- 2028 eta 2029 bitartean entregatuko diren bederatzi konboiak egiteko ia 49 milioi euroko inbertsioa egingo da
- 44 metro eta 7 modulu izango dituzte, eta aurrerapenak izango dituzte irisgarritasunaren eta bidaiako erosotasunaren esparruan.
Javier Seoane Euskotren Sozietate Publikoko Zuzendari Nagusiak eta Javier Iriarte CAFeko Ibilgailuen Zuzendari Nagusiak gaur bederatzi tranbia estraluzeak egiteko kontratua sinatu dute. Tranbia horiek ezinbestekoak dira Gasteizko tranbiaren Zabalganako adarra martxan jartzen denean zerbitzua eskaini ahal izateko. Tranbia horiek ezinbestekoak dira zerbitzua eman ahal izateko Vitoria-Gasteizko tranbiaren Zabalganako adarra martxan jarri ondoren. Bederatzi konboiak egiteko 48.801.000 euroko inbertsioa egingo da, eta 2028 eta 2029 bitartean entregatuko dira. Hala, bederatzi konboiak Euskotrenen esku egongo dira tranbia Zabalganara iristen denerako eta Betoñoko kotxetegi berriak eraikita daudenerako.
Bederatzi unitate horiez gain, CAFek parkeko piezak (mantentze-lanetarako ezinbestekoak diren ordezkoak) hornituko ditu ere, ia 4 milioi euroko zenbatekoan, bai eta gidatze-simulagailu bat ere, 1.190.000 euroan.
Irisgarritasun hobea eta erosotasun handiagoa
Tranbia berriak (7 modulu, 44 metro luze eta 400 pertsonarentzako lekua) egun zirkulazioan dabiltzan zazpi unitate estraluzeak bezain luzeak izango dira, eta une honetan fabrikatzen ari diren hirurak bezain luzeak ere. Ezaugarri teknikoen artean dago bidaiako erosotasuna hobetzea, bero handiko egunei aurre egingo dien klimatizazio-sistema berri baten bidez.
Gainera, fabrikatzen ari diren hiru unitateetan zein erosi berrikoetan, neurri espezifikoak ezarriko dira irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egiteko; hau da, pertsona guztiek izan dezaten aukera-berdintasuna garraiobide publiko egokitua eta inklusiboa erabiltzeko. 2024an, parte hartzeko prozesu luzea egin eta elkarteei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei aktiboki entzun ostean, “Irisgarritasuna Hobetzeko 2024-2030 Plan Estrategikoa” egin zen. Plan horri esker, beharrak hobeto ulertu eta soluzio berriak eskaini ahal izan ziren.
Horrela, zirkulazioan dauden unitate guztiak pisu baxuaren %100 badira ere eta indarrean dagoen araudia betetzen badute ere, 12 tranbia berrietan seinaleak irisgarritasun unibertsaleko parametro berriei jarraituko die, ez dute eserleku tolesgarririk izango espazio gardenagoak sortzeko, eta bereizketa kromatiko bat erabiliko da lehentasunez erabiltzen diren eserlekuetarako, hobeto identifika daitezen. Mugikortasun urriko kolektiboentzako zortzi eserlekuak (adinekoak, haurdunak, haur txikiekin doazenak, etab.) laranja kolorekoak izango dira.
Unitate berriek, egungoek bezala, lehentasunezko ate seinaleztatu bat izango dute mugitzeko, entzuteko eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonak sartzeko eta irteteko. Halaber, gune espezifikoak dituzte, gurpil-aulkietan doazenek eroso eta seguru bidaia dezaten. Gune horiek ateak desblokeatzeko gailuak dituzte, bai eta geldialdiak eskatzeko sakagailuak eta gidatze-kabinarekin komunikatzeko alarma-sistema ere.
Ikusteko desgaitasuna duten pertsonak tranbietan hobeto orientatu daitezen, fabrikatzen ari diren unitate berriek oinez hautemateko lurzoruaren prototipoa izango dute. Prototipo hori Euskotrenek sortu du Euskadiko tranbia-zerbitzurako, eta flota osoan instalatzen hasiko dira, zenbait elkartek (hala nola ONCEk eta Itxaropenak) parte hartu duten probaldia gainditu ondoren.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)