- Sustapenak logela bateko eta biko hiru bloke aurreikusten ditu, 25 milioi euroko inbertsioa ekarriko du eta oinarri du AMAri enkargatutako aurreproiektua, 2025eko Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Saria irabazitako estudioari
- Sailak Udalari bidali dio partzelen eraikuntza antolatzen duen xehetasun-azterketa, onartu ondoren lurzoruaren lagapen eraginkorrerantz aurrera egitea ahalbidetuko duena
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariarekin batera, Donostiako Morlans auzoan 178 zuzkidura-apartamentu eraikitzeko proposamena aurkeztu du gaur, 25 milioi euroko inbertsioa duen proposamena, 2029an obrak hasteko helburuarekin. Sustapena Morlans Beheran 3.451,92 metro karratuko zuzkidura-lurzoruan garatuko da, eta ahalbidetuko du Gipuzkoako hiriburuan arrazoizko bizitokien eskaintza publikoa zabaltzea.
Proiektua Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak 2020ko apirilean sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Hitzarmen horretan, Udalak Morlanseko partzelak, 180 zuzkidura-apartamentu eraikitzeko edukierakoak, hautatu eta Sailaren esku utzi zituen, Eusko Jaurlaritzak sustapena gara zezan. Udalaren enkargu hau orain arkitektura- eta hirigintza-garapenean aurrera doan jarduketa baten abiapuntua da. Aurkezpenean izan dira, halaber, AMA Architectural Office estudioko Jaime Gutiérrez Armendariz eta Itziar Molinero Miranda arkitektoak, multzoaren konfigurazio arkitektonikoa definitzen duen aurreproiektuaren arduradunak.
Ekimenak 178 apartamentutan zehazten du 180ko hasierako aurreikuspena, eta logela bateko 132 unitate eta bi logelako 46 hartzen ditu. Guztiek izango dute kanpoko espazioa, balkoi, terraza edo patioen bidez. “Donostiak etxe bat eskuratzeko aukera gehiago behar ditu”, nabarmendu du Itxasok, eta hau gaineratu du: “Morlansen lurzoru publikoa 178 zuzkidura-apartamentu bihurtu nahi dugu, espazioa ondo aprobetxatuko duen eta auzoan integratuko den kalitatezko arkitektura batekin”. Nabarmentzekoa da sailburuak eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak aste honetan bertan topaketa bat izan dutela Morlanseko auzo-elkartearekin, proiektuaren berri emateko eta proposamenaren xehetasunak helarazteko.
Partzelaren ingurunera eta desnibelera egokitutako arkitektura
Multzoa altuera mailakatuetako hiru bloketan antolatuta dago, horietako bat bi bolumenetan banatuta, topografiara egokitzeko eta Morlans hiribidetik trantsizio progresiboa ahalbidetzeko asmoz. Proposamenak altuera desberdinak konbinatzen ditu —beheko solairu eta zazpi altuerakotik hasi eta beheko solairu eta hamaika altuerakoraino—, lurzoruaren okupazioa eta eraikuntzaren integrazioa optimizatzeko. Apartamentuen antolamenduak eguzki-orientazioa, argiztapen naturala eta aireztapena aprobetxatu nahi ditu, barneko konforta errazteko eta klimatizazio-beharra murrizteko. Diseinuak etxebizitzei lotutako kanpoko espazioak ditu, eta konfigurazio iragazkorra planteatzen du, tarteko espazioekin eta bolumenen arteko konexioekin.
Aurreproiektuak hormigoizko elementu prefabrikatuen eta lehorreko eraikuntza-soluzioen bidez industrializatutako eraikuntza-sistema bat aurreikusten du, muntaketa-prozesuak sinplifikatzeko, kostuen kontrola hobetzeko eta faseka gauzatzea errazteko. Partzelaren desnibelak aukera ematen du aparkalekurako ibilgailu-sarbidea ekialdeko muturretik integratzeko. Jarduketak 70 aparkaleku aurreikusten ditu ibilgailuentzat, 267 plaza bizikletentzat eta 800 metro karratu inguru ekipamendu publikorako.
Lursailen lagapenean aurrera egiteko hirigintza-urrats bat
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ostiral honetan bidali dio Donostiako Udalari xehetasun-azterketa, Blas Urbizu arkitektoak idatzia eta AMAren proposamen arkitektonikoarekin koordinatua. Dokumentuak bolumenen antolamendua eta eraikuntza ezartzeko baldintzak zehazten ditu, eta sustapena garatzeko hurrengo hirigintza-urratsa da.
Jarduketa Udalarekin 2020ko apirilean sinatutako hitzarmenaren parte da, eta hitzarmen horrek Loiolako Erriberako 83 zuzkidura-apartamentuak ere hartzen ditu. Lursailak lagatzeko eta onartzeko akordioak dagoeneko onartu dituzte Tokiko Gobernu Batzarrak eta Gobernu Kontseiluak. Morlanseko partzelen lagapena eraginkorra izan dadin, hirigintza-tresna onartu beharko da, akordio haiek berriro onartu beharrik gabe.
Era berean, Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legeak aukera ematen du jarduketa hau xehetasun-azterketa baten bitartez bideratzeko, plan berezi baten ordez. Sailak estimatzen du tramitazio hau urtebete inguru barru osa daitekeela, Loiolako Erriberako plangintzak eskatu zituen hiru bat urteren aldean. “Hirigintza-erreformek herritarrentzat irabazitako denbora ekarri behar dute. Morlansen tresna arinagoa dugu aurrera egiteko, eta dagoeneko onartutako lagapen-akordioak ditugu. Orain tramitazioa osatu behar dugu konpromiso hauek apartamentu publiko berri bihur daitezen”, adierazi du sailburuak.
Obrak 2029an hasteko helburua
Jarduketaren egutegiak aurreikusten du 2027an xehetasun-azterketa tramitatzea eta 2028an proiektua eta obra batera lizitatzea. Formula horri esker, gauzatzea 2029-2030 aldian kokatu ahal izango litzateke, proiektuaren eta obren kontratazio bereizi baterako aurreikusitako 2031-2033 horizontearen aldean.
Hortaz, hirigintza-onarpenari, lurzoruaren lagapen eraginkorrari eta baterako kontratazioaren bideragarritasunari lotutako plangintza-helburu gisa planteatzen da eraikuntzari 2029an ekitea. Apartamentuen kopurua eta behin betiko ezaugarriak proiektua garatzen den bitartean zehaztuko dira, gaur aurkeztutako aurreproiektuan aurreikusitako 178 apartamentuetatik abiatuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)