- Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak etorkizuneko Nekazaritza Politika Bateratuaren araudiaren negoziazioan azken bi hilabeteetan izandako aurrerapenak nabarmendu ditu
- Mahai gainean dauden proposamenek nekazaritza-politika sinpleago eta malguago baten alde egiten dute, nekazarien eta abeltzainen beharretara hobeto egokitutako laguntzekin
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bilera egin du gaur Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektoreko ordezkariekin, 2028-2034 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) negoziazioan izandako azken aurrerapenen berri emateko.
Bileran, Europako erakundeetan garatzen ari diren negoziazioetan lortutako aurrerapenak aztertu dira. Negoziazio horiek datozen urteetan nekazaritza-sektorearentzako laguntza-esparrua zehaztuko dute.
Mugarri garrantzitsuenetako bat joan den urriaren 26an izan zen, Luxenburgon egindako Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Kontseiluan. Bertan parte hartu zuen Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak. Bilera hartan, Kontseiluak etorkizuneko NPBren erregelamenduari buruzko negoziazio-jarrera partziala adostu zuen, eta horrek aurrerapauso garrantzitsua dakar 2028tik aurrera politika komunitario horren definizioan.
Amaia Barredo sailburuak positibotzat jo ditu azken asteetan izandako aurrerapenak. "Azken asteetan lortutako aurrerapenei esker, NPB sinpleagoa, malguagoa eta gure ustiategien errealitatera hobeto egokitua definitzen has gaitezke. Administrazioaren sinplifikazioan aurrera egin behar dugu, izapide burokratikoak murriztu eta nekazarien zein abeltzainen egunerokoa errazteko. Euskadirentzat funtsezkoa da Europako politikek lehen sektorean egunero lan egiten dutenei babesa ematen jarraitzea, belaunaldien arteko erreleboa sustatzea eta aurrean ditugun erronka ekonomiko, klimatiko eta sozialei aurre egiteko tresna eraginkorrak eskaintzea", adierazi du.
Mahai gainean dauden proposamenek nekazaritza-politika sinpleago eta malguago baten alde egiten dute, nekazarien eta abeltzainen beharretara hobeto egokitutako laguntzekin. Lehentasunen artean daude nekazaritza-jardueran diharduten pertsonei laguntzea, belaunaldien arteko erreleboa sustatzea, ustiategiek arrisku- eta krisi-egoerei aurre egiteko duten gaitasuna indartzea, haien bideragarritasun ekonomikoa hobetzea eta klima- zein ingurumen-helburuak betetzea.
Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak aurrera egin du etorkizuneko Nekazaritzako Merkatuen Antolakunde Erkidearen definizioan. Funtsezko esparrua da, nekazaritza-politika ez baita laguntzetara mugatzen; merkatuen egonkortasuna eta nekazaritza-errenten iraunkortasuna sustatzen dituzten tresnak ere barne hartzen ditu.
Orain arte lortutako akordioek izaera partziala dute, finantza-gaiak Europar Batasunaren 2028-2034 aldirako finantza-esparruaren negoziazioari lotuta jarraitzen baitute. Hala ere, sailburuak aurrerapen horien garrantzia azpimarratu du, etorkizuneko nekazaritza-politika europarrak laguntza-sistema eraginkor bat eta merkatuen egonkortasuna zein nekazaritza-errenten iraunkortasuna indartuko dituzten tresnak uztartu behar dituela nabarmenduz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)