”.

Francisco Pedrazak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak, bestalde, honako hau nabarmendu du: “kontratazioetan eta langabeziaren murrizketan izandako bilakaera positiboa, neurri handi batean, Enplegu Gune bezalako programa eta ekimenen baterako bultzadari zor zaio, eta horietan sektore publikoak eta pribatuak lankidetza estua dugu”. Era berean, Pedrazak aipatu duenez, Gasteizko Enplegu Foroa “espazio egokia” da Araban presentzia eta proiekzio handia duten enpresen eta sektoreen giza baliabideen estrategia nagusiak eta hazkunde-planak ezagutzeko.

“Enplegu Foroaren ekimen honetan bezala, unibertsitatean ere erronka bat dugu: unibertsitatearen eta enpleguaren arteko zubiak ikusaraztea. Izan ere, EHU Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro handienetako bat da, eta hala berresten dute datuek: 10 graduatutatik 9 lanean ari dira 3 urte baino lehen, eta % 87 beren ikasketa arloari lotutako enpleguetan ari dira. Horregatik, Euskal Herriko Unibertsitatean kanpaina berria hasi dugu, enplegua eta laneratzea, eta kalitatezko lan-aukerak lehen planora ekartzen dituena, profesionalak prestatzera bideratutako mikrokredentzialen eskaintzarekin. EHUk etorkizunean lan egiten duelako. Hori da aurtengo kanpainarako aukeratu dugun leloa: etorkizunean lanean. Datuetan eta esperientzian oinarritutako apustua da, eta, aldi berean, enpresei beren beharretara egokitzen diren profil profesionalak identifikatzeko eta erakartzeko gune bat eskaintzen die”, adierazi du Ixone Fernández de Labastida Medina Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordeak.

Programazioa

Empleo Gune 2026k agenda bete-betea eskainiko du, tailerrekin, enpresen mahai-inguruarekin eta orientazioko profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikoarekin.

Tailerrei dagokienez, ordubeteko saioak egingo dira Europar Batasunaren esparruan enpleguak lortzeko moduari buruz: enplegu-publikorako oposizioei buruz, edo Lanbideren zerbitzuak erabiltzeko moduari buruz, adibidez.

Gainera, enpresa parte-hartzaileek 45 minutuko tailerrak egingo dituzte hainbat alderdiri buruz. Talgok lana bilatzeko kanalei eta eskaintzak aztertzeko funtsezko puntuei buruzko saioa eskainiko du; Grup Critek, berriz, enpresentzako curriculum erakargarria prestatzeko moduari buruzkoa; Trigo Quality Ibéricak elkarrizketa batean nabarmentzeko moduari buruzkoa; eta Novia Salcedo Fundazioak curriculum-bideoari eta eskaintzen bideoei buruzkoa.

Empleo Gune 2026ren programazioak, gainera, mahai-ingurua barne hartzen du. Bertan, Eroskik, Talgok, DHLk eta Eulenek sektore desberdinetako enpleguaren egungo egoera aztertuko dute: egungo ikuspegia, erronka berriak, gehien eskatzen diren profilak eta sortzen ari diren lanbide berriak; horrez gain, hautaketa-prozesuek nola funtzionatzen duten eta hautagaitzak aurkezteko funtsezko elementuak azalduko dituzte, baita enplegua bilatzeko gomendioak ere.

Era berean, lau orduko jardunaldi teknikoa egingo da osasun mentalari buruz, batez ere orientazioko profesionalei zuzenduta.