- Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak ohartarazi du berdintasunaren arloak eskubideak ez daudela "kontsolidatuta", ultraeskuina Espainiako zenbait erkidegotan eta Europako hainbat herrialdetan praktikan jartzen ari den "politika atzerakoiengatik”
- 2026-2030 Plan Operatibo berriak 91 neurri jarriko ditu martxan Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde publiko guztietan, ordainsari diskriminazioari aurre egiteko eta emakumeen aukera profesionalak zabaltzeko
- “Gure gizarteko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien inplikazioa eskatzen duen erronka dugu aurrean”, azpimarratu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak
Lan ikuskaritza indartzea, zaintzak profesionalizatzea eta negoziazio kolektiboan genero ikuspegia txertatzea kokatu ditu Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Euskadin emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala murrizten jarraitzeko tresna nagusi.
Asteazken honetan BECen egin den Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresuaren irekiera instituzionalean, Torresek defendatu du ordainsarien arteko desberdintasuna ez dela soilik “alde ekonomikoa”, “justizia, aukerak eta askatasuna” ere badirela. Azaldu duenez, “errealitate horren atzean zaintza ardurek baldintzatutako lan ibilbideak daude, oraindik ere modu desberdinean, eta sektore, lanbide eta erantzukizuneko lanpostu batzuetan emakumeen presentzia ez da nahikoa”.
Torresek, gainera, ohartarazi du azken urteetan lortutako aurrerapenak ezin direla “kontsolidatutzat” jo, “Espainiako edo Europako instituzioetan, berdintasunaren arloko politika atzerakoiak” jarri dituelako martxan ultraeskuinak, ustezko “pribilegioak” ezabatzeko argudioarekin. “Guretzat eskubideak dira”, azpimarratu du.
Hala eta guztiz ere, Lehendakariordeak balioan jarri du du Euskadik aurrerapausoak eman dituela emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasuna murrizteko, sustatu diren politika publikoei esker. Era horretan, nabarmendu du urteko batez besteko irabaziaren soldata arrakala “ia erdira” jaitsi dela, 2016an % 24,4 izatetik 2023an % 12,8 izatera igaro baita; aldiz, lan egindako ordu bakoitzeko soldata aldea % 14,3tik % 3,6ra murriztu da. “Ez dira autokonplazentziarako datuak, baina bai direla itxaropenerako datuak”, adierazi du.
Enpresen, erakunde sindikalen, Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen eta administrazio publikoen konpromisoari egotzi dizkio Torresek aurrerapen horiek, baita berdintasun politiken eta elkarrizketa sozialaren jarraitutasunari ere. Hala ere, ohartarazi du arrakala nomina bat ordaindu baino “askoz lehenago” hasten dela, estereotipoek ikasketak eta lanbideak aukeratzean duten eraginagatik, okerren ordaindutako sektoreetan emakumeen presentzia handiagoa izateagatik, lan partzialtasunagatik edo amatasunari eta zaintzari lotutako ondorio desberdinengatik.
Ildo horretan, Lehendakariordeak azpimarratu du soldata arrakala murriztea ez dela “betebehar etiko bat bakarrik", baizik eta ekonomikoki erabaki “inteligentea" ere badela. “Eskura duen talentu guztia aprobetxatzen ez duen ekonomia bat ez da hain lehiakorra, plantillaren zati baten potentziala alferrik galtzen duen enpresa bat ez da hain berritzailea, eta biztanleriaren erdiarentzat oztopo ikusezinak mantentzen dituen gizartea mantsoago doan gizartea da”, zehaztu du.
Mikel Torresek emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala murrizteko 2026-2030 Ekintza Plan Operatiboaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Kongresuan. Eusko Jaurlaritzako sail guztiak inplikatzen dituzten 91 neurri biltzen dituen ibilbide orria da, enpleguari, hezkuntzari, berrikuntzari, zerbitzu publikoei, prestakuntzari, digitalizazioari eta berdintasunari bereziki lotutako jarduerak dituena.
Aipatutako lehentasunetako batzuk ikuskaritza eta kontrola indartzea izan dira, ordainsari diskriminazio mota ororen aurrean. “Ez da nahikoa eskubideak aitortzea. Eskubide horiek betetzen direla bermatu behar da”, adierazi du Torresek, eta iragarri du enpresetan soldata desberdintasuneko egoerak detektatzeko eta zuzentzeko jarduerak indartuko direla, ordainsarien gardentasunaren arloan aurrerapen berriak egiteaz gain.
Plan operatibo berrian planteatzen den beste eraldaketa handi bat da zaintzak profesionalizatzea eta duintzea. Torres Lehendakariordeak gogorarazi duenez, “soldata arrakalaren zati handi bat lotuta dago erantzukizun horien banaketa desberdinarekin”, bai eta ongizate kolektiborako funtsezkoak diren jardueren gutxiespen historikoarekin ere. Zainketen eremuak kalitatezko enplegua eta aukera profesional berriak sortzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua.
