Eusko Jaurlaritzak Wine Shapers sustatzen du Euskadiko ardo eta gastronomia-ereduaren nazioarteko erakusleiho gisa

Argitalpen-data: 

WINESHAPERS.jpg
  • Gazte talentuen hitzaldiek, Arabako Errioxako eta Getariako ibilbideek eta Arabak0 ekimenak ardoa, lurraldea eta landa-garapena mundu osoko ekoizle gazteen aurrean proiektatuko dituzte
  • “Wine Shapersek hausnarketa lurralde eta esperientzia erreala bihurtzen du, belaunaldiz belaunaldi ardoaren kulturatik konektatuz”, azpimarratu du Amaia Barredok

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, EDA Drinks & Wine Campus, Arabako Foru Aldundia eta sektoreko beste eragile batzuekin batera, martxoaren 5etik 7ra Wine Shapers antolatu du, Euskadin eta Europan ardoaren profesionalen belaunaldi berria ikusarazi, konektatu eta indartzera bideratutako International Young Talents Summit delakoaren lehen edizioa.

Hiru egunez, 40 urtetik beherako 200 ekoizle gazte baino gehiago elkartuko dira Bordele, Piemonte, Napa Valley, Txile, Australia eta beste hainbat ardo- eskualdetatik etorrita, jasangarritasunari, merkatuari eta komunikazioari buruzko ikuspegi berritzaileak partekatzeko, eta Euskadi etorkizuneko mahastizaintzaren erreferentziazko lurralde gisa sendotzeko.

Beste jardueren artean, martxoaren 6an bost ibilbide egingo dira aldi berean Getarian, Bastidan, Ziekon, Samaniego-Villabuenan eta Guardian; hogei upategik baino gehiagok ateak irekiko dizkiete profesional gazte hauei. Ibilbide hauek ez dira bisita turistiko edo instituzional hutsak, ardoaren oraina eta etorkizuna gidatzen ari diren pertsonen arteko topaketak baizik.

“Italiatik, Frantziatik edo Hego Amerikatik etorritako ekoizle gazte bat Euskadiko upategi batean sartzen denean, ez du ardo bat soilik ezagutzen; gure eredua ezagutzen du: kalitatean, bereizgarritasunean eta lurraldearekiko errotzean oinarritua”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.

Geldialdi bakoitzean mahastiaren jasangarritasuna, belaunaldi-erreleboa, marka-identitatea eta ardoaren eta paisaiaren arteko lotura sakona nola lantzen diren erakutsiko da; horiek dira landa-garapen eta gastronomiaren euskal estrategiaren oinarri nagusiak.

Martxoaren 7an gastronomia-esperientzien blokea egingo da Arabak0 kolektiboarekin elkarlanean; bertan, tokiko eta nazioarteko sukaldariek tokiko produktua eta ardoarekiko elkarrizketa balioan jarriko dituzten menu uztartuak prestatuko dituzte. Ardatz honek sailaren ikuspegi estrategiko bati erantzuten dio: ardoa ez soilik produktu gisa ulertzea, baizik eta kultura, paisaia eta ekonomiaren elementu bateratzaile gisa.

Ibilbideek eta gastronomia-esperientziek erakusten dute gastronomia eta ardoa ez direla mundu isolatuak, baizik eta Euskadirentzat balio erantsi beraren bi adierazpen osagarri. Biek laguntzen dute jarduera ekonomikoa, enplegua eta landa-eremuan biztanleria finkatzea sustatzen; hori lehentasun instituzionala da, eta sailak programen, laguntzen eta upategiei zein proiektu berriei emandako laguntzaren bidez lantzen du.

Wine Shapersek, beraz, eginkizun bikoitza betetzen du: Euskadiko ardo eta gastronomia-ereduak nazioartean proiektatzea eta ardoaren rola landa eta kultura-garapenaren elementu estrategiko gisa indartzea.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi honen bidez berresten du upategiak jasangarritasunerantz, berrikuntzaranz eta merkatu berrietara irekitzearen bidean laguntzeko konpromisoa, lurraldea, paisaia eta ezagutza partekatua uztartzen dituen ikuspegiarekin.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)