Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak iraungitako txertoen inguruko egoera eguneratu eta jardunaren kronologia osoa xehatu du

Argitalpen-data: 

2026_02_03_consejo_gobierno_3.jpg
  • Detektatutako gorabehera bideratua dago, murriztu egin da, eta zentro gutxi batzuetara mugatuta dago. Familia guztiak ari dira arreta jasotzen
  • ESI guztietan farmaziako profesionalez, txertoen arduradunez, erizaintzako arduradunez eta kudeaketa sanitarioko unitateetako arduradunez osatutako talde espezifikoak sortu dira, 2025ean aplikatutako txerto guztien trazabilitatea zehatz-mehatz berrikusteko

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek abenduan eta urtarrilean iraungitako txerto jakin batzuk erabiltzeagatik detektatutako osasun-gorabeheraren inguruko egungo egoeraren berri eman du gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean.

Sailburuak azaldu duenez, egoera bideratuta dago jada, eta eraginpean egon litezkeen pertsonen hasierako kopurua era esanguratsuan murriztu da. Gaur egun, iraungitako txerto hexabalentearen inokulazioari lotuta detektatutako kasu guztietan deiak egin dira, hitzordua jarri da, historia klinikoa eta txertaketa-kartilla kontrastatu dira, eta, kasu gehienetan, txertaketa berriak egin dira. Azkenean, 23 pertsona txertatu dira berriz: 18 adingabe eta 5 heldu.

Gainera, kontrastatzeko dauden beste 29 pertsonen kasuak egiaztatzen ari dira, baina horrek ez du esan nahi guztiei berriz ere txertoa jarri behar zaienik, kasu askotan erregistro informatikoko akatsak baitira, egun hauetan egiaztatu denez.

Joan den ostegunean txerto tetrabalentearekin eta txerto hirukoitz birikoarekin lotuta ezagutarazi ziren bi gorabeherei dagokienez, hasierako 78 kasu potentzialak 75era murriztu dira oraingoz. Pertsona batzuei txertoa jarri zaie berriz, eta gehienek ordua dute beren historial klinikoa eta txertaketa-kartilla kontrastatzeko.

Sailburuak zehaztu duenez, hasiera batean eraginpean hartutako ESIak 12 zirela aipatu zen, baina berrikuspen xehatuak erakutsi du kasuak bakanak direla eta gorabehera batez ere zentro jakin batzuetan gertatu dela. Gorabeherarik handiena Donostialdeko ESIko Iztietako (Errenteria) Ondarretako (Donostia) eta Usurbilgo osasun-zentroek eta Barrualde Galdakaoko ESIko San Migeleko (Basauri) eta Landakoko (Durango) osasun-zentroek izan dute.

 “Gaur esan dezakegu egoera aldatu egin dela, kasuen kopurua eta hasierako dispertsioa murriztu eta mugatu egin direla, eta osasun-gorabehera bideratuta dagoela”, adierazi du. Hasiera-hasieratik esan dut, eta gaur berriro diot: gure premiak pertsonak eta haien familiak izan ditu ardatz. Haiek izan dira eta dira gure lehentasuna”, gogorarazi du Martínezek.

Aurrera goaz garrantzitsuenean, hots, arrazoiak argitzeko lanean

Familiei eman beharreko arreta bideratu ondoren, gertatutakoa zehatz-mehatz aztertzeko eta osasun-gorabehera eragin duten arrazoiak identifikatzeko ahaleginak egingo ditu orain Osasun Sailak.

Sailburuak behin eta berriz aipatu duenez, Osakidetzak, erreferentziazko osasun-sistema den aldetik, “ezin du horrelako gorabeherarik bere gain hartu”, eta azpimarratu du iraungitako txertoen inokulazioak ondorio kaltegarririk sorrarazten ez badu ere, ezin dela onartu horrelako akats bat berriz gertatzea.

Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordeak hasitako lanaz gain, ESI guztiek txerto baten trazabilitatean esku hartzen duten eta arlo horretan erantzukizuna duten profesionalez (hala nola farmaziako profesionalez, txertoen arduradunez, erizaintzako arduradunez eta kudeaketa sanitarioko unitateetako arduradunez) osatutako talde espezifikoak sortu dituzte, 2025ean aplikatutako txerto guztien trazabilitatea zehatz-mehatz berrikusteko (gripearen eta koronabirusaren txertoen kasuan izan ezik, urteko kanpainako txertoak baitira). ESI bakoitzeko gerenteek zuzendutako lan horren barruan, txertoak jasotzeko, jartzeko eta iraungitzeko daten arteko koherentzia berrikusten da, sistemaren segurtasuna indartzeko eta txertaketan “zero akatsa” lortzeko irizpidean aurrera egiteko.