Gainera, Mikel Torresek zuzentzen duen sailak soldata berdintasuna eramango du “lan harremanen bihotzera, Elkarrizketa Sozialaren zeregina indartuz, negoziazio kolektiboan genero ikuspegia txertatuz eta lan hitzarmen eta akordioetan gardentasun eta berdintasun eraginkor handiagoa lortzeko tresnak sustatuz”.
Lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerek soldata-arrailaren murrizketan izan duten “eragin positiboa” ere aipatu du Torresek, baita ordainsarien gardentasunerako eta behin-behinekotasunaren murrizketarako neurrien ekarpena ere. “Desberdintasuna sortzen duten faktoreetan eragiten denean, arrakala murriztu egiten da”, ziurtatu du.
Eragile guztien inplikazioa
Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak plan horrek eskatzen duen inplikazioajarri du balioan: “Gure gizarteko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien inplikazioa eskatzen duen erronka da. Eta horregatik azpimarratu nahi dut III. Plan Operatibo horretan lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako sail guztiak daudela inplikatuta”.
“Eragile guztien inplikazioa behar dugu emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzen jarraitzeko erabakiak hartzean, estereotiporik gabeko lan eta hezkuntza ibilbideetan, enpresetan kontziliazio erantzukiderako neurriak ezartzean, zaintza lanak balioestean eta banatzean eta gizarte aldaketa eta, ondorioz, enpresa kultura sustatuko duen berdintasunean oinarritutako prestakuntzan. Soldata berdintasunaz hitz egiteak esan nahi du gizarteko esparru guztietan berdintasunaz hitz egitea. Berdintasunaz hitz egitea esan nahi du letra larriz”, defendatu du.
“Onartu berri den plan operatiboak ia 100 ekintza biltzen ditu, eta beste bi plan operatibo ditu aurrekari gisa, betetze maila handia izan dutenak. Nire ustez, aurrekaria garrantzitsua da, inplikatutako eragile gehiago eta gehiago sartu dituen lan batetik abiatu baikara. Lan horren azken helburua da 2030. urtean Euskadi soldata arrakala txikiena duen Europako herrialdeetako bat izatea. Herri estrategia baten aurrean gaude, horrek dakarren guztiarekin”.
Eusko Jaurlaritzak politika horiek denboran zehar mantentzeko duen konpromisoa berretsi du Lehendakariordeak. “Euskadi berdinzaleagoa izango da, halaber, Euskadi indartsuagoa, lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta pertsona guztientzako aukera gehiago dituena; izan ere, soldata arrakala txikiagoa duen Euskadi, besterik gabe, Euskadi hobea izango da”, gaineratu du.
Nazioarteko kongresua
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Emakunderen laguntzarekin antolatutako Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresuak erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak eta adituak bildu ditu, emakumeen eta gizonen arteko soldata berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak eta gainditu gabeko erronka nagusiak aztertzeko.
Bosgarren edizio horretan, nazioarteko dimentsioa indartu du kongresuak, Soldata Berdintasunerako Nazioarteko Koalizioaren (EPIC) partehartzearekin. Aliantza hori Lanaren Nazioarteko Erakundeak, NBE Emakumeak erakundeak eta ELGAk sustatu dute, generoagatiko soldata aldeak murriztera bideratutako ezagutzak, politikak eta jardunbide egokiak trukatzeko.
Jardunaldian zehar, ordainsari berdintasun eraginkorrerantz aurrera egiteko funtsezko gaiak jorratuko dira; hala nola, soldata gardentasunari buruzko Europako zuzentarauaren aplikazioa, Ana Carla Pereira EBko Batzordeko Justizia eta Kontsumitzaileen Zuzendaritza Nagusiko Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren zuzendariaren eta Nieves González García Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioko Laneko zuzendari nagusiaren eskutik, soldata arrakalaren arrazoiak eta bilakaera, desinformazioaren eragina, adimen artifizialaren eragina edo immigrazioaren, lan merkatuaren eta generoaren arteko harremana.
Era berean, kongresuan nazioarteko espezialistek hartuko dute parte, eta dibulgazio eta elkarrizketarako espazioak ere izango dira esperientziak partekatzeko, ebidentziak aztertzeko eta politika publikoak indartzeko, lan merkatu bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzen laguntzeko. Horretarako, bertan izango dira María José Carretero García, Mujeres Fundaziokoa; Noemí Ostolaza Arcauz, Emakundeko idazkari nagusia; María Victoria Portugal Llorente, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria; María Luz Rodríguez Fernández, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedraduna; eta Julia Shershneva, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria.
Desinformazioari buruzko mahai inguruan Lorena Fernández, Ana Requena eta Marta Peirano izango dira, Eva Silván moderatzaile dutela. Programa osatzeko, berriz, Divulvadoras podcastaren zuzeneko grabazio berezia egingo da, Isabel Mellén eta Naiara López de Munain gidari direla.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)