Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak arduraz jokatzeko eskatu die Osasun ministerioari eta Greba Batzordeari, medikuen gatazka desblokeatu eta pazienteak babesteko

Argitalpen-data: 

Consejero_Salud_GV_3.JPG

Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak adierazpena egin du gaur Lurralde arteko Osasun Kontseiluak Madrilen egingo duen bileraren aurretik. Osasun Ministerioaren Estatutu Markoaren aurka medikuen grebak izango duen eragina jorratuko da bileran.

 “Ministerioak aintzat hartu du autonomia-erkidegoen eskaera eta, azkenean, gaur azalduko du zein puntutan dagoen Estatutu Markoaren negoziazioa”, adierazi du sailburuak. “Ministroen Kontseiluan izapidetu behar den Lege bati buruz ari gara, Kongresutik eta Senatutik pasatu behar da, eta beharrezkoak diren txosten juridikoak, ekonomikoak eta funtzio publikoari dagozkionak izan behar ditu. Beraz, argi eta garbi, estatuaren eskumena da hori”, nabarmendu du.

Euskadiko Osasuneko arduradunak arduraz jokatzea eskatu die Monica García Osasun ministroari eta Greba Batzordeari, gatazka desblokeatzeko; krisi honek milaka pazienteri zuzenean eragiten diela gogorarazi du. “Abendutik martxora bitartean, 300.000 pertsonari baino gehiagoren osasun-arretari eragin dio Euskadin. Egoera jasanezin honen benetako kaltetuak dira. Ahalegin handia egin ondoren, itxarote-zerrendetan pandemiaren aurreko zifretara itzuli ginen, eta orain itxarote-denborak luzatzen ari dira berriro”, azaldu du.

Sailburuak emandako datuen arabera, grebaren ondorioz, bertan behera utzi dira lehen mailako arretako 150.000 kontsulta baino gehiago, espezilisten 145.000 kontsulta, 8.000 ebakuntza inguru eta ia 60.000 proba osagarri ez dira egin.

 “Eusko Jaurlaritza beti izan da propositiboa. Baina estatuko legea da, eta Ministerioari dagokio arazo hau bideratzea. Pazienteek ezin dute zain egon”, esan du sailburuak, eta bilerara “itxaropenez” joango direla esan du, “lehenengo ministroari entzuteko zain”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)