- Bi milioi eurorekin finantzatuko dute beste planta bat abian jartzea eta gainerako kapitalaren % 35 eskuratzea, NBI konpainiak tokiko filialaren % 100 kontrola dezan.
Finantzen Euskal Institutuak (FEI) eta COFIDESek NBI Bearings Europe konpainia nazioartean heda dadin babesten dute, baterako eragiketa baten bidez —erakunde bakoitzak milioi bat euro jarriko ditu—.COFIDESek FIEX funtsaren bidez eta bere baliabideen bidez bideratuko du finantzaketa, eta, horrela, konpainiak Indian duen industria-ezarpena indartuko du.
Eragiketa hori biltzen da Finantzen Euskal Institutuak (FEI), COFIDESek, Elkargik eta Eusko Jaurlaritzaren Basque Trade & Investment agentziak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei nazioartekotzen laguntzeko duten lankidetza-hitzarmenaren barruan. Horretarako, atzerrian ezartzea erraztuko duten finantza-tresnak eta laguntza-zerbitzuak sustatu eta koordinatuko dira.
Eragiketa horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko NBI Bearings konpainiak, doitasuneko errodamenduak eta osagai metalikoak fabrikatzen espezializatutako konpainiak, abangoardiako industria-teknologiaz hornitutako ekoizpen-planta berria osatuko du, Indiako bazkide zenari akzioen gainerako % 35 erosi ondoren —kapitalaren % 100 bere esku egon dadin—.Horrela, osorik amaitzen da inbertsio-proiektua, eta haren jabe bakarra bihurtuko da.
Proiektuari esker, NBI Bearings konpainiak hazte-ahalmen handia duen merkatuetako batean duen presentzia industriala sendotuko du, funtsezkoa baita konpainiaren hedapeneko eta produkzio-dibertsifikazioko estrategia globalean. Era berean, eragin positiboa izango du bi herrialdeetan enplegu kualifikatua sortzeko eta Espainiak Indiako filialera egiten dituen esportazioak handitzeko.
NBI Bearings konpainiak 350 langile inguru ditu. Espainian, Indian eta Errumanian jarduten du, eta nazioarteko presentzia komertziala du Europan, Asian eta Amerikan. COFIDESek, 2019. urteaz geroztik, NBI Bearings konpainiaren nazioarteko hedapenean lagundu du Indian eta Errumanian.
Aritz Beistegui Finantzen Euskal Institutuko Inbertsioen arloko zuzendariaren iritziz, NBI Bearings konpainiarentzako eragiketak agerian uzten du erakundeak industria-enpresei kanpo-hazkundeko prozesuetan laguntzeko duen borondatea, finantzaketa lortzea errazten baitie eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza ahalbidetzen baitu. “Finantzen Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen nazioartekotzea bultzatzen jarraitzen du, proiektu bakoitzaren beharretara egokitutako finantza-tresnen bidez”, eman du aditzera Beisteguik.
Bestalde, Miguel Angel Ladero COFIDESeko Inbertsio saileko zuzendari korporatiboak adierazi duenez, “azken urteotan NBI Bearings konpainiari zenbait proiektutan lagundu diogu, eta oso pozik gaude konpainia horri nazioarteko merkatuetan hazten eta sendotzen laguntzeagatik”. Gainera, COFIDESen eta Finantzen Euskal Institutuaren arteko lankidetza nabarmendu du, “nazioarteko bokazio argia duten Espainiako enpresa industrialei laguntze aldera”.
Javier Raya NBI Bearings konpainiako finantza-zuzendariak aditzera eman duenez, “eragiketa hau urrats erabakigarria da nazioartean hazteko gure estrategian, India gisako funtsezko merkatu batean gure industria-ahalmena indartzen baitu eta autonomia eta kontrol operatibo handiagoko eredu baterantz aurrera egiten baitugu. Prozesu horretan, funtsezkoa izan da COFIDES eta Finantzen Euskal Institutua gisako erakundeen babesa, zenbait urtetan lagundu baitiote NBI Bearings konpainiari bere beharretara egokitutako finantza-soluzioen bidez, eta modu erabakigarrian lagundu baitute konpainiaren hedapen-proiektuak gauzatzen. Lankidetza publiko-pribatu horrek agerian uzten du zer garrantzitsua den industria-garapenarekin eta gure herrialdeko enpresa-sarearen nazioartekotzearekin konprometituta dauden bazkideak izatea”.
FINANTZEN EUSKAL INSTITUTUARI BURUZ
Finantzen Euskal Institutua (FEI) Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza eta kreditu publikoko politikaren tresna gisa jardutea du helburu.
Finantzen Euskal Institutua 2008an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren barruan zehaztutako garapen ekonomiko eta sozialerako politiken zerbitzura dagoen finantzaketa-erakunde publiko bihurtzeko erronkarekin; baita enpresetan parte hartzeko erronkarekin, betiere administrazio horren tresna industrial, enpresarial eta korporatiboekiko sinergian, eta Euskadiko finantza- eta inbertsio-ekosistema dinamizatzeko erronkarekin ere.
COFIDES-I BURUZ
COFIDES Estatuko finantza-funtsak kudeatzen dituen Estatuko merkataritza-sozietatea da. Estatuko finantza funtsez gain, baliabide propioak eta hirugarren erakundeenak ere kudeatzen ditu, zenbait helbururekin: Espainiako ekonomia nazioartekotzea, atzerriko inbertsioa Espainiako sektore estrategikoetara erakartzea, Espainian inpaktuko ekonomia sustatzea eta inbertitzen duen herrialdeen garapenean laguntzea. Estatuaz gain, sozietatearen akziodunen artean daude Banco Santander, Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA), Banco Sabadell eta CAF-Banco de Desarrollo de América Latina.
NBI BEARINGS KONPAINIARI BURUZ
NBI Bearings Europe konpainia euskal jatorria duen Espainiako industria-enpresa bat da. 2002an sortu zen eta doitasunezko errodamenduak eta balio erantsi handiko osagai metalikoak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen espezializatu da. Konpainia sektore zorrotzentzako soluzioak eskaintzean oinarritzen da: industria-makineria, energia-sektorea, jasotze-sektorea, sektore elektrikoa, automobilgintza, aeronautika eta abar. NBI konpainiak ingeniaritza propioa, fabrikazioa eta nazioarteko sare komertziala uztartzen dituenez gero, bezero bakoitzaren behar tekniko espezifikoetara egokitu daiteke. Azken urteotan, konpainiak nazioartekotze eta integrazio industrialerako estrategia argia bultzatu du, eta, horretarako, produkzio-ahalmena handitu du eta India gisako merkatu garrantzitsuetan duen posizionamendua indartu du.
BASQUE TRADE & INVESTMENT AGENTZIARI BURUZ
Basque Trade & Investment Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-agentzia da eta SPRI Taldearen barruan dago. Agentziaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen presentzia globala sustatzea. Kanpoko merkatuetan sartzeko babes- eta laguntza-zerbitzuak eskaintzen ditu, barnean direla aholkularitza estrategikoa, nazioarteko ezarpena eta negozio-aukerekiko konexioa, kanpoko bulego-sarearen bidez.
Era berean, atzerriko inbertsioa Euskadira erakartzen laguntzen du, eta beste eragile batzuekin elkarlanean jarduten du, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartu daitezen.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)