- Gobernantza publikoaren erronkak, fundazioen zeregina eta euskal autogobernuaren bilakaera eta indartzea aztertuko dira ikastaroetan
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak Euskadiren orainari eta etorkizunari lotuta estrategikoak diren gaiak aztertzeko eta eztabaidatzeko bi Uda Ikastaro antolatu dituzte. Lehena, enpresa-fundazioek Euskadin jokatzen duten eginkizunari buruzkoa; bigarrena, euskal autogobernuaren bilakaeraren ingurukoa, lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrenean.
Ikastaro horien bidez, Eusko Jaurlaritzak erakundeen, unibertsitatearen eta gizartearen artean hausnarketa partekatua sustatu nahi du, gobernantza demokratikoaren, arkitektura instituzionalaren eta lurraldean errotuak dauden fundazioek dituzten erronka handien inguruan.
Euskadiko fundazioen balioa
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak antolatutako "Enpresa-fundazioak: Gobernantza, Jabetza Arduratsua eta Errotzea, eta Euskadi eta Europako lege esparrua” izeneko ikastaroa ekainaren 17an egingo dira Donostiako Miramar jauregian. Ikastaro honetan, enpresa-fundazioek enpresen jabe arduratsu gisa duten rola aztertuko da, baita haien gizarte- eta ekonomia-eragina ere. Halaber, Euskadi zein Europako arau-esparrua ere jorratuko da.
Ikastaroak aukera emango du jabetza alternatiboko formulen garrantzian sakontzeko, gobernantzako praktika onak eta gainbegira-mekanismoak aztertzeko, belaunaldi-erreleboari eta enpresa-errotzeari buruz eztabaidatzeko eta Euskadirentzako aukerak identifikatzeko. Erakundeek eta akademiko-espezializatuek parte hartuko dute, Fundazioen Erregistroaren eta Babesletzaren lankidetzarekin.
Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren urteurrena
Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena da "Euskal autogobernua 90 urteren ondoren. Tradizioa, berrikuntza eta europar jomuga” Uda Ikastaroaren abiapuntua. Ikastaroa uztailaren 13an eta 14an izango da, Miramar Jauregian e, formatu presentzialean zein online formatuan zuzenean.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak antolatu du Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailarekin elkarlanean. Ikastaro honek, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, XX. mendean zehar euskal autogobernuaren instituzionalizazio politiko, juridiko eta sozialeko prozesuak eta gaur egun duen proiekzioa aztertuko ditu.
1936ko Estatutuaren balio historiko eta juridikoan; Jose Antonio Agirre buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren berezitasunean; demokraziaren berrezarpenaren osteko autogobernuaren eta jarraitutasun instituzionalean; memoria demokratikoan eta gizarte pluraletako gobernantza-ereduetan eta autogobernuaren dimentsio europarrari lotutako egungo erronketan sakonduko du programak. Ikastaroak tradizio instituzionala, berrikuntza politikoa eta etorkizunerako ikuspegia lotzeko aukera emango du.
Ikastaroei buruzko informazio guztia (programa, hizlariak...) eskuragarri dago UIKren webgunean. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago jada:
- Ikastaroari buruzko informazioa eta izen-ematea: "Enpresa-fundazioak: Gobernantza, Jabetza Arduratsua eta Errotzea, eta Euskadi eta Europako lege esparrua”.
- Ikastaroari buruzko informazioa eta izen-ematea: "Euskal autogobernua 90 urteren ondoren. Tradizioa, berrikuntza eta europar jomuga”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)