Sailburuak azpimarratu duenez, “ez da epaitzeko unea, erantzukizuna eta lankidetza agertzekoa baizik”, eta profesional guztiei konpromisoa eskatu die Osakidetzarekin eta euskal gizartearekiko hurbiltasuna eta enpatia agertuko duen kalitatezko osasun-arretarekin.

Zorroztasunean, segurtasunean, zuhurtasunean eta gardentasunean oinarritutako kudeaketa

Urtarrilaren 15ean lehenengo kasua detektatu zenetik, Osasun Sailak lau printzipioren arabera jokatu du: zorroztasuna, segurtasuna, zuhurtasuna eta gardentasuna.

Jarduteko ardatz hirukoitz bat abiarazi zen berehala: Osakidetzako ESIetan txerto hexabalenteak izan duen erabilera arakatzea, familiekin harremanetan jartzeko eta haiei arreta emateko baliabidea prestatzea, eta agintaritza eskudunekin kontraste zientifikoa egitea (laborategi fabrikatzailearekin, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziarekin eta Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearekin).

Hiru erakundeak bat etorri ziren hasieratik funtsezko premisa batean: iraungitako txertoaren inokulazioak ez du ondorio kaltegarriak jasateko arriskurik sortzen pertsonentzat. Ondorio horri esker, bizkor lan egin ahal izan da, baina behin betiko jarraibideak eta berriz txertatzeko indikazioak zehaztu aurretik ahalik eta irizpide zientifiko onena izateari uko egin gabe.

Sailburuak berretsi du ez duela kudeaketa sanitarioa gardentasun arduratsurik gabe ulertzen, eta egoeraren bilakaeraren eta hartutako erabakien berri emateko urtarrilaren 27az geroztik egindako agerraldi publikoak gogorarazi ditu.

Erregistro-sistemen berrikuspena

Azken egunetan egiaztatu da gorabeheren zati garrantzitsu bat erregistro informatikoko akatsen ondorioz gertatu dela. Izan ere, aplikazioak lehenetsita zuen aurreko txerto baten iraungitze-data gordetzea, txerto berriarena eskuz sartzen ez bazen.

Osasun Sailak sistema hori berrikusteko konpromisoa hartu du, horrelako akatsen bat berriro gerta ez dadin eta tresna informatikoak datuak behar bezala sartuko dituela eta akatsak gertatzeko aukera minimizatuko duela berma dadin.

URTARRILAREN 15ETIK AURRERAKO KRONOLOGIA OSOA

Ondoren, lehen kasua detektatu zenetik Osasun Sailak eta Osakidetzak egindako kudeaketaren kronologia osoa xehatuko da:

  • 2026/01/15
    • Iztietako (Errenteria) osasun-zentroan iraungitze-data amaitua (2025/10/31) zuen txerto hexabalente inokulatu baten lehen kasua detektatu zen, eta loteak berehala arakatzen hasi ziren zentro horretan.
  • 2026/01/16
    • Lehen kontsulta bat egin zitzaion txertoa fabrikatu zuen laborategiari, jarduteko irizpide zientifikoa eskatzeko.
    • Egun horretatik bertatik, eraginpean egon litezkeen familiekin harremanetan jartzeko baliabidea prestatu zen, Donostialdeko ESIarekin hasita, eta, ondoren, gainerako ESIekin, kasuak identifikatu ahala.
  • 2026/01/19
    • Kasu posibleen arakatze sistematikoa hasi zen Osakidetzaren ESI guztietan, eta jarritako txertoen loteak eta erregistroak berrikusi ziren.
  • 2026/01/20
    • Jarduteko irizpidea eskatu zitzaien Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari (AEMPS) eta Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeari (ETAB).
  • 2026/01/21
    • Iraungitako dosien 262 erregistroren (253 pertsonaren) identifikazioa osatu zen Osakidetzako 12 ESItan eta zentro pribatu batean.
    • Laborategi fabrikatzaileak lehen txosten bat egin zuen, eta 101 kasutan berriz txertatzea gomendatzen zuen bertan.
    • AEMPS erakundeak aurretiazko jakinarazpen bat igorri zuen, eta berriz ez txertatzea gomendatzen zuen bertan.
    • Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeak banakako balorazioaren aurretiazko irizpide bat aurreratzen du, bai eta guztiak berriro txertatzeko gomendioa ere.
  • 2026/01/22
    • Egoera aztertu da, egiaztatutako hiru erakunde zientifikoen gomendio kontrajarriak kontuan hartuta.
  • 2026/01/23
    • Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeari laborategiaren eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren gomendioak (bat ez zetozenak) kontuan hartuko zituen jarraibide zientifiko argi bat eskatu zitzaion.
  • 2026/01/26
    • Euskadiko Txertoen Aholku Batzordea presentzialki bildu zen eskuragarri zegoen informazio guztia (laborategiaren eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren txostenak) aztertzeko.
    • Euskadiko Txertoen Aholku Batzordea bilduta zegoen bitartean, AEMPSeko Produktu Biologikoen Zerbitzuko burutzak jakinarazi zuen behin betiko txosten bat bidaliko zuela ahalik eta lasterren, eta lasaitasun-mezu bat eta berriz ez txertatzeko gomendioa helarazi zuen berriz.
    • Egun horretan bertan, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen aurretiazko ondorioak jaso ziren posta elektronikoz (behin betiko txostena egiteko geratzen zen), eta hasieran eraginpean hartutako pertsona guztiak berriz txertatzea gomendatzen zen.
    • ESI guztiei jakinarazi zitzaien prest egoteko eraginpean hartutako familia guztiekin bizkor harremanetan jartzen hasteko, Aholku Batzordearen behin betiko irizpena jasotakoan.
  • 2026/01/27
    • 15:30ean, Osasuneko sailburuak Osasun Batzordeko EH Bilduko legebiltzarkide baten deiari erantzun zion, eskuragarri zegoen informazioa eman zion, eta pertsonentzat arriskurik ez izatean eta irizpide zientifiko egiaztatuarekin jarduteko beharrean oinarritutako kudeaketa-ikuspegia azaldu zion.
    • Handik minutu batzuetara, informazioa komunikabideei filtratu zitzaien.
    • Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen aurretiazko informazio eskuragarriarekin, eraginpean hartutako familiekin harremanetan jartzen hasteko, heiei gertatutakoa azaltzeko eta Txertoen Aholku Batzordeak behin-behinean gomendatutako baldintzetan berriz txertatzeko prozesua adierazteko agindua eman zitzaien ESI guztiei.
  • 2026/01/28
    • Goizean, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak behin betiko txostena egin zuen, eta azaroan jarritako txertoak iraungitzat hartzen ez zirela argitzen eta kasu horietan berriz inola ere ez txertatzea gomendatzen zuen bertan.
    • Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren behin betiko txostena Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeari igorri zitzaion, berriz bildu zedin eta azken gomendio bat landu zezan.
    • Arratsalde horretan bertan, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeak bere behin betiko txostena bidali zuen (19:00ak aldera), eta azken irizpidea ezarri zuen bertan: abenduan eta urtarrilean txertatutako pertsonak soilik berriz txertatzea (103 pertsona guztira).
    • 20:00etan, Osasuneko sailburua jendaurrean agertu zen, behin betiko irizpidearen eta berriz txertatu beharreko pertsonen azken kopuruaren berri emateko.
    • Gauez, ESI guztiei jakinarazi zitzaien familiei berriz deitzeko, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen behin betiko irizpidea kontuan hartuta.
  • 2026/01/29
    • Berriz txertatzeko identifikatutako 103 pertsonen historia klinikoen azterketa xehatua egiten hasi zen.
    • Erregistro-akats ugari detektatu ziren (behar bezala jarritako txertoak, baina sisteman gaizki kontsignatuak), eta horrek baieztatu zuen kasu askotan txertoak data egokiarekin jarri zirela.
    • Sailburua berriro agertu zen 24 ordutan egoera kontrolatuta zegoela jakinarazteko: berretsi egin zen berriz txertatu beharreko pertsonen kopurua murriztu egin zela (30 kasu inguru), detektatutako hiru gorabehera berriak azaldu ziren (Basurtun, txerto hexabalentea, tetrabalentea eta hirukoitz birikoa), Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea sortu zela iragarri zen, eta 2025ean jarritako txerto guztiak berrikusteko konpromisoaren berri eman zen.
    • Osasun Publikoak instrukzio bat bidali zion Osakidetzako Zuzendaritzari, eta ESIekin partekatu zen. Bertan, gorabehera berrietan jarduteko jarraibideak jasotzen ziren (deiak eta txertaketa berria).
  • Ondorengo egunak (2026/01/30etik aurrera)
    • Ordua jartzeko prozesuarekin, historien kontrastearekin eta, zegokionean, txertaketa berriarekin jarraitu zen.
    • Azkenean berriz txertatu beharreko pertsonen benetako kopurua 23 zela (18 adingabe eta 5 heldu) eta gainerako kasuak, neurri handi batean, erregistro-akatsei lotuta zeudela berretsi zen.
    • Iraungitako txerto hexabalentearen kasuak bereziki Iztietako (Errenteria) eta Ondarretako osasun-zentroetara mugatu ziren bereziki, eta gainerako gorabeherak kasu bakantzat hartu ziren.
    • 2025ean jarritako txertoen berrikuspen zehatza abiarazi zen, baita talde espezifikoen lana ere ESI guztietan, trazabilitatea eta kontrol-sistemak indartzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)