Eusko Jaurlaritzak Zabalgana auzoko DBH institutu berriaren obrak hasi ditu, Gasteizko Aldaialde HHI osatzeko

Argitalpen-data: 

  • Eraikin berriak DBHko hiru lerro hartuko ditu, 12 talderekin, eta Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren barruan kokatzen da.
  • Bigarren Hezkuntzako eraikina Aldaialde HHIko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearen ondoan eraikiko da (2024-2025 ikasturtean inauguratua), hezkuntza eskaintza koherente eta funtzionala osatuz.

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren bitartez, Aldaialdeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eraikin berriaren obrak hasi ditu Gasteizko Zabalgana auzoan. Jarduketa horri esker, ikastetxe publiko integratua osatuko da, eta hezkuntza publikoaren sarea indartuko da Arabako hiriburuko hazkunde betean dagoen eremu batean, auzo berean Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara arteko ibilbide osoa eskainiz.

Eraikin berriak DBHko hiru lerro hartuko ditu, 12 talderekin, eta Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren hedapenean kokatzen da. Estrategia hori Hezkuntza Sailaren ibilbide-orria da, Euskadi hezkuntza-azpiegitura moderno, irisgarri eta jasangarriz hornitzeko, egungo metodologia pedagogikoekin eta hezkuntza-komunitatearen beharrei erantzunez.

Bigarren Hezkuntzako eraikina Aldaialde HHIko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearen ondoan eraikiko da (2024-2025 ikasturtean inauguratua), eta guztira 14.192 metro koadroko azalera duen hezkuntza eskaintza koherente eta funtzionala osatuko du. Bi azpiegiturak ibilbide estali eta irisgarrien bidez lotuta egongo dira, bai barrualdean bai kanpo-espazioetan, ikastetxe integratuaren ideia indartuz eta ikasleen elkarbizitza zein hezkuntza-jarraipena erraztuz.

11 MILIOI EURO, 18 HILABETEKO OBRAK

Institutuko obrak aste honetan hasi dira, eta 18 hilabeteko gauzatze-epea izango dute aurreikusita, 11.065.536,74 euroko inbertsioarekin.

Proiektuak 4.546,26 metro koadroko eraikin bat aurreikusten du, sotoan, behe-solairuan eta goiko bi solairutan banatua, eta irisgarritasun unibertsaleko, ingurumen-jasangarritasuneko eta hezkuntza-malgutasuneko irizpideak oinarri hartuta diseinatu da. Institutu berriak hegoaldera orientatutako gelak eta argi naturala duten espazioak izango ditu, sarrera independentea duen liburutegia, kirol-pista estaliarekin konektatutako gimnasioa, eta metodologia aktiboak zein lankidetza-lana errazten dituzten espazio polibalenteak.

Era berean, ikastetxearen diseinuak garrantzi berezia ematen die kanpo-espazioei, ikaskuntza gelatik harago zabaltzen duen hezkuntza-parke urbano gisa ulertuta. Bereziki nabarmentzekoa da 660 metro koadroko eremu zentral bat, harmaile txiki batekin, hezkuntza- eta komunitate-jardueretarako; baita aire libreko jarduera didaktikoak garatzeko bi kanpo-ikasgela ere, berdegune irisgarriekin eta elkarbizitza sustatzen duten ibilbideekin batera.

Eraikinak, gainera, jasangarritasun-irizpide aurreratuak txertatzen ditu: plaka fotovoltaikoen instalazioa, aerotermia-sistemak, isolamendu termiko handiko fatxada transaireztatuak, eta zubi termikoaren haustura duten arotzeriak eta emisio baxuko beirak, energia-eraginkortasunaren eta ingurumen-inpaktua murriztearen helburuekin bat eginez.

HEZKUNTZA ERAIKI 2030

Zabalgana auzoko institutu berri honen proiektua Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren bidez, Euskadiko hezkuntza-azpiegiturak modernizatzen ari dira, 750 milioi euroko inbertsio globalarekin eta 250 jarduketa baino gehiagorekin, ikasteko modu berrietara egokitutako espazio inklusibo, jasangarri eta egokiak bermatzeko helburuarekin.

Jarduketa honekin, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat ematen du Aldaialde HHIa osatzeko eta auzoko hezkuntza-eskariari erantzuteko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikin berri baten bidez. Eraikin horrek pixkanaka 300 ikasle hartuko ditu, ikastetxeko Haur eta Lehen Hezkuntzako 700 ikasleei gehituz.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)