- Sustapenak 4 milioi eurotik gorako obra-aurrekontua du, eta 24 hilabete inguruko gauzatze-epea
- Etxebizitzak 60 eta 69 m² erabilgarri artekoak izango dira, eta bi logela, egongela-sukalde-jangela, bainugela, balkoia eta esekitokia izango dituzte
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Sestaoko alkate Gorka Álvarezek, gaur goizean, Los Baños kaleko 49-51 zenbakietan (Txabarri - El Sol BIE birgaitze integratuko eremuan) Eusko Jaurlaritza egiten ari den babes ofizialeko 21 etxebizitzen sustapeneko obrak bisitatu dituzte haien egoera ikusteko. Jarduketa Sestaoko Udalarekin eta Sestao Berri sozietate publikoarekin lankidetzan egiten ari da, eta Euskadin esku hartzeko lehentasunezko auzoetako baten hiri-berroneratze integralerako estrategiaren parte da. Jarduketa gauzatzeko epea 24 hilabetekoa izango dela estimatzen da, barne hartuta aurretiazko jarduketen eta egitura sendotzearen lehen fasea (6 hilabete) eta eraikuntza gauzatzeko bigarren fasea (18 hilabete).
Bisitan Itxasok azpimarratu duenez, “udalerri gutxik erakusten dute Sestaok bezain ondo herentzia industrial konplexu batetik hiri-berroneratzean, jasangarritasunean eta etxebizitza irisgarrian oinarritutako etorkizuneko eredu baterako trantsizioa”. Ildo horretatik, nabarmendu duenez, “sustapen hau ez da jarduketa isolatu bat, baizik eta estrategia iraunkor baten barruko beste pieza bat, Txabarri - El Sol bezalako auzoak biziberritzea, bizitegi-parkea hobetzea eta herritarrentzako aukera berriak sortzea helburu duena”.
Era berean, esku-hartze hauen balio soziala azpimarratu nahi izan du, honako hau nabarmenduta: “pertsonek —bereziki adinekoek— jaio zireneko auzoan geratzeko eta bertan bizitzen jarraitu ahal izateko eskubidearen garrantzia, eta honelako jarduketek etxebizitza duina bermatzen dute lotura komunitarioak hautsi gabe”.
Sailburuak bere sailaren konpromisoen barruan kokatu du jarduketa hau, eta hau adierazi du: “21 etxebizitza berri hauek Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan sustatzeko konpromisoa hartu duen 7.000 etxebizitzaren helburuaren parte dira, bereziki arreta jarrita Sestao bezalako udalerrietan, hiri-berroneratzeko garrantzi handiko prozesuei aurre egiten ari diren udalerrietan".
Ondoren, Itxasok udalerriko inbertsioen jarraitutasuna ere balioetsi du, eta, adierazi duenez, “Txabarri - El Sol eraldaketa erreala eta ikusgarria bizitzen ari da, eraikinak hobetzeaz gain, hemen bizi diren pertsonen ingurunea eta bizi-kalitatea ere hobetzen dituzten jarduketei esker”. Gainera, lankidetza instituzionalaren garrantzia azpimarratu du, prozesu hauek bizkortzeko funtsezko elementu gisa.
Bestalde, Gorka Álvarezek eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari Sestaoren eta Txabarri - El Solen biziberritzearen alde egindako apustuagatik. Alkateak azpimarratu duenez, Los Baños 49-51ren sustapena beste aurrerapauso bat da auzoa eraldatzeko eta udalerrian etxebizitza publikoa handitzeko. “Etxebizitza eskuratzeko bereziki konplexua den une honetan, jarduketa honek erakusten du lankidetza instituzionalak emaitza zehatzak dituela. Aurrera egiten ari gara Sestaoren hiri-berroneratzean, gizarte-kohesioan eta bertan 250 etxebizitza inguru sustatzean, familia askoren benetako premiari erantzuteko”.
Los Baños 49-51ren sustapenak 4 milioi euro baino gehiagoko obra-aurrekontua du (4.055.187,69 eurokoa), eta trastelekudun 21 etxebizitza babestuko eraikin bat egitea aurreikusten du. Horiek, batera, 2.313,71 m²-ko azalera eraikia izango dute. Etxebizitzak 60 eta 69 m² erabilgarri artekoak izango dira, eta bi logela, egongela-sukalde-jangela, bainugela, balkoia eta esekitokia izango dituzte. Proiektua 3000-54 Arquitectos – Arrate ABEEari adjudikatu zaio, eta obrak Altuna y Uria SAk gauzatuko ditu.
Ondarea berreskuratzea eta konplexutasun teknikoa
Txabarri - El Sol birgaitze eta eraberritze integraleko plan bereziko babes-katalogoaren parte ziren 1925ean egindako eraikinak eraistearen ondoriozko orubeen gainean altxatzen da esku-hartze hau. Horregatik, eraikin berriak jatorrizko fatxadak erreproduzitzen ditu, eta elementu bereizgarriak kontserbatzen ditu, hala nola balkoiak, moldurak eta konposizio tradizionala. Ikuspegi teknikotik, jarduketak eskatu du 47. eta 49. zenbakien arteko mehelina indartzea, egitura-horma bat baita, eta, ondorioz, 47. zenbakiko bizilagunak udal-etxebizitzetan birkokatu behar izan dira aldi baterako.
Eraikinak eraikuntza-soluzio aurreratuak ditu, hala nola mikropilote bidezko zimenduak, hormigoi armatuzko egitura, kanpo-isolamendu termikoko sistemadun fatxadak, efizientzia handiko arotzeria eta berokuntzarako eta ur bero sanitariorako ‘district heating’ sarerako konexioa.
Apustu sendoa Sestaoren alde
Joan den otsailaren 16an sailburuak berak eta alkateak Kaiku hiribidean, Vega Galindoko esparruan, babes ofizialeko 180 etxebizitza bisitatu ondoren egin da bisita hau. Etxebizitza horiek uda ondoren entregatzea aurreikusita dago. Bi jarduketek agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak Sestaorekin duen konpromiso iraunkorra, hiri-berroneratzearen eta etxebizitza eskuratzearen arloan udalerri estrategikoetako bat den aldetik.
Jarduketa honek indartu egiten du Sestaon sustatutako esku-hartze integralaren eredua, non instituzioen arteko lankidetzak aukera ematen duen modu koordinatuan aurrera egiteko hiri-berroneratzean, jasangarritasunean eta etxebizitza duin eta eskuragarrirako sarbidean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